Arreta hobea emateko protokoloa sinatu dute eragile ezberdinek

Tolosaldeko Ataria 2014ko aza. 28a, 10:29

Genero indarkeria eta sexu erasoak pairatzen dituzten emakumeei zuzendua da.

Erakundeen Arteko Jarduerarako eta Koordinaziorako I. Udal Protokoloa osatu dute, Tolosan. Iaz hasitako lanari zenbait egokitzapen egin ostean, eragile guztiek atzo sinatu zuten protokoloa.

Genero indarkeria eta sexu erasoak bizi dituzten emakumeei arreta hobea eskaintzea du helburu.   Tolosako Udalak, Osakidetza, Asuncion Klinika, Ertzaintza, Udaltzaingoa, Gizartze Zerbitzuak, Tolosaldea Garatzenen Migrazio saila, Bilgune Feminista eta emakume erasotuekin elkarlanean egin du protokoloa. Eragile guztiak, Tolosako udaletxeko pleno aretoan elkartu ziren.
   
Urtebeteko lana ofizial egin nahi izan dute. Genero indarkeria gizarte guztiaren arazo dela ekarri zuten gogora, eta protokoloa osatzerakoan zenbait eragilek bakarrik parte hartu bazuten ere, ahalik eta zabalpen handiena ematen ahalegindu dira. Herritar guztiek giza eskubide honen urraketa larriaren berri izan dezaten nahi dute. Indarkeriaren eta erasoen aurkako kontzientzia aktiboa izatea ezinbestekoa da, eta protokolo honek horretan lagundu nahi du.

I. Udal Protokoloaren helburu nagusia, etxeko tratu txarren eta sexu indarkeriaren biktima diren emakumeei laguntzen diharduten erakundeen arteko koordinazioa hobetzea da. Honekin, «emakume horiei babes eta arreta osoa bermatu nahi diegu arlo ezberdinetan: osasun arloan, polizialean, judizialean, eta gizarte arloan», adierazi zuten.

Tolosako Udalak sinatu duen Udal protokoloa ez da lehena, baina bai eragile anitzekin adostua izan dena. Bilgune Feministatik hasi eta Ertzaintzara arteko eragileak batu dituzte. Ibai Iriarte alkateak eskerrak eman zizkien protokolo hau osatzen lagundu duten guztiei.

Kasu honetan, erasoak jasan dituzten emakumeei asistentzia ematetik pausu bat gehiago eman nahi izan dute: «Babesa eman eta gizarteratzen lagundu behar zaielako emakume horiei». Aurrez aipatu eragile guztiekin adostua izan da protokoloa, eta lanketa luzea egin dutela argitu zuten. Hala eta guztiz ere, etengabe hobetzeko helburua duela nabarmendu nahi izan zuten: «Ez da dokumentu itxia, eta aldatzen joango da, unean uneko beharrei egokituz».

Erakundeen Arteko Jarduerarako eta Koordinaziorako I. Udal Protokoloak jasotzen dituen akordioen artean dago lan mahai iraunkor bat eratzearena. Honek, protokoloaren berrikuste jarraitua egin beharko du, eta baita zabaltze lana ere. Lan mahaia aurkeztu zutenetik, ordea, lanean ari dira eta maiztasunez elkartzen direla esan zuten.

Tolosako Udal Gobernuarentzat lehentasunezko gaia da, eta lanketa sakona eskatzen duena: «Onartezina delako Tolosako herritarren erdia bigarren mailako herritar izatea». Injustizia hau oinarri hartuta udala hainbat pauso ari da ematen, «genero politikak aldatu eta indartzeko». Besteak beste, emakumeen jabekuntza eta partaidetza sustatzeko antolatutako Jabekuntza Eskolak edota hezkuntza alorrean Hezkidetza planarekin egiten ari den lanketa dira adibideak. «Herriko gazteek umetatik kontzientzia izan dezaten, eta etorkizunean Tolosa parekideago bat izan dezagun, orain landatutako hazia da honakoa», gaineratu dute. Honek guztiak bere fruitua emango duelakoan ari dira lanean eragile guztiak.

Gainera, udal osoaren jardunean barneratuta ari dira lantzen gaia «era transbertsalean, departamentu guztietan eta proiektu guztietan kontuan hartuz». Honenbestez, iazko ekainean hasiera emandako protokoloa gauzatuta geratzen da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!