Eta zortzigarrena ere bai

Mikel Iraola 2014ko aza. 26a, 11:24

Asko sufrituta lortu du Tolosak zortzigarren garaipena jarraian; 26-27 irabazi dio Askartzari Leioan.

Horixe dute talde onek: gauzak ongi ez doazenean ere irabazi egiten dutela. Asteburu honetan gertatu zaio Tolosari. Izan ere, lehen zatiko 9. minuturako gol bakarra zuen lortua, eta erreakziorik ezean, zaila izango zuen garaipena eskuratzea. «Defentsan ongi moldatu ginen, baina erasoko jokoan akats ugari egin genituen. Ez genuen asmatu eta jaurtiketa errazak huts egin genituen», azaldu du Alex Nogues entrenatzaileak.

Hasierako joko horren eragile ere izan liteke neurketa ordu erdi beranduago hasi izana. «Ez luke behar, baina azkenean eragin egiten du. Astean zehar ere gutxiago entrenatu dugu, Bidasoaren aurkako neurketara begira beste spot bat grabatu dugulako astean zehar. Beraz, uste dut hasiera kaskar horren inguruan, gehiago izan zirela kanpo faktoreak, taldearenak baino gehiago.

Atsedena eskatu zuen Noguesek orduan, taldeari lasaitasun apur bat ematearren. Akatsak zuzendu eta berriro kantxara ateratzean, errenta murriztea lortu zuten: 13-11. Eta lan asko oraindik aurretik.

Bigarren zatian bai, azken asteotan talde urdinak erakutsi duen bertsiorik onena eskaini zuen, eta Askartzak ezin izan zien aurre egin. 16 gol sartu zituzten tolosarrek, ohiko bataz besteari jarraiki. Amaieran, sufritu bai, baina garaipena lortu zuten.

Nogues pozik da: «Hasiera irregularra izan ostean, jarraian lortutako garaipen sorta honek konfidantza eta lasaitasuna eman dio taldeari, eta orain esan daiteke disfrutatzen ari garela jokatzean». Une honetan bigarren lekuan da taldea, igoera fasea jokatzeko eskubidea ematen duten lekuan.

Egutegi zaila
Hemendik aurrera, ordea, txartel hori lortzeko erabakiorrak izango diren neurketak jokatu beharko ditu Noguesen taldeak: «Uharteren aurka jokatuko dugu larunbatean —16:30ean Usabalen—. 6-0koarekin oso ongi defendatzen duen taldea da. Garaipena zail jartzen duen horietakoa da», dio prestatzaileak. Ondoren sailkapenaren erdialdean dabiltzan beste hainbat talderen aurka jokatuko du: «Tartea irekitzea garrantzitsua izango da. Asko dugu jokoan».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!