Tolosa CFko gimnastak, Espainiako txapelketan nagusi

M. Iraola 2014ko aza. 25a, 13:56

Bost lagunek osatutako taldeak Castellon jokatutako txapelketa irabazi du, eta tartean da Joane Zugasti tolosarra. Arantxa Aristondo entrenatzaileak, prestakuntzaren berri eman du.

Hiru urte atzera egin behar da talde honen ibilbidearen hasiera topatzeko. "Genituen ikasle guztien artean aukeraketa bat egin genuen, eta era bereziak prestatzen hasi ginen. Ostiralero beraiekin bakarrik. Eskolarteko txapelketetan ia dena irabazi zuten, eta federatu mailan hasi ziren lehiatzen hurrengo urtean" dio Aristondok. 

Lehengo urtean bada, lehen aldiz parte hartu zuten Espainiako txapelketan, eta "aurreikusi gabeko emaitza" eskuratu zuten: brontzezko domina. "Emaitza horren ondorioz akaso, aurtengo denboraldia makalago hasi zuten neskek. Asko exijitu diete euren buruei, ez zutelako huts egin nahi". Txapelketak irabazi arren, gehiago eman zezaketela uste zuen prestatzaile tolosarrak.

Hobekuntza hori azaroaren 15ean San Andresen jokatutako txapelketan iritsi zen: "Aldaketa batzuk egin genituen ariketan eta bikain egin zuten". Espainiako txapelketarako konfidantza eta indarra eman zien horrek.

Esperientzia "ezinhobea"
Pasa den asteazkenean abiatu zen taldea, Arantxa Aristondo bera, Nerea Otaegi eta Sara Alonso prestatzaileekin eta haurren gurasoekin batera Castellon aldera. Ostegunean kiroldegia ezagutu eta ostiralean ekin zioten lehiari. 19:45ean iritsi zen euren txanda: "Valentziako talde bat zen lehen postuan 10eko puntuazioarekin. Gureak, ordea, oso ongi aritu ziren. Zintan korapilo txiki bat egin arren, 10.217ko puntuazioa eskuratu zuten eta lehen lekuan jarri ginen". Hurrengo egunera arte itxaron behar izan zuten, ordea, larunbateko 11:00etan amaitzen baitzen txapelketa: "Ribaroja, Vallecas eta Club Donostia indartsuek oraindik ez zuten lehiatu, eta haien beldur ginen, baina ezin izan zuten puntuazioa hobetu".

Itzuleran, Usabalen harrera beroa egin zieten gainontzeko guraso eta klubeko kideek: globoak, txanpaina... "Esperientzia berria eta ona izan zen hori neskentzat, oso polita".

Lanean jarraitu behar
Bi asteko atsedena izango dute orain neskek, baina lanera itzuli beharko dute, izan ere, otsailean banakako denboraldia hasiko da. "Horretan zentratuko gara, izan ere, oso gazteak dira, 11-12 urtekoak. Oraindik gorputza aldatzen ari zaie. Urte pare bat itxarongo dugu maila gorenean izena emateko". Horretarako, baina, beste leku baten beharrean daude gimnastak: "Leku txikia dugu, eta beste pabiloi baten bila gabiltza. Txikiagoak diren batzuk prestatu eta helduen beste talde bat sortzea da helburua" dio Aristondok.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!