Arteaz eta musikaz apainduta

Ataria 2014ko azaroaren 22a

Arte kalea izenarekin bataiatu zuten duela urtebete Tolosako Kale Nagusia, eta gaurkoa ospakizun eguna izan da bertako dendarientzat. Urteurren horren aitzakian, euren sormena kalera atera nahi izan dute, eta Tolosako Kale Nagusia jolasez eta apaingarriz bete da.

Jai giroa irudikatuz apaindu dute kale osoa banderatxoekin Artekaleko dendariek, eta horrekin batera, norberak bere sormenetik gauzaturiko ideia burutu du. Batzuk, esaterako, lurrean garai bateko jolasak pintatu dituzte; kalean argazkiak aterako aukera ere jarri dute saltoki batean; Kale Nagusiko historian izan diren saltokiekin argazki erakusketa ere jarri dute (Garia okindegiaren kasuan); gaztetxoak marrazketan trebatzeko aukera egon da; eta musikarien egunarekin bat eginez, musikari leku berezia egin diote. Berdura plazako saltzaileek ere bat egin dute Artekaleko ekimenarekin, eta izan da barazkiak soinean jarrita girotu denik ere.

Iluntzean, kale guztian zehar zabaldu duten argi ilara piztu dute, kaleari kolore eta bizia emanez.

 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!