Aurpegi ezagunak lan-molde berrituekin, merkataritza bizitzeko

Itzea Urkizu Arsuaga 2014ko azaroaren 21a

1.500 lanpostu mantentzearen alde eta, herri dinamiko bat mantentzeko, egitasmo berria aurkeztu du Tolosa & Co elkarteak.

Ikasturteari helburu bikoitzarekin ekin dio, Tolosa & Co elkarteak, eta bi jomugak kanpaina bakarrean bateratu dituzte, tolosar ezagunenen laguntzaz.

Batetik, merkataritza, ostalaritzak eta zerbitzuek Tolosako ekonomian duten pisuaz ohartarazi nahi dituzte herritarrak, horrekin batera hiri bizi bat izateko hirugarren sektoreak duen garrantzia azpimarratuz.

Bide beretik, gainera, 1.500 lanpostu mantentzeko bideak jorratzen ere ari dira, horiexek baitira, merkataritzak eta ostalaritzak gaur egun Tolosan dituen lanpostuak, 500 establezimendutan banatuta.

Tolosa & Co-ren ustez, Tolosa aisiarako eta komertziorako hiri izatea "bertako ikur bereizgarrienetako bat da", eta horretara bideratu nahi dituzte indarrak.

Horrela, beraz, tolosar ezagunenen aurpegiak baliatu dituzte herriko bizi-komertziala sustatu eta zabaltzeko: "Beren irusia musutruk eskaini digute, eta gure esker ona azaldu behar diegu Ainhoa Arteta, Edurne Pasaban, Lara Arruabarrena, Iker Galartza, Xabi Alonso eta Kike Amonarrizi. Halaber, eta irudietan azaltzen ez badira ere, Edurne Ormazabali, Roberto Ruizi, Txato Nuñezi, Ainhoa Artolazabali, Juanma Lillori, Karlos Linazasorori eta Abraham Olanori gure eskerrik beroenak eman nahi dizkiegu, laguntzeagatik".

Elkartearen helburuei eta Tolosa & Co txartelari indarra emateko, beraz, aurpegi ezagunen kanpainarekin plazaratu dute lan egiteko modu berria: "Eta aurrerantzean ere ildo honi jarraituko diogu, gure jarduera guztiak hari honekin josiz, aipaturiko helburu bikoitzari begira".

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!