Ateak, irudiak izozteko aitzakia

Itzea Urkizu Arsuaga 2014ko aza. 21a, 17:24

Tolosako Udalak 2015eko egutegiak banatuko ditu datorren astean; gaur elkartu dira argazkilari sarituak.

12 egutegi, 10 lehiaketa, 5 erakusketa, 4.000 argazki eta 70.000 ale. Horiek dira Tolosako egutegiak eman dituen zenbakiak, sortu zutenetik gaurdainoko ibilbide oparoan.

Aurten aurkeztutako argazki kopuruak behera egin badu ere, urtez urte tolosarren harrera mantentzen du egutegiak, eta "eskerrak" eman nahi izan ditu Ibai Iriartek: "Sarituei nahiz saririk jaso ez dutenei eskerrak eman behar dizkiegu, eta baita herritarrei ere. Aurten argazki gutxiago aurkeztu dira, baina ez zen gai errazena".

Bere aldetik, Tolosagasako arduradun Alberto Gonzalezek ere Cristina Morales migrazio teknikariaren lana azpimarratu nahi izan du 2015eko egutegia osatzerakoan. Era berean, argazki erakusketara bertaratu diren ia 700 herritarrei ere babesa eskertu nahi izan die, eta Jose Luis Barriola izan da horien guztien artean zortedunena, bozka eman zutenen artean burututako zozketan argazki kamera irabazi baitu.

Urteroko moduan, 12 argazkik kolorea emango diote Tolosako sukalde, bulego, denda nahiz eskolei, eta azaleko argazki irabazlea hamahirugarrena izango da: "Gero eta kolore gehiagoko Tolosa dugu, eta horrek herrian eragin positiboa du, beraz, sukaldeetan agertzea ere ederra da", dio Iriartek. Aurtengo gaia Tolosa munduan, mundu bat Tolosan gaia izaki, hilabetero etorkinen inguruan zabaltzen diren zurrumurru bat jorratu dute, gainera, egutegian; zurrumurruaren alboan ideia aurkako argudio bat irakurri ahal izango da, aurreiritzi eta estereotipoak deuseztatze aldera.

Gai irekia

Irabazleekin argazkia atera aurretik, 2016ko egutegirako dantzan jarri nahi izan dituzte argazkilarien begi zorrotzak, eta gai berria proposatu dute: "Irekia da, eta interpretaziorako lekua eskaintzen du, ikuspegi zurrunetik nahiz irekitik". Horrela, beraz, Ateak izango da kameren objektiboek harrapatu beharreko irudien ildoa, betiere, Tolosa oinarri izanda.

Ibai Iriartek Alde Zaharreko ate eder eta sendoak ezagutzeko gomendioa eman die herritarrei eta, bide beretik, ateei erretratuak ateratzeko ideiak ere eskaini dituzte pleno aretoan: "Atakak, langak, hodeien arteko ostarteak,... gauza askok eman dezakete jokoa".

2016rako ideiak biltzeko denbora utziz, urtarriletik aurrera Tolosako egutegia etxean izan nahi dutenek datorren astean izango dute jasotzeko aukera, Zerkausian; astelehenetik asteazkenera 09:00etatik 12:30era banatuko dituzte eta, bestela, Tolosagasa nahiz Tolargiko bulegoetan ere eskuratu ahal izango dira aleak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!