Ipuin bizidunen mundua

Iñigo Terradillos 2014ko aza. 21a, 12:21

Bihartik azaroaren 30era txotxongiloen magiak harrapatuko du Tolosa. Titirijai jaialdiak 32. urtea du aurten, eta Tolosara bertaratuko diren taldeen kalitatea nabarmendu dute antolatzaileek. 11 konpainia izango dira orotara, eta 43 ikuskizun eskainiko dituzte Gipuzkoa osoan, horietatik 27 Tolosan.

 

Aurtengo jaialdiak bi berrikuntza nagusi izango ditu. Batetik, Tolosa&Co merkatarien elkartearen eskutik, kalean izango dira hainbat ikuskizun, eta bestetik, Eszena Irekia izeneko atala estreinatuko dute. Azken honetan, konpainia gazteei egin nahi izan zaie lekua. Lau taldek parte hartuko dute, eta horietako bat euskalduna izango da, Bilboko Aura taldea, hain justu.

Gainerakoan, kartela bera ere azpimarratu dute, beste urteekin alderatuz desberdina baita, eta gainera, jolas egiteko aukera ematen du. Bertan azaltzen den moduan moztu, eta norberak txotxongilo antzerkitxoa egiteko aukera eskaintzen du. Aipatzekoa baita ere, zeinu hizkuntzan eskainiko dituztela emanaldi batzuk.

Titirijai jaialdia tailerrek, erakusketak eta tertuliek osatuko dute. Tailerrei dagokienez, iazko harrera ona ikusita, Elduaien hizkuntz eskolarekin elkarlanean, ingelesez txotxongiloak egiten ariko dira bihar goizean Topic zentroan, 6 urtetik 12 urtera bitarteko haurrak. Bigarren tailerra ere bihar izango da, larunbateroko Zerkausiko azokan, Tolomendi landa garapen elkartearekin elkarlanean; bertako produktuekin txotxongiloak egingo dituzte gaztetxoek. Bi tailerrak doakoak izango dira. Tertuliei dagokienez, berriz, arratsaldero elkartuko dira Topic-en bertan, txotxongiloen inguruan solasalditxoa egiteko txotxongilo adituak nahiz txotxongiloen mundua maite dutenak.

Bestalde, Titirijai jaialdiak irauten duen bitartean, Altzoko Erraldoia erakusketa egongo da ikusgai Topic zentroko Anbigu aretoan. Altzoko Erraldoia operako txotxongiloen sorkuntza prozesua ikusteko aukera izango da. Nestor Basterretxeak diseinaturiko txotxongiloen ereduak ikusteko aukera ere izango da.

Topic-en bost urteak

Bost urte beteko ditu Topic Txotxongiloen nazioarteko zentroak azaroaren 28an. Idoia Otegi zentroaren zuzendariak azaldutakoaren arabera, jaio zen testuingurua kontuan hartuta, «oso ondo» joan dira lehen bost urteak. «Krisi egoeran sortu zen, eta une askotan ez da erraza izan, baina, eutsi egin diogu». Topic zentroak nazioartean leku bat egitea lortu du, eta ez soilik txotxongiloetan berezituriko museoen artean. Horren adierazle dira jaso dituen sariak eta aitorpenak.

Otegik azaldu duenez, «bide berean jarraitzea eta maila berean mantentzea» da Tolosako Ekinbide Etxearen asmoa. Hala, aurrera begirako erronken edo helburuen artean, urrutiko hezkuntza garatzea dago. Hasiak dira proba moduan, baina, oraindik ez dute zabaldu. «Egia da gaur egungo egoera ekonomikoa hobea dela, baina, hala ere, ez da posible buruan dugun guztia aurrera eramatea», dio zentroko zuzendariak.

Horrekin batera, Topic zentroaren irisgarritasunean lan egin nahi dugu, bertako emanaldiez nahiz museoaz gorrek, itsuek eta herritar guztiek gozatu ahal izan dezaten.

Bosgarren urteurrenerako, azaroaren 28rako, bestalde, ekitaldi «berezia eta xumea» ari dira prestatzen. Behin batean... amets bat izena jarri diote ekitaldiari, eta bost urteen errepasoa egingo dute, proiektua ametsa zenetik errealitate bilakatu arte. Hala, batetik txotxongilo tailerretan parte hartu izan duten 8 neska-mutilek antzerkitxoa eskainiko dute, Roberto Whitek emanaldia eskainiko du, eta ikus-entzunezko bat jarriko dute Topic-en inguruko datuekin. Zentroan bertan izango da ekitaldia, Mariona txotxongiloak aurkezturik, eta 20:00etan hasiko da.

 ----------

«Topic-en txotxongiloei dieten maitasuna nabarmenduko nuke»

Roberto White - Txotxongilolaria

Roberto White argentinarraren Amets bat lana izango da ikusgai Titirijai jaialdiaren lehen egunean. Topic zentroan txotxongilolari profesionalei eskaintzen zaien egonaldien fruitua da emanaldia. Argentinarrak azaldu duenez, «oso gustura eta eroso» sentitu da Tolosan bere lana sortzen.

Nola izan da zure emanaldi berriaren sormen prozesua?

Nire konpainiaren eta Topic-en arteko elkarlanaren ondorioa da lana. Hiru hilabeteko egonaldia izan da Topic zentroan: lehendabizi ikerketa eta material bilaketa, eta ondoren, Argentinara konpainiaren zuzendariarekin batera lana borobiltzera. Txotxongiloen Nazioarteko Egunean aurkeztu nuen, eta dagoeneko hainbat lekutan eskainiko dut emanaldia, harrera oso onarekin.

Zergatik aukeratu zenuen Topic zentroa lana sortzeko?

Duela bi urte txotxongiloen jaialdian hartu genuen parte, eta epaimahai gaztetxoaren saria jaso genuen. Orduan izan genuen egonaldi horien berri, eta probatzea pentsatu genuen. Erabakiarekin asmatu genuen, baldintzak oso egokiak izan baitira.

Nola deskribatuko zenuke zure egonaldia?

Oso gustura egon naiz, oso eroso. Topic zentroa luxu bat iruditzen zait. Hamar urte daramatzat txotxongiloen munduan lanean, eta txotxongiloekin loturiko proiektu edo ekimen ugari ikusi ditut, baina gutxi Topic bezalakoak. Azpiegituren kalitateaz gain, bertako giza kalitatea eta txotxongiloekiko sentitzen duten maitasuna nabarmenduko nuke.

Nolakoa da 'Amets 1' lana?

Burukoa edo garunekoa den etxe batek lotzen dituen bizipen desberdinak dira. Umorea eta poesia uztartzen ditu, eta ia testurik ez duen formatu erdiko lana da. Nik oso ondo pasatzen dut, gozatu egiten dut lana antzezten, eta ziur ikusleek ere oso ondo pasako dutela.

---------

EGITARAU NAGUSIA

Emanaldia: Ametsak 1.

Noiz. Larunbata, azaroak 22.

Non. Topic.

Ordua. 20:00.

Konpainia. Roberto White.

Herrialdea. Argentina.

Hizkuntza. Hitzik gabe.

Nori zuzendua. 8 urtetik aurrera.

Emanaldia: Paperezko burugabekeriak.

Noiz. Igandea, azaroak 23.

Non. Leidor. Ordua. 17:00.

Konpainia. La llave maestra.

Herrialdea. Txile-Nafarroa.

Hizkuntza. Hitzik gabe.

Nori zuzendua. 7 urtetik aurrera.

Emanaldia: Alvin Sputnik-en abentura.

Noiz. Igandea, azaroak 23.

Non. Topic.

Ordua. 18:30.

Konpainia. Perth Company.

Herrialdea. Australia.

Hizkuntza. Ingelesez, azpitituluak.

Nori zuzendua. Familia osoa.

Emanaldia: Mans-en kabareta.

Noiz. Ostirala, azaroak 28.

Non. Topic.

Ordua. 18:30.

Konpainia. El retrete de Dorian Gray.

Herrialdea. Galizia.

Hizkuntza. Gaztelania.

Nori zuzendua. Familia osoa.

Emanaldia: Egongelako txotxongiloak.

Noiz. Larunbata, azaroak 29.

Non. Leidor. Ordua. 17:00.

Konpainia. Hermanos Arana.

Herrialdea. Argentina.

Hizkuntza. Hitzik gabe.

Nori zuzendua. 7 urtetik aurrera.

Emanaldia: Agur Bienvenida.

Noiz. Larunbata, azaroak 22.

Non. Topic.

Ordua. 18:30.

Konpainia. Mimaia.

Herrialdea. Espainia-Suitza.

Hizkuntza. Gaztelania.

Nori zuzendua. 7 urtetik aurrera.

Emanaldia: Tumba Lumba.

Noiz. Igandea, azaroak 30.

Non. Topic.

Ordua. 18:30.

Konpainia. State PT Burgas.

Herrialdea. Bulgaria.

Hizkuntza. Hitzik gabe.

Nori zuzendua. Familia osoa.

KALEAN

Emanaldia: Torta y leche.

Noiz. Larunbata, azaroak 22, (18:00, EH plaza); igandea, azaroak 23, (12:30, Plaza Berria).

Konpainia. Juan Catalina.

Herrialdea. Gaztela-Mantxa (Espainia).

Hizkuntza. Gaztelania.

Nori zuzendua. 7 urtetik aurrera.

Emanaldia: Poltsa horia.

Noiz. Astelehena, azaroak 24.

Non. Topic.

Ordua. 18:30.

Konpainia. Aura teatro. Herrialdea. Bilbo (Euskal Herria).

Hizkuntza. Hitzik gabe.

Nori zuzendua. 8 urtetik aurrera.

Emanaldia: Pinotxoren itzala.

Noiz. Asteazkena, azaroak 26.

Non. Topic.

Ordua. 18:30.

Konpainia. Nestor Navarro.

Herrialdea. Herrialde Katalanak.

Hizkuntza. Gaztelania.

Nori zuzendua. Familia osoa.

Emanaldia: Txotxongiloen gona.

Noiz. Larunbata, azaroak 29, (18:00, EH plaza); igandea, azaroak 30, (12:30, Plaza Berria).

Konpainia. La picara locuela.

Herrialdea. Gaztela eta Leon (Espainia).

Hizkuntza. Gaztelania.

Nori zuzendua. Familia osoa.

Emanaldia: Erbia eta azeria.

Noiz. Asteartea, azaroak 25.

Non. Topic. Ordua. 18:30.

Konpainia. Pilpira teatro.

Herrialdea. Madril (Espainia).

Hizkuntza. Gaztelania.

Nori zuzendua. Familia osoa.

Emanaldia: Ser o ... no se!

Noiz. Osteguna, azaroak 27.

Non. Topic. Ordua. 22:00.

Konpainia. Nose teatro.

Herrialdea. Granada (Espainia).

Hizkuntza. Gaztelania.

Nori zuzendua. 12 urtetik aurrera.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!