Pablo Gorosabel langile polifazetikoa

Fernando Rojo Tolosa 2014ko azaroaren 21a

Gorosabel abokatu jurista eta politikari tolosarrak lan eskerga egin zuen legeak eta Gipuzkoako historia ikertzen. 1803an jaio zen Kale Nagusiko 25. zenbakian eta bertan emango zituen urteak, batik bat, zuzenbide munduan eta politikagintzan. Gainera, 1850ean, Tolosako alkate izatera helduko zen.

Historialariari familiatik etorri zitzaion legeekiko kezka hura. Ama madrildarra eta aita legazpiarra ziren, baina Tolosara etorri ziren bizitzera, aitak Batzar Orokorretan aholkulari eta abokatu bezala egiten baitzuen lan. Horren ondorioz jaio zen Tolosan eta herriak izan duen pertsonaiarik esanguratsuenetakoa izan da, politikan egindako lanarengatik eta historian zein zuzenbidean utzitako idazlanengatik. Erreferentziazko pertsonaia bihurtu du historiak eta erreferentziazkoak dira bere lan guztiak.

Abokatu eta politikaria

1817 eta 1825 urteen artean Zuzenbidea ikasi zuen Oñatiko Unibertsitatean (bertan lortu zuen batxiler graduatua 1824an); gero, Tolosan eta Madrilen egindako praktika batzuen bidez Espainiako hiriburuan lortu zuen Legeetako Lizentziatura, 1828an, orduko «Abogado de los Reales Consejos» titulupean. Bizitza osoa Tolosan egingo zuen lan, abokatu eta udaletxeetako aholkulari bezala. Horiez gain, beste jarduera batzuk ere burutu zituen, hala nola, epaitegietan, politikan Gipuzkoa mailan eta historia idazten. Gure kasuan, agian are garrantzitsuagoa, hainbat kargu bete zituen udalean: alkate izan zen, baina baita alkateorde, eta erregidore. Batzar orokorretan ere izan zituen karguak, Probintziako Aholkulari izatera heldu zelarik. Hala eta guztiz, zerbaitek izan badu eragina bere idazlanetan, hori Probintziako artxibozain izatea izan da. Lan horri esker eskura baitzuen nahi zuen informazio guztia historiari buruz idazteko.

Bere ibilbide profesionala bere jatorriak markatu bazuen, ekonomikoa ere modu berean familiarengandik iritsi zitzaion, maila altuko jendea izanda, ondasun handi bat kudeatzea egokitu baitzitzaion. Politikoki, testuinguruak eta garaiak jantzi eta osatu zuten historialaria. Ezin da ahaztu XIX. mendearen lehen erdialdean bizi izan zela, politikoki urte gatazkatsu eta mugituak, besteak beste, frantsesen inbasioak, konstituzioak, foruen aldeko borrokak eta ideia liberalen hedapenak izan baitziren tarteko.

Hamarkada batzuk lehenago Frantziar Iraultza eman eta ideia liberalak Europa guztian zabalduz Euskal Herrira ere iritsi ziren. Europako gerrek bere isla izan zuten gure lurretan eta, han bezalaxe, bi sistema eta postulatu ideologikoen talka latz bat ezagutu zen: aldaketa eta aire berriak zekarzkien ideia zein borroka liberalak, alde batetik; betiko legedi eta ohiturak babestu nahi zituzten foru-erregimenak, bestetik. Gorosabelek, bien arteko erdibide baten alde egin zuen apustua, biak bateragarri eta posible zirela defendatuz: Liberal-foruzaletasuna. Bi ideologia haiek elkartu zitezkeela pentsatzen zuen, bakoitzaren alde onenak jaso eta praktikara eramanez.

Gorosabel liberalismoak defendatzen duen bi zutabeen aldekoa da: norbanakoaren askatasuna eta legearen aurreko berdintasuna, horrela, Erregimen Zaharreko estamentuen pribilejioen aurka eginez. XIX. mendean sortzen diren konstituzio liberalak defendatzen ditu. Probintzia mailan, hala ere, eta orduko statu quo-ak ezinezkoa ikusten zuen arren, abokatu-politikari-historialari tolosarra foruen aldekoa zen, legeok historian zehar gipuzkoarren betiko askatasuna eta berdintasunaren lekuko zuzena baitziren.

Gorosabelen ustez ez zen kontraesan bat ideologikoki aurkakoak ziruditen bi bandera politiko horien alde jotzea. Konstituzio bakar bat estatu osorako, baina bertako legedi eta instituzio tradizional batzuen babespean, bertakoak, sustraituak, maitatuak eta izateko zentzu osoa zutenak. Lurraldeari karakterra ematen ziotenak. Liberal-foruzaletasuna deitu izan zaio eta Gorosabel ez zen publikoki horren alde atera zen bakarra.

Bere idazlanak

Bere lanek bi multzotan bana daitezke. Zuzenbidearen ingurukoak, batetik, eta historikoak, bestetik. Lehen etapan lan juridikoak idatzi zituen: «Redaccion del código civil de España», «Examen de los principios del Derecho Civil español» y «Código Civil de España», Tolosan editatuak hirurak.

Aipatutako horiek oso lan garrantzitsuak izan arren, guretzat esanguratsuagoak dira 1852 eta 1868 urteen artean burutu zituenak, Gipuzkoako historiari buruzkoak, hain zuzen ere. Sail honetan lau liburu, mardul eta trinkoek osatzen dute bere jardun eta jakituriaren emaitza: «Bosquejo de las Antigüedades, Gobierno, Administración y otras Cosas Notables de la Villa de Tolosa»; «Diccionario Historico-Geografico-Descriptivo de los Pueblos, Valles, Partidos, Alcaldias y uniones de Guipuzcoa»; «Memoria sobre las Guerras y Tratados de Guipuzcoa con Inglaterra en los siglos XIV y XV»; eta «Noticias sobre las Cosas Memorables de Guipuzcoa».

Lau lanok gai bakarra dute: Gipuzkoako historia, udal artxibo eta probintziakoetatik jasotako iturrietatik idatziak. Idatzi guztiek ukitu juridiko bat dute, azken finean, jurista baten eskutik irtendakoak baitira. Ahaztu gabe helburu nagusietako bat gure historiaren ezagutza zela, aipatu behar da liburu hauek argitaratzean bazuela beste xede bat ere: bere praktika eta ikuspuntua lekuko, eguneroko politika kudeaketan praktikoak eta erabilgarriak izatea lortu nahi zuen.

Tolosari buruz idatzitako monografia, enkarguz idatzi zuen bertako alkate zen garaian, 1850tik 1853ra. Izaera entziklopedikoa du eta udalak ordaindu zuen. Tolosarrentzat eta bertako historiarako oso liburu garrantzitsua izan arren esan behar da Gipuzkoari eskainitako beste biak direla oihartzun handiena izan zutenak; eta esanahi aldetik ere urrats handia suposatu zutenak. Probintziako artxibozain zen heinean idatzi zituen dokumentuetara jotzeko zuen erraztasunagatik. Azpimarragarri eta ezagunena «Noticias de las Cosas Memorables de Guipuzcoa» dugu, sei tomoetako bilduma trinko hau erreferente bat da Gipuzkoako historian. Lau urte behar izan zituen idazteko eta Gorosabel hil eta 35 urtera eman zuen argitara Gipuzkoako Diputazioak. Ez zuen hutsune bat bete nahi, ordura arte zegoen materialaren osatze bat izan, baizik, eta hark zioen legez, «hacer un libro de consulta para la época venidera». Historialarien artean benetako artelan bat da, egiari kultu egiten dioena, anitza, aberatsa eta metodo zein ordena on batean landutakoa. Ordu arteko beste batzuen lana jarraituz bere ukitua eman zion historiari, ahaztu gabe Gorosabel konstituzio garaiko liberal foruzalea zela, bere idazlanetan argi asko ikusi daitekeen bezala. Pablo Gorosabel 1868ko urtarrilaren 23an hil zen Donostian.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!