Zortzi ganaduzale eta kalitatezko esnea, VI. Frisoi Lehiaketan

Itzea Urkizu Arsuaga 2014ko azaroaren 20a

Esnearen sektorea herritarrei gerturatzea ere antolatzaileen helburuetako bat da.

Euskal Herriko Frisoi Lehiaketak seigarrenez hartuko du Tolosa, larunbat goizean. Zortzi ganaduzale ariko dira lehian, eta sei atal edo kategoria izango dira abereak aurkezteko.

10:00etan hasita, Igeldoko (Gipuzkoa) Ondazarte Gain, Muskizeko (Bizkaia) Miguel Gomez, Arrankudiagako (Bizkaia) Alfonso Olabarrieta, Karrantzako (Bizkaia) Jon Gutierrez, Basauriko (Bizkaia) Karmele Ibarretxe, Gatikako (Bizkaia) Miren Ardeo, Cascanteko (Nafarroa) Planillo eta Mutrikuko (Gipuzkoa) Zaldumendi ganaduzaleek txahalak, bigak, behiak eta esnetan dauden behiak erakutsiko dituzte, lehiarako. «Hobekuntza genetikoaren eta ganaduzaleen eguneroko lanaren bitartez eskuratutako lorpenak ezagutaraziko dituzte», azaldu dute EFRIFEko arduradunek.

Horrekin batera, ordea, antolatzaileen helburua esnearen sektorea gainerako herritarrei gerturatzea ere izango da, txapelketaren aitzakian. Horretarako, Ferialekura bertaratzen direnek behiak bertatik bertara ikusteko aukera izango dute, eta ganaduzaleek ekoitzitako esnea eta esnekiak dastatzeko modurik ere izango da.
 

Frisoi txapelketa

10:15. Txapelketa hasiko da.

11:15. Bigen txapeldunen txapelduna sarituko dute.

12:15. Zezenen alaba onenari eta errape onenari saria.

12:30. Behien txapeldunen txapelduna sarituko dute.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!