«Erronkei aurre egiteko gai izango diren herritarrak sortu behar ditu hezkuntzak»

Itzea Urkizu Arsuaga 2014ko aza. 20a, 10:29

Angel Estangak 'The Institutes for the Achievment of Human Potential' zentroan egin zituen ikasketak, Philadelphian, eta Iruñeko Jesuitinen ikastetxeko zuzendaria da, gaur egun; estimulazio goiztiarrak mugitzen du.

Haurren Estimulazio Zentro Integrala abiaraziko du, larunbatean, Tolosako Hirukide ikastetxeak. Estimulazio goiztiarra du oinarri, eta norbere buruarengan segurtasuna duten pertsona osasuntsuak sortzea helburu. Angel Estanga (Iruñea, 49 urte) adituak eskainiko du lehen tailerra.

Zer da estimulazio goiztiarra?

Haurrak jaiotzen diren uneaz geroztik, garunaren antolakuntza neurologikoari laguntzea da, estimuluen bitartez. Erditzearen aurretik ere landu daitezke zenbait gauza, entzunbideak ordurako garatuta izaten baitituzte haurrek.

Adimen emozionalak tarte handia hartu du, azkenaldian, hezkuntzan. Zergatik da hain garrantzitsua?

Haurrek zerbait ikasteko eta ohiturak barneratzeko modua afektibitatea da beti, eta estimulazio goiztiarrean aditu askok diote afektibitateak duela efektibitatea. Beraz, harreman hori abiapuntutzat hartzen ez badugu, eraginkortasuna galtzen da. Aurrerago, bigarren hezkuntzan-eta, bestelako estimulazioak martxan jar daitezke, baina 0 eta 3 urte artean ez; hain zuzen horregatik da ezinbestekoa, guraso eta seme-alaben arteko harreman osasuntsuak sortzea. Lotura estuak sortuz gero, ikaskuntza ere oparoagoa izaten da.

Gurasoek seme-alaben hezkuntzan esku hartzeko moduak aldatu egin behar duela uste duzu?

Oro har, familien inplikazioa handia da. Dena den, egia da zenbaitetan inplikazio horrek behar duen denbora ez dietela seme-alaben hezkuntzari eskaintzen. Baina larunbatekoa bezalako ikastaro batera bertaratzen diren familiek garrantzia handia ematen diote haurren hezkuntzari, beraz, oro har, ez dut uste arreta faltarik dagoenik; alderantzizkoa esango nuke.

Alde praktikoari begira, nola lantzen da estimulazio goiztiarra?

Adinaren arabera, hainbat jarraibide daude. Batzuk fisikoak dira, mugimenduen bidez egiten direnak; mugimendu horiek burmuinaren garapenerako beharrezkoak diren loturak lantzen dituzte. Ezinbestekoa da, beraz, haurra mugitzea eta leku itxietan gehiegi ez egotea; aulkiak, parketxoak eta antzekoak saihestu behar dira.

Psikomotrizitatearen bidez lantzen direnez gain, bestelako proposamenak ere badaude, ezta?

Bai, alderdi intelektual eta kognitiboenak lantzen dira horien bidez, baina, argi utzi behar da estimulazio goiztiarrak ez duela helburutzat gaitasun akademiko izugarria duten haurrak sortzea. Letrak, zenbakiak nahiz musika darabiltzaten proposamenekin, pertsona zoriontsuak egiten dituzten neurona-zirkuituak behar bezala gauzatzea da nahia. Era berean, etorkizuneko ikaskuntza-prozesuak ahalbidetzea, gizarteko egoerei aurre egitea nahiz beste haur eta helduekin harreman-sareak sortzea da jomuga. Eta, noski, behin haurrak ikastetxera iristen direnean, bizikidetzaren gakoak irakatsi behar zaizkie estimulazioaz, munduaren erdigunea ez direla ikusaraziz eta ikaskideekin guztia partekatu behar dutela ulertaraziz.

Zergatik dira hain garrantzitsuak bizitzako lehen urteak?

0 eta 6 urte bitartean eta, baita lehenago ere, haurra amaren sabelean dagoenean, hainbat neurona sortzen dira. Bada, neurona horiek martxan jartzea 0-6 urte bitarteko tarte horretako estimuluen menpe dago. Nolabait esatearren, garuneko errepide-sarea osatzen lagunduko du horrek; gerora, ikaskuntza prozesuek eta gaitasunek hortik barrena bidaiatzen dute. 6 urtera arteko denbora tarte horretan gertatzen da garunaren hazkuntzarik nabarmenena, eta plastizitaterik handiena ere orduan izaten du garunak. Halaber, 6 urterekin garunaren %99a osatzen zaigu gizakioi, eta ia heldu baten neurrikoa izaten da. Horregatik, oso epe garrantzitsua da; areago, garunean kalte psikikoak nahiz gaixotasunak dituzten haurrek nabarmenki senda ditzakete kaltetutako eremu horiek, gaixotutako zirkuituak beste bide neuronal batzuekin ordezkatuz.

Nahiz eta gaitasun intelektuala helburu bat ez izan, estimulazioak dohainak bereziki garatzen ditu?

Estimulazio goiztiarrak ez du helburu finkorik, pertsona osasuntsuak sortzea du jomuga; norbere buruan konfiantza eta segurtasun handia duten haurrak sortzea, bizitzako esparru guztietan aurrera egiteko. Noski, hori lortuz gero, haur bakoitzak bere dohainak hobeto garatu ditzake. Baina estimulazio goiztiarrak prebentzio izaera du, ez da erabakigarria. Nolabait, pareko bat jartzearren, elikaduraren antzekoa da. Oinarriak jarrita ere, bizitzak ezusteko asko ematen ditu, eta inoiz ezin da jakin zer gertatuko den.

Bukatzeko, nola ikusten duzu hezkuntza hamar urte barru?

Oso erritmo bizian aldatzen ari da eta, hezkuntza bera baino gehiago, gizarteak hezkuntzari eskatzen diona. Hezkuntza kudeatzen duten erakundeak ez dira azkarrenak, eta ezta malguenak ere, beraz, kosta egiten da zenbait filosofia abiaraztea. Baina dinamika handia dago, eta hala izan behar du, ez baitakigu 2030. urtean zeri aurre egin beharko dioten orain jaioberri direnek. Eta hori da, hain zuzen, hezkuntzak egin behar duena: erronkei aurre egiteko gaitasuna izango duten herritarrak sortu.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!