Gazteei begirako gizartea defendatu du Arantza Quirogak, Lehiberrin

Itzea Urkizu Arsuaga 2014ko aza. 19a, 13:12

Euskal Autonomia Erkidegoko PPko buruak Tolosaldeko Lehiakortasun Zentroa bisitatu du, enpresa txiki eta ertainen errealitatea ezagutzeko asmoz.

Angel Yañez eta Pello Atxukarro Tolosako popularrak lagun dituela, Lehiberri zentrora bertaratu da Arantza Quiroga, "lana kezka nagusia den honetan". Besteak beste, Eusko Legebiltzarrean egin berri duen interpelazioa hizpide izan du, eta Iñigo Urkullu lehendakariari ekintzailetasuna sustatzeko egindako eskaera nabarmendu nahi izan du: "EAEn lanaren sorkuntza eta garapen ekonomikoa hobetzeko moduan behar dira".

Bide horretan, "gazteei aukerak eskaintzen dizkien gizarte bat beharrrezkoa" dela azaldu du, eta mozio bat aurkeztuko dute, datozen egunotan, legebiltzarrean: "EAEn aberastasuna sortzeko ponentzia ireki bat nahi dugu, politikariok herritarren benetako beharrei erantzun behar diegulako; sarri askotan, ordea, ez dugu horrelakorik egiten. Eta, nire ustez, gaur egun Eusko Jaurlaritzak hartutako bideak ez du erantzun hori ematen".

Behin egoera orokorraren inguruko balorazioa eginda, Tolosaldeari begira ere jarri nahi izan du Quirogak, eta langabeziaren ildotik ekarri du diskutsoa eskualdera, kopurua 3.000tik gorakoa dela azpimarratuz: "Eta langabetu horien %58a, gainera, 45 urtetik beherako herritarrak dira, beraz, argi dago legebiltzarrak herritarren errealitate, senitze eta iritzi horri erantzun behar diola".

Alderdiaren aferez, erantzun irmoak

Tolosaldeko garapen ekonomikoa ezagutzera bertaratu arren, kazetariek Alderdi Popularraren inguruko aferez ere zenbait galdera egin nahi izan dizkiote Arantza Quirogari.

Besteak beste, Kataluniako erreferendumaren inguruan, "lana Espainiako Fiskaltzak egin behar du" bere ustez, "legeak haiek betearazten dituztelako". Hala ere, "aurrera egiteko askoz ere aukera gehiago ditugu, Espainian, batera egonez gero".

Bide beretik, txartel beltzen auziaz galdetuta, PPk herritarren sinesgarritasuna "galdu" egin dutela uste du Quirogak. Beltran Gutierrez txartel beltzen aferan harrapatu eta, hurrengo egunean, PPk kontratatu zuela argitara atera berri da, eta EAEko popularren buruak irmoki salatu du hori: "Nik ez nukeen kontratatuko, eta politikarion ardura da, orain, herritarren sinesgarritasuna berreskuratzea, konfiantza hori berriro sortzea".

Azkenik, Espainiako Gobernuan Konstituzioa aldatzeko egindako eskaeraren moduarekin ez dator bat Quiroga: "Argi dago konstituzioaren erreforma egin behar dela, baina ez Espainia estatu federal bilakatzeko, baizik eta Espainia demokrazioa gisa indartzeko; horretarako borondatea eta adostasuna behar dira, noski".

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!