Ilusioa zen nagusi taldekideen begietara begiratuz gero larunbatean 14:00etan. Ordu horretan atera ginen Tolosatik Burgos aldera eta 16:00ak inguruan iritsi ginen. Hostal Acuarela-n genuen tokia hartuta, eta logelen txartelak hartzen ari ginen bitartean, Gaizkak ondo aprobetxatu zuen aukera sarreran zeuden Sugus-ei astindu ederra emateko. Gero siesta txiki bat egin, partida aurreko txarla entzun, eta bideoa ikusi genuen “El Plantío” kiroldegira abiatu aurretik.
Gauzak ez ziren ondo joan partidan, juxtu-juxtu galdu genuen, baina horri buelta emateko, gauean Burgostik ibili ginen hain famatua den Katedrala eta beste toki interesgarriak ikusten. Batzuk goiz erretiratu ziren, beste batzuk, ordea, gustura ibili ziren Burgoseko gau hotzean: hango Kebab-ak hemengoak bezalakoak dira, baina asteburuko sentsatzioa Burgoseko Susi-a izan zen: gure estrategiako jokaldi bati izen hori jarriko diogu, taktikoki oso aberatsa baita: 2c1, aklaratua, posizio abandonua…
Igande goizean elkarrekin gosaldu genuen, bueltaxka bat eman Burgostik, eta Leitzako Txirulak kristoren gosea zuenez, Asador Las Calzadas-era joan ginen bazkaltzera: bertako produktuak dastatzeko aukera ezinhobea izan genuen (Andoniren gozamenerako) eta otordu zoragarri hori eta gero, Tolosara bueltatzeko garaia iritsi zen.
Asteburu berezia izan da: lehenengo aldia zen talde profesionalek dituzten ohiturak egiteko aukera genuela, eta dena primeran eta giro apartean joan zen. Pena partida aurrera ez ateratzea, baina lan ona egin genuen, eta larunbat honetan Pielagos kantabriar taldeari egurra emango diogu.
Eta bukatzeko, ezin dut aipatu gabe utzi taldeak dituen zaleak izugarriak direla. Nahiz eta Tolosan babarrun asteburua izan, dena utzi, eta hara joan ziren taldea animatzera: bertako zaleen ahotsen gainetik, gure ahotsa zen nagusi: 1, 2, 3, TAKE!!!