Taldea egiteko asteburua

Mikel Iraola 2014ko aza. 19a, 10:59

83-79 galdu du TAKEk, bigarren laurdenean egindako akatsei ezin buelta emanda. Taldeak bidaiatu duen lehen aldia izan da, eta bideoan esperientzia hori jaso du Atariak. Bestalde, Yon Gonzalezek Eutsi Goiari!-n partidako xehetasunak eman ditu:

«Taldea egiteko asteburu polita Burgosen. Lastima garaipena lortu ez izana, baina denok batera lan egiten badugu, emaitzak iritsiko dira!». Horrela definitu zuen pasa den asteburua Yon Gonzalez entrenatzaileak bere Twitter kontuan. Emaitzari garrantzia eman bai, baina taldeak izan duen batasuna «garrantzitsuena» dela aitortu du tolosarrak.

Lehen aldia zen TAKEk horrelako bidaia luze bati egiten ziola aurre. Jokoan ahalik eta ondorio gutxien izateko helburuarekin goiz irten ziren Tolosatik. Siesta egin, paseatu, meriendatu... Denetik egiteko aukera izan zuten partidaren aurretik: «Hotzean pentsatuta uste dut denbora gehiegi izan genuela, eta nabaritu genuela hori kantxan», dio Gonzalezek.

Izan ere, pisutsu irten zen taldea kantxara. «Eurak esperientzia handiko jokalariak dira, eta erritmo motela jartzen diote partidari. Astean zehar hitz egin genuen azkartu egin behar genuela, eta kontrakoa egin genuen», azaldu du prestatzaileak.

Porrota, ordea, ez zen horregatik gertatu, bigarren laurdenaren amaieran egindako akatsen erruz iritsi baitzen. «Bi hiruko jarraian sartu zituzten eta hamar puntuko aldearekin iritsi ginen atsedenaldira».

Hirugarren laurdenaren hasieran, berriz, indartsu irten zen taldea, azken jardunaldietan erakutsi duen gogortasunarekin, eta puntuak murriztea lortu zuen. Gonzalezi hori gustatu zitzaion: «Horrekin geratzen naiz ni, taldeak galtzen joanda ere, inoiz ez zuela amore eman».

Azken zatiko amaierara bi puntuko aldearekin iritsi ziren etxekoak, baina tolosarrek defentsan ez zuten asmatu. Egin behar ez zen falta egin eta jaurtiketa libreak sartu zituzten. Hortik aurrera, lau puntuak mantendu ziren. «Erasoan ongi izan ginen, baina asteburuak zerbait irakatsi badigu, defentsa gogorrera itzuli behar dugula da. Hori bota dut faltan».

Baina, aipatu moduan, Gonzalez haratago doa: «garrantzitsuena taldeak bi egun horietan izan duen barne giroa izan da. Uneoro elkarrekin izan gara, eta galdu arren hori barneratu eta gainontzeko taldekideekin gozatzeko gai izan gara». Eta bere txioan aipatu moduan, talde lana eginez gero, iritsiko dira garaipenak.

Nesken bigarren garaipena
Bi asteko atsedenaldiaren ondoren, bueltan ziren Iker Otaño eta Kepa Jauregik entrenatutako neskak. Eta ez dute hutsik egin. 43-32 irabazi diote asteburuan Oiarsori. Ongi borrokatutako neurketa izan zen, eta pixkanaka emaitza onak pilatzen hasi dira tolosarrak, lehen bi neurketetan porrota jaso eta gero. Une honetan sailkapen nagusiko bosgarren lekuan dira, eta datorren astean aukera ona izango dute gora egiteko, Cafes Aitona, azken sailkatuaren aurka arituko baitira.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!