Gaikako bilketa hirigune trinkoetara egokitzea, "gakoa"

Itzea Urkizu Arsuaga 2014ko azaroaren 14a

Kataluniako hondakinen partzuergoko zuzendari Josep Maria Tost Tolosan izan da, hondakinen bilketarako sistema berria gertutik ezagutzeko.

Gipuzkoako Batzar Nagusiak bisitatu ondoren, Tolosan izan da Josep Maria Tost kataluniarra, udalak hondakinak biltzeko ezarri berri duen sistemaren nondik norakoak aztertuz. "Oso interesgarria" dela nabarmendu du "gaikako bilketaren onena bere ingurunera egokitzea" dela azalduz.

Bide horretan, Tolosako edukiontzi komunitarioen sistema "kontzientzia pizteko bide bat" iruditu zaio Tosti, "bizilagunekin batera birziklatu behar delako". Horrela, beraz, Tolosan ezarritako sistema konponbide bat litzateke, bere ustez, hirigune handietako gaikako bilketari erantzuteko: "Gaikako bilketa eremu urbano trinkoetan kalitatezkoa izan dadin, garatzeko dago sistema perfektu bat, eta Tolosakoa eredu izan daiteke horretan".

Azkenik, sortzen denaren arabera ordaintzera iristea "etorkizuna" dela azaldu du, Europa osoan hala dela azpimarratuz: "Hori da helburua, ingurumenari nahiz fiskalitateari begira, eta sistema honek ahalbidetzen du".

6.000 kilotik gora

Agerraldian, Josep Maria Tostekin batera, Ibai Iriarte Tolosako alkatea ere izan da, eta Tosti Tolosan hondakinen esparruan egindako lanketa nahiz gaur egungo egoera azaldu dio kataluniarrari.

Era berean, sistema berria "oraingoz oso ondo funtzionatzen" ari dela azaldu du, gaikako zifra zehatzak datozen asteotan izango dituzten arren: "Bilketa bakoitzean 6.000 kilotik gora organiko jasotzen ari gara, eta hori oso garrantzitsua da, pauso bat gehiago baita amalurra ez hondatze bidean".

Paperari eta kartoiari dagokienez, berriz, hondakinak gaika biltzeak aldaketa nabarmena ekarri duela azaldu du Iriartek, "biltze maiztasuna biderkatu egin behar izan baitugu".

Horrenbestez, Josep Maria Tosten bisitaren garrantzia azpimarratuz, sorkuntzaren araberako tasak ordaintzean jarri du hurrengo jomuga.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!