Asensio alkategaiak "Tolosa onerako alda daitekeela" uste du

Itzea Urkizu Arsuaga 2014ko aza. 13a, 16:30

Tolosako PSE-EEk Udal eta Foru Hauteskundeetarako zerrendaburua aurkeztu du, Gipuzkoako idazkari nagusi Iñaki Arriolaren babesarekin.

Tolosako PSE-EE "esperientzia eta berrikuntza" uztartuko dituen zerrenda prestatzen ari dela azaldu du, Jose Ignacio Asensio alkategaia aurkezteko egindako agerraldian. Gaur egun ere Tolosako Udaleko zinegotzia da, eta Gipuzkoako PSE-EEko idazkari nagusi Iñaki Arriolaren babesa izan du aurkezpenean.

48 urte ditu, eta eta Ekonomia eta Enpresa zientzietan lizentziatua da. Arriolak "erabateko konfiantza" azaldu du Asensioren lanarekiko, "kudeaketarako gaitasuna erakutsi baitu jada". Horrela, PSE-EE "aldaketaren giltza" izan daiteke Tolosan, beren ustez: "Gure lekua mantendu zein hobetzeko gogor lan egingo dugu urtarrilera bitarte, Tolosa onerako asko alda daitekeela uste baitugu".

Bide horretan, "oso alderdi herrikoia" direla nabarmendu dute, eta "gauza txikiei garrantzia osoa" eskaintzeko beharraz ohartarazi dute.

Lau urteotako balantzeak, gazitik gehiago

Bere hautagaitza jendarteratzearekin batera, Jose Ignacio Asension legealdiaren balantzea egiteko ere baliatu du agerraldia, eta oso kritiko azaldu da Bilduk eta Aralarrek osatutako udal gobernuak jarraitu duen bidearekin: "Tolosarentzat, galdutako lau urte izan dira, Bilduren gobernuak ez baitu proiektu estrategikorik sustatu. Besterik gabe, aurretik abiarazita zeuden egitasmoei jarraipena eman diete, eta horren adibidez dira Euskal Herria plazako gazteen etxebizitzak nahiz Amarotz auzoko obra. Aipatzekoa da, bide batez, bi horiek Arriolaren kontseilaritzak proposatutakoak direla".

Parte hartze politiken inguruan ere ez du ikuspegi ona adierazi, "Larramendikoa gaizki irten ondoren, argi ikusi baitugu Bildu zer nolako partaidetza eredua duen". Horren harira, azkenik, udal gobernuak hondakinen bilketa sistema "inposatu" izana gaitzetsi du berriz: "Ez dira ausartu atez atekoa jartzera, eta datorren legealdian gure esku balego, 5. edukiontzia jarriko genuke".

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!