Ereduak apurtuz, erronka berrien bila abiatu da Bonberenea Txaranga

Itzea Urkizu Arsuaga 2014ko aza. 13a, 11:12
Mikel Zelaia eta Jon Altuna txarangako kideak dira, eta gogotsu daude proiektu berria plazaratu eta entzuleen belarriak gozatzeko; beste irudian, masterirazio eta nahasketa lanak egin dituen Karlos Osinagarekin, Bonberenean.

Bihar ez da gaur diskoa aurkeztuko du, gaur, Bonberenea Txarangak; soinu berritzailea bildu dute lanean

Eboluzioaren erakusle da eskuartean dutena, hamarkada pasatxoko lanaren garapen bizia. Disko berriarekin amaituko dute urtea Bonberenea Txarangako kideek, eta gaur bertan aurkeztuko dute, Donostiako Udal Liburutegian, Bihar ez da gaur izenburupean.

Txaranga ulertzeko modu berri baten hasiera marka dezake estudioko lan berriak, zortzi kanturen bitartez. Instrumentalak dira sei, eta kantuz lagunduak bi; DUT taldearen bertsioa da bat, eta sorkuntza propioak beste zazpiak.

Grabaketa lanek abuztu osoa bete zieten txarangako kideei, baina Bihar ez da gaur proiektua zazpi hilebetetako lana izan da, ideiatik abiatu, sormen prozesuarekin jarraitu eta hori guztia musika tresnekin gauzatu arte. Eta, ez da gutxiagorako, Jon Altuna txarangako kideak azaldu bezala, «beste ur batzuetan» sartu baitira.

Ohiko taldea, ezohiko ideiak

Aurkeztu berri dutenarekin, Bonberenea Txarangak laugarren diskoa gehituko dio bere diskografiari eta, talde berak egindako lanak izanagatik, bata besteagandik oso desberdinak dira guztiak.

«Jendeak diskoa lehenengoz hartu eta entzuten duenean, baliteke honakoa pentsatzea: 'Tituluan bai, Bonberenea Txaranga, baina hau ez da txaranga!'. Baina guretzat ere txarangaren inguruko kontzeptu hau berria da, beraz, entzunez eta entzunez soinu berri horretara ohituko dira». Halaxe nabarmendu du Mikel Zelaia txarangako kideak, laugarren diskoa taldearen beraren erronka berritzat hartuz.

Duela hamaika urte elkartu ziren, lehenengoz, gaur egun txaranga osatzen duten musikariak; hastapenetako grina nagusia ondo pasatzea zela aitortu du Altunak, eta ez zutela, sekula, halako ibilbiderik egitea pentsatuko: «Parrandarako elkartu ginen, gaztetxearen urteurrena ospatzeko. Denboraren poderioz, ordea, Bonberenearekin era paraleloan hazi den taldea izan da. Beharbada horregatik, txaranga hau ez da beste txaranga batzuen modukoa, beste ideologia batekin lan egiten baitugu, autogestioaren bidean».

Hari horri tiraz azaltzen dute, beraz, Bihar ez da gaur: autogestioak gauza berriak egiteko aukera eman die. «Ikasi nahi izan duen taldea izan gara hasieratik, eta ez dugu beldurrik izan edozein proiektutan parte hartzeko», dio Altunak.

Horren erakusle da proiektu berria ere, aurretik egindako guztiarekin puskatu, eta eredu berriak proposatuko baitizkiete entzuleei, belarri txarangazaleak trebatuz: «Ohiko txaranga batek beste musika mota bat ere egin dezakeela erakusten duen zerbait da». Eta, zentzu horretan, diskoaren promoziorako sortu duten testuan mezu zuzena bidali nahi izan diete txarangazale puristenei, lana patxadaz entzun eta gozatzeko ohartaraziz.

Hitzordu berrien zaparrada

«Azken hamarkadako bide berari jarraitu diogu, baina bide hori pixkana konplikatu egin dugu, eta hau da emaitza», dio Zelaiak.

Bonbereneako labean egindako lan hori jendaurrean azaltzeko ere prestatu da txaranga, diskoan entzuten dena zuzenean ere egiteko gai direla oholtzaratuz. Horrela, lehen hitzordua etxean izango dute, abenduaren 19an.

Hamaika urte, belaunaldi bat eta lau disko eman ditu, oraingoz, Bonberenea Rxarangak, baina badirudi harrobia ere gogotsu datorrela, etorkizuna eraikitzeko prest.

Bihar ez da gaur lanaren modukoak egin eta lekukoa pasatzeaz harro izango dira beteranoak, «denon artean etorkizun bat sortzeko».

 

'Bihar ez da gaur', txaranga berritzaile baten proiektua

Bonberenea Txarangako musika tresnen uztartzearekin batera, beste hainbat ale beharrezkoak izan dira disko berria sortzeko.

Besteak beste, Iker Pando gitarrarekin aritu da, eta Ivan Alzate baxua jotzen. Ekhiñe Olanok, berriz, tronpa jo du zenbait abestitan, eta ahotsa jarri duten bi abeslariak Sorkun Rubio eta Juantxo Arakama izan dira.

Azken honek, Gara(i)pena kantuko hitzak ere sortu ditu, eta Argitzalak abestiko hitzak, berriz, Ion Arruebarrena txarangako kidearenak dira.

Abuztuan eta irailean egindako grabazio, nahasketa eta masterizazioaren arduraduna Karlos Osinaga izan da, eta Mikel Zelaia ere berarekin aritu da.

Azkenik, lan musikala bildu eta jendaurrean erakusteko diseinuaren arduraduna Joseba Ponce izan da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!