Edukiontzi berrien sistema "inprobisaziotzat" du Tolosako EAJk

Tolosaldeko Ataria 2014ko aza. 12a, 11:52

Sistema berriarekin "emaitzak espero bezain onak ez izatea" posible dela diote; halaber, hondakinen tasan ezarritako aldaketen aurka azaldu da udal taldea.

Hilabete inguru igaro da Tolosako Udalak hondakinen bilketarako sistema berria martxan jarri zuenez geroztik, eta Tolosako EAJk bere desadostasunak plazaratu nahi izan ditu prentsa ohar bidez. Besteak beste, Bilduri gauzak "korrika eta presaka" egitea egotzi diote.

Jeltzaleek salatu dutenez, "udal hauteskundeen gertutasunak eraman du Bildu sistema ezartzera", baina "atez atekoaren aurkakotasunari esker" lortutako sistema dela nabarmendu dute. Lorpena azpimarratzen duten arren, ordea, desados azaldu dira sistemarekin, "norbanakoaren intimitatean" sartzen ari direla gaitzetsiz.

"Sistema erabakitzerakoan ez zen adostasunik izan, eta kuboak jasotzeko ilara luzeak inprobisazioaren erakusle dira", EAJko udal taldearen esanetan.

Azkenik, "mehatxua" ere salatu dute oharraren bidez: "Inprobisazio horrek ondorioak ekar ditzake sistema berriaren emaitzetara, eta baliteke hori gertatuz gero, EH Bilduk atez atekoa Tolosan jarri nahi izatea, birziklatze tasa altuagoak lortzeko sistema bakarra dela aldarrikatuz".

Tasa berriak, "sistema berriaren ondorio"

Joan den ostiralean onartu zituen, Tolosako Udalak, 2015erako ordenantza fiskal berriak. Eohiko plenoa azaldutakoarekin, EAJ prentsa ohar bidez ere azaldu nahi izan du neurri berriekiko desadostasuna, eta hondakinen zergari dagozkion aldaketak gaitzetsi dituzte, besteak beste.

"EAJ-PNV ados dago datorren urtera begira udal zergak izoztearekin, baina ez, Bilduk onartu bezala, hondakinen tasa %5 igotzearekin", azaldu dute oharrean. Jeltzaleen arabera, igoera hori "sistema berriaren ondorio" da, "lur azpiko edukiontziak alferrik galdu eta kamioi berriak erosi behar izan baitituzte". Aurreko urteetan ere %5eko igoera jasan izan du tasa horrek, eta 2008an nahiz 2009an, berriz, %10 eta %20eko igoerak izan zituen hondakinen tasak, hurrenez hurren.

Hondakinen tasa berriek zenbait hobari ere izango dituzte auzo konposta nahiz auto konposta egiten duten herritarrentzat; zehazki, auzo konposta egiten duten herritarrek %20ko hobaria izango dute, eta auto konposta egiten duten tolosarrek, berriz, %30ekoa. Neurri hori "diskriminatzailea" da EAJren ustez: "Orain, lehenengo eta bigarren mailako tolosarrak ditugu, eta konpostagailurik beren auzoan ez dutenek udal zerga bere osotasunean ordaindu beharko dute, auzo konpostagailua erabiltzeko aukerarik gabe".

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!