Baaaaaaiiiiiiiiiiiiiii!!!!

M. Iraola 2014ko aza. 12a, 12:01

TAKEk garaipen garrantzitsua lortu du Fundacion Valladolid taldearen aurka, hiru segundoren faltan hiruko saskiraketa bati esker. 74-71.

Neurketa amaitzeko 27 segundo. 71-71 markagailuan. Eta hutsartea. Denbora motel igaro da. Isiltasuna nagusi, azken laurden burrunbatsuan ez bezala, gogor astindu baitute lurra haurrek aurkariari presio egiteko. Harmailetan hankak ezin geratu, bihotzak dantzan, eta odola borborka. Behingoagatik amaitu dira minutuak diruditen segundoak. Goazen mutilak! edo Aupa TAKE! oihuekin batera, txaloak.

Eta hori gertatu bitartean, Mikel Lakunzak eskuoihal bat eman dio bere lehengusu Jon Azaldegiri: «Lehortu eskuak, hirukoa sartzeko». Gertatu daitekeenaren jakitun da. Aurrez Goarrek ere ohartarazi die: «Baloia pasako dizuet, ez dut nik botako, gainean izango ditut eta». Eta horrela izan da. Alde batetik bestera baloia mugitu ondoren, Goarrek Joni pasa, eta bota du jaurtiketa. Eta berriro ere makrosegundoak diruditen mikromilisegundoak, baloia saskiratzen ikusi arte. Baaaaaaiiiiiiiiiiiiiii!!!!

Ezin sinetsita, eta pozaren pozez, saltoka erretiratu dira jokalariak aulkira, izan ere, —berriro ere— minutuak diruditen hiru segundo falta dira eta defentsa ona prestatu beharra dago. Ez da beldurrik, ordea. Eta garaipenak ez du alde egin. 74-71. Eta festa izugarria Usabaleko harmailetan.

Eta ez da gutxiagorako. Lau neurketetatik bi irabazi eta beste bi galdu baititu TAKEk, eta galdutako bi horiek puntako aurkarien aurka: «Pasa den urtean horrelako neurketa estuak ez genituen izan, eta onerako denean eskertzen dira horrelakoak», zihoen neurketa amaituta Azaldegik, oraindik ere pozarren.

Sufrimendua, ordea, ez zen azken segundo horietakoa soilik izan. «Oro har, neurketa osoan borrokatutako garaipena izan da», aitortu zuen Alain Rekondo, tolosarren bigarren entrenatzaileak: «Defentsa ona eta indartsua izan dira gakoak. Eta gero, erasoan, asko asmatu dugu».

Izan ere, Fundacion Valladolid taldeak gizon indartsuak zituen barrualdean, eta errebotean nabaritu zen. Edmond Koyanouba amerikarrak 12 errebote hartu zituen, eta Daniel Astillerosek 13. Bien artean beraien taldearen gehiengo osoa.

Biak geratzeko lan horretan More nabarmendu zen. Erasoko jokoan, berriz, Azaldegiren 19 puntuak eta Goarren 27ak erabakiorrak izan ziren. Baina ororen gainetik, garaipen gosea, talde izaera eta borroka izan ziren talde tolosarraren identitate. Irabazi edo galdu, ez dezala gal.

Crowdfounding-a %38an
Dirua biltzeko klubak martxan jarri zuen kanpainari amaiera emateko bi aste falta dira, eta orain arte ezarritako helburuaren %38a lortu dute, 1.130 euro hain zuzen. Ia 3.000 euro lortzea dute xede, eta horretarako kantitate ezberdinak emango dituen jendearen bila dabiltza.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!