«Emakumeok zoragarriak garela eta ia inork ez digula esaten aldarrikatu nahi nuen»

Itzea Urkizu Arsuaga 2014ko aza. 12a, 09:00

Eleberri erotiko-erromantiko bat da Maria Moralesen arma, gizarte parekideago batera iristeko; bihar aurkeztuko du.

Andoaindarra den arren, aspaldiko urteetan tolosartutako kazetari eta idazlea da, Maria Morales. Luis Landero eta Miguel Delibesen prosa maite du eta, emakumeen autonomia aldarrikatzeko, La consciencia del tiempo eleberria argitaratu berri du. Bihar aurkeztuko du, 19:00etan, Tolosako kultur etxean, eta Ross, Edel eta Babel liburudendetan eskuragarri izango da lana. Eleberriaz haragoko proiektuzat du lana, eta laconscienciadeltiempo@gmail.com helbidea ere irakurleei zabalik utzi nahi izan die, iritziak biltzeko nahiz haiekin elkarrekintza sortzeko.

Zein gai jorratu nahi izan duzu lan honetan?
Emakumeok, gure gizartean, ondo sentitzeko eta aurrera egiteko txoko propiorik ez dugula azaldu nahi nuen, eta liburu bat idaztea onena litzatekeela pentsatu nuen, tresna gisa eta emakumeei eragiteko. Nola? Segurtasuna aurkitzeko norbere lana poliki-poliki egin behar dugula esanez.

Horretarako zein literatur generoz baliatu zara?
Eleberri erotiko-erromantikoa da, batzuk deitzen dioten moduan. Amodioaren inguruan idatzi nahi nuen, eta baita bikoteen inguruan ere, harremanak nola hasten diren-eta kontatuz. Baina, batez ere, nire helburua beldurrari buruz idaztea izan da, adituen arabera beldurrek mugitzen dutelako gure bizitza. Liburu baten bitartez zerbait arina eta goxoa irakurriz gero, eta irakurritako horrek zenbait beldur baztertzera bultzatzen bazaitu, konturatuko zara zure bizitzarekin aurrera jarraitzeko eta berau hobetzeko gaitasuna baduzula.

Emakumeek izan beharko luketen autonomia aldarrikatzeko tresna izan da eleberria?
Noski baietz. Tamalez, XXI. mendean horrelako gauzak lortu nahian aritu behar dugu oraindik, eta beste hainbat emakumek lan handia egin duten arren, guri ere badagokigu gure lekua egitea. Nik badakit ez naizela mesias bat, eta mundua ez dudala konponduko liburu honekin, baina, azken finean, bakoitzak bere lana egin behar du, eta hau da nire hondar alea.

Emakumezkoei begira idatzi duzu, ala denek irakurriko dute gustura?
Nik uste dut jende guztiarentzat dela. Normalean, eleberriko eskuizkribuak banatu egiten dira ezagunen artean, haien iritzia biltzeko asmoz, eta baita estiloa eta ortografia zuzentzeko ere. Kasu honetan, eskuizkribuak bereziki gustuko izan dituzte gizonezkoek ere; barruraino iritsi zitzaiela esan zidaten batzuek.

Gertakizun guztiak kontatu gabe, nondik nora joango da haria?
Badut lagun bat, amaiera zoriontsudun filmak eta liburuak atsegin dituena; niri, berriz, aurkakoa gustatzen zait. Horrela, istorioan film bat txertatu dut, eta fikzioaren barruan beste fikzio bat sartuta, hamaika gertakizun eta bi bide posible sortu zaizkit. Dena den, hiruzpalau bikote eta haien inguruko pertsonak izango dira haria gidatuko dutenak. Intriga istorio osoan mantenduko zuen lan bat sortu nahi nuen, azken finean, hori baita irakurlea liburua irakurtzen jarraitzera bultzatzen duena.

Zenbat denbora eman duzu eleberria sortzen?
2010ean hasi, eta bi urte eman ditut. Ama naiz, etxekoandrea, kazetaria, emaztea,... Eginbehar asko, hitz batean, eta horrek nire egunak oso ondo antolatzea eskatu zidan: egunero 05:30ean jaiki, astelehenetik igandera; nire haurrak beti lanean nengoela ez sentitzeko, jai egunetan eramangarriarekin egongelan idazten aritzea, eta abar. Oso-oso gogorra izan da, baina merezi izan du, nire lana dela sentitzen dudalako, eta idazle bezala nire bidea egin nahi dudalako.

Nola piztu zitzaizun liburu hau idazteko gogoa?
Txikitatik ikusten nuen, adibidez, familia afarietan-eta, gizonezkoak hizketan eta jokoan aritzen zirela, eta emakumeak, bitartean, janaria prestatzen edo garbiketetan. Behin amatasunera iritsi, lan eta ardura gehiago hartu eta, gainera, gizarteak hori lanbidetzat ez duela ikustean, barruan nuen hori eleberri baten bidez oihukatzeko gogoa sentitu nuen; emakumeok zoragarriak galera eta ia inork ez digula esaten aldarrikatu nahi izan nuen.  

Teknologia berriak erabili dituzu liburua ezagutarazteko.
Eleberria bukatu ondoren, argitaletxe baten deiaren zain nengoen. Bitartean, ordea, jendeari helbide elektronikoa eskatu nion, liburuko pasarte bat bidaltzeko. Nire lana ezagutarazteko bide bat izan zitekeela bururatu zitzaidan. Egia esan, oso baliagarria izan zen ideia, jendeak pasartea gustuko izan zuelako eta mezu biral bilakatu zelako.  
Gizarteak hainbat pauso eman ditu, azken urteotan, parekidetasunerantz. Asko dago oraindik egiteko?
Gizarteak eta kulturak pisu handia dute, eta gure txokoa eskuratzen saiatzen ari garen arren, ez dugu lortu oraindik. Liburuaren aurkezpenean beste bide bat badagoela azalduko dut: emakume bakoitzak bere buruari begiratu behar dio, eta kontzientzia hartu, ama, emazte edo etxekoandre izan baino lehen pertsona dela ikusteko; pertsona eta, batez ere, emakumea. Hori norberak zaindu behar du, modu horretan segurtasun gehiago sentituko baitu ama eta emazte izateko ere, bere txoko propioaz ahaztu gabe.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!