«Orekarantz», zerga eta tasa berriak onartu ditu udalak

Itzea Urkizu Arsuaga 2014ko aza. 11a, 10:12
Terrazen zergetan aldaketak ezarriko dituzte 2015ean.

2015eko aurrekontua osatuko dute, pasa den ostiraleko ezohiko osoko bilkuran onartutako neurriekin

Tolosako udal gobernuak, «zerga politika justuago bat» abiarazte aldera, neurri berriak proposatu berri ditu, 2015eko aurrekontuei begira; joan den ostiraleko ezohiko osoko bilkuran onartu bezala.

Urteroko moduan, KPIa gehituko diete udal zergei eta tasei eta, hauek izoztea erabaki dutenez, eta KPIa Euskal Herrian %0 izango denez, iazko berberak izango dira.

Ordenantza fiskalen aldaketa nabarmenenak, beraz, hiru izango dira. Batetik, taberna eta kafetegietako terrazen arautegiari dagozkionak dira neurriak eta, sektore horretan jarraituz, establezimendu berriak irekitzeko asmoa duten merkatariek ordaindu beharreko zergak eta tasak ere moldatu egingo dituzte. Azkenik, hondakinen zergan ere aldaketak egingo ditu udalak, «sortzen denaren arabera ordaintzea» aurrera eramanez.

«Tolosako tabernariek bazeramatzaten, zenbait urte, eskari bera eginez, eta horri erantzun nahi izan diogu», azaldu zuen Lore Agirre zinegotziak, neurri berrien aurkezpenean. Eskariaren arabera, Tolosako tabernak bi multzotan banatu beharko lirateke, kokalekuaren arabera.

Horrela, beraz, bi multzo egin ditu udalak: erdigunea eta Alde Zaharra sartuko dira lehen multzoan, eta, Alde Zaharraren kasuan, Euskal Herria plaza, Aroztegieta kalea, Plaza Zaharra eta Plaza Berria sartuko dira. Tabernari horiek guztiek, orain arteko tasa berbera ordaindu beharko dute, datorren urtean ere, kalean terraza bat jartzearen truke.

Bigarren multzoko tabernariek, aldiz, %30 gutxiago ordainduko dute terrazei dagokien tasa, eta erdigunetik kanpo geratzen diren tabernak sartuko dira multzo horretan.

Hirugarren sektoreari keinua

Tolosako Udaleko ordenantza fiskal berriek merkatari berriei ere eragingo die.

Orain artean, negozio baten jardunari eutsi eta senide zuzenei eskualdatuz gero, merkatari berriek %50eko hobaria izaten zuten lokala eraberritzerakoan; hobari hori, ordea, lehen mailako senide izanez gero bakarrik aplikatzen zitzaien.

Onartu berri duten proposamenarekin, ordea, bi titularrak senideak ez izanda ere, nahikoa izango da merkatal-jardunari eustea, hobari horri eusteko. «Merkataritza sustatzeko eta belaunaldi berriei sektore horretan sartzea errazteko laguntza eskainiko du neurriak», azaldu zuen Agirrek.

Merkatariei dagozkien hobariak onartu baziren ere, EAJko udal taldeak proposamen bat aurkeztu zuen bilkuran bertan, establezimendu berriak irekitzeko diru laguntzak aipatuz. Udal gobernua ados azaldu bazen ere, «proposamena idatziz aurkeztea» beharrezkotzat jo zuten Iriarte alkateak nahiz idazkariak eta, gainera, «sakonago aztertu beharreko kontua» dela azaldu zuen, aurrekontuei eragiten dien afera delako. Udal gobernuaren proposamena onartuta, beraz, EAJren emendakina datozen asteotan aztertzeko konpromisoa azaldu zuen Ibai Iriartek.

Sortu bezala, ordaindu

Azken urteotan bezala, %5 igoko dute hondakinen tasa. Zerbitzua defizitarioa da, eta 2008an nahiz 2009an %10 eta %20eko igoerak izan zituen tasa horrek, hurrenez hurren.

Etxebizitzen kasuan, hiru tasa bereizi dituzte: tasa arrunta, 101,65 eurorekin; auzo konposta egiten dutenena, bestetik, %20ko hobariarekin, 81,30 euro ordainduz; azkenik, auto konposta egiten duten etxebizitzetan %30eko hobaria izango dute, 71,15 euro ordainduz.

Sortzaile berezien kasuan, tarifa zatitu egingo dute. Zati finkoa 100 eurotik 400 eurora bitartekoa izango da, sortzen duten hondakinaren araberako hiru taldetan banatuta: ia hondakinik sortzen ez dutenak, kartoi komertziala sortzen dutenak eta organiko asko sortzen dutenak.

Zati aldakorra, berriz, ateratzen duten errefusaren arabera ordaindu beharko dute sortzaile berezi horiek: «Tasak modu justuagoan ordainduko dituzte, horrela, guztiek».

EAJk eta PSE-EEk desadostasun nabarmena azaldu zuten neurri honekiko, baina tasak onartu egin zituen udalbatzak.

Azkenik, aipatzekoa da IBIaren %50eko errekargua aplikatuko dietela bigarren etxebizitza dutenei. Halaber, Foru Fondotik aurreikusitakoa baino %5 gehiago jasoko du udalak: 11.000.000 euro inguru.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!