Babarrun lakaria zozketatu egingo dute aurten

Itzea Urkizu Arsuaga 2014ko aza. 10a, 13:09

Asteburu honetan izango da Tolosako Babarrunaren festa; gastronomia aitzakia izango da hainbat egitasmo antolatzeko.

Urteroko moduan, azaroa erdialdeak babarrun usaina ekarri du Tolosaldera, festarekin batera. Larunbat eta igandean hamaika jarduera izango dira, lehengai horren aitzakian, eta gaur aurkeztu dute egitaraua, Zerkausian.

Ekoizleen lehiaketa tradizio bilakatu da jada, eta larunbat honetan ere ez da babarrun alerik falta izango Trianguloa plazan. Uda heze eta hotza izan da pasa berri dena, eta zenbait arazo sortu dizkie, horrek, eskualdeko ekoizleei: "Gaitzak tarteko, eremu laiotz eta hezeetan ereindako babarrunek gutxi eman dute. Aldiz, goi eta eguterako soroetan oparoa izan da uzta. Hala ere, udazkenak denboraldia libratu digu". Horrenbestez, 24 hektarea erein dituzte 41 ekoizleren artean, eta 26.500 kilo biltzeko aurreikuspena egin dute.

Bertako produktuaren lehiarako, 07:30ean jarriko dituzte babarrunak sutan, eta 11:30erako prest izan beharko dute. Eltzeei ukiturik bereziena emate horretan, Fronton jatetxeko Roberto Ruiz, Astelena jatetxeko Peio Doyharzabal, Iriarte jatetxeko Felix Belaunzaran eta Botarri jatetxeko Txemari Esteban ariko dira.

Behin babarrunak prest daudela, epaimahaiak lanean hasi beharko du, eta eskarmentudun adituak bertaratuko dira Triangulora: Xarma jatetxeko Aizpea Oihaneder, Iribar jatetxeko Pili Manterola, Tolosako Babarrunaren Kofradiako Mertxe Ceberio, Tenedor Tours-eko Gabriella Ranielli eta www.viajablog.com-eko Jose Ramon Perez Fernandez.

Enkanterik ezean, zozketa aurtengo berrikuntza

Babarrunaren azoka bereziak jakinmina pizteko ekitaldi bat izaten du: enkantea. Babarruna onenaren lakaria enkantera atera izan da beti, baina, aurten, Tolosako Udalak berrikuntzak txertatzea erabaki du.

Horrela, zozketatu egingo dute lakaria, herritarren artean. Sukaldariek eltzeko lanak oholtzaren gainean egin beharrean, behean egingo dituzte, herritarren haien lana gertuagotik jarraitzeko. Gainera, elkartasun kutsurik ere izango du aurtengo azokak, ADEMGI esklerosi anizkoitzaren Gipuzkoako elkarteari begira: herritarrek euro bat ordaindu beharko dute, haien ustez eltzean hobekien ari den sukaldariari bozka emateko. 

Aurten, beraz, bi sari izango dira ekoizleentzat:herritarrek aukeratutakoa, bata, eta epaimahaiak auekratutakoa, bestea. Azken honi dagokionez, hirugarren ekoizle onenak 100 euro eta garaikurra jasoko ditu; bigarrenak 150 euro eta garaikurra; azkenik, lehiaketako irabazleak, 200 euro eta garaikurra jasoko ditu saritzat.

Ezer ez eta festa

Azoka berezien segidak ez du etenik Tolosako udazkenean, eta, lehiaketaz gain, azoka berezia ere izango da. Aurten, gainera, munduko beste hainbat herrialdetan babarrunak nola prestatzen dituzten ere ezagutu ahal izango da, Maroko, Ghana, Senegal, Nigeria, Errumania eta Brasilgo herritarrak lapikoan ariko baitira lanean. 12:00etan, babarrun horiek nahiz Tolosako sukaldarienak banatuko dituzte herritarren artean.

Gastronomia haurrei gerturatze aldera ere, tailerrak izango dira, goiz osoan zehar, 10:30etik 13:30era, kultur etxean, eta, bazkalondoan, kirolaren txanda izango da: 16:30ean Jose Inazio Elolaren omenezko I. txapelketako final-laurdenak jokatuko dituzte, zesta puntaz, Beotibarren. 19:00etan, berriz, leku berean, harri-jasotzaileen saioa izango da. 

Asteburua behar bezala biribiltzeko, igandean Gure Kaiola elkarteak antolatutako lehiaketa gastronomikoa izango da, eta 14:30ean herri bazkaria ere bai, Zerkausian; 25 euro ordaindu beharko da bazkari-txartela.

Babarrunaren inguruan antolatutako hamaika jarduerak aprobetxatuz, Tolosako Babarrunaren elkarteak XXV. kapitulua ospatuko du asteburuan, eta Euskal Herriko, Espainiako nahiz nazioarteko kofradietako kideak bertaratuko dira.

Babarrunaren elkartean, lekuko aldaketa

Mari Karmen Iradi irurarrak urteak daramatza Tolosako Babarrunaren Elkarteko lehendakaritzan. Ekoizle lanetan ere aritzen da bera, eta gaurko agerraldian azaldu du, kargua uzteko asmoa duela: "Eskerrak eman nahi nizkieke babarrunaren inguruan hainbeste egitasmo antolatu dituztenei, eta lekuko aldaketa bat beharrezkoa dela uste dudanez, uztea erabaki dut; ziur jende gazteak baduela kemena beste hainbeste egiteko".

Hunkituta, babarruna ereiten jarraitzeko asmoa duela nabarmenduz agurtu da Iradi.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!