Eguberri ondoren ekingo diote Berazubiko bigarren faseari

Itzea Urkizu Arsuaga 2014ko aza. 7a, 11:38
Harmailak dauden lekuan korri egiteko pista estalia jarriko dute.

Tribunaren bestaldean korri egiteko pista estali bat egingo dute, hiru kalerekin.

Tolosako Udalak zabaldu du, jada, Berazubiko estadioko obren bigarren faseko lizitazioa; lehiaketa publikora aurkezteko epea azaroaren 17an amaituko da. Lehen faseko lanak iaz amaitu zituzten, eta Eguberrien ondoren bigarreneko obrekin hasiko dira, ekaina amaierarako lanak amaituta izateko.

Aipatzekoa da bigarren faseko aurrekontua 775.771 eurokoa izango dela, eta zatirik nabarmenena Gipuzkoako Foru Aldundiak finantziatuko duela, 600.000 euroko diru laguntza jarri baitu proiekturako, Ibai Iriarte alkateak azaldu duenez: "Eskerrak eman beharrean gara, laguntza hori gabe ezinezkoa bailitzateke hau guztia aurrera eramatea".

2011. urtean Tolosa CFk, Muñoa Fundazioak eta Tolosako Udalak sinatutako hitzarmenaren fruitu izan da estadioaren eraberritzea eta, ondorioz, hiru urtetan 1.800.000 euroko inbertsioa ekarri dio udalari. Egitasmo osoaren aurrekontua, berriz, lau faseena, 2.869.000 eurokoa da.

Azpiegitura osoak kirolzaleentzat

2013an amaitutako eraberritze fasean sarrera, aldagelak, tribuna, gimnasioa, padeleko bi pistak eta Oria aldameneko ibiltokia eraberritu bazituzten, bigarren faseko lanekin ere itxuraldatze nabarmena izango du guneak.

Batetik, Paper kale aldeko horma eraitsiko dute, eta, Oria ibaiaren aldean bezalaxe, hesia jarriko dute, estadioa auzoko paisajean integratu eta "armonia lortzeko"; modu horretan, estadioko guztia hesiak inguratuko du, eta kaletik ere ikusi ahal izango da barrukoa.

Bide beretik, jada estadioan dagoen teniseko pista eraberrituko dute eta, horrekin batera, lehenengo fasean eraikitako padel pistaren ondoan beste tenis-pìsta bat eraikiko dute, homologatua. Pertika-jauzia egiten dutenek ere izango dute entrenatzeko txokoa Berazubin, jada zaharkitua dagoen gunea berritu eta erabiltzeko egokituko baitute.

Era berean, lehen igerilekua zegoen tokia txukundu egingo dute eta, Berazubi auzotik estadiora sartzeko ate nagusia ere txukundu egingo dute: "Ezingo da bertatik estadiora sartu, baina estalpe txiki bat jarriko dugu bertan, futbol partidak hortik ikusteko ohitura dutenek lekua mantendu dezaten".

Hala ere, bigarren faseko aldaketarik nabarmenenta tribuna nagusiaren pareko harmailetara ekarriko dute obrek: harmailak kendu eta 80-85 metro inguruko korri egiteko pista estalia jarriko dute, entrenatzeko. Aldamenean, berriz, hondarrezko putzua jarriko dute. Udal ordezkariek azaldu dutenez, pista estaliak zokalo bat izango du, eta gainontzekoa sare batekin estaliko dute, bertatik futbol partidak ere ikusi ahal izateko.

Bulegoak eta frontoia, lehentasunezko eginbehar

Lehen bi faseak amaituta, frontoia eta Tolosa CFko bulegoak eraberritzea faltako litzateke, guztia osatzeko. Biak ala biak lehentasunezko proiektu dira udalarentzat, azaldu dutenez, eta bulegoak berritzeko proiektua abian da. Frontoiaren kasuan, berriz, ur-agentziarekin zenbait arazo dituzte eta, oraingoz hain egoera txarrean ez dagoenez, aurrerago berrituko dute.

Bigarren faseak estadioari nahiz auzoari ekarriko dion aldaketa bizilagunei azaltzeko, Tolosako Udalak bilera bat antolatu du herritarrekin, azaroaren 12an, 19:00etan; Paper eskolan elkartuko dira.

Azkenik, eta Berazubi estadioaren eraberritzetik kanpoko lana den arren, aipatzekoa da padel pista berria guztiz estaliko dutela, haizearekin euri asko sartzen delako; hau urtea amaitzerako egina izango da.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!