Afizionatu mailako puntista onenak, Beotibarren

Imanol Garcia Landa 2014ko aza. 6a, 13:28
Andoni Lertxundi, Hasier De los Rios, Patxi Jauregi eta Fernando Elola, aurkezpenean.

Jose Ignacio Elolaren Oroimenezko I. Txapelketa antolatu dute, zesta puntari pilota munduan bere garrantzia emateko.

Tolosako Beotibar pilotalekuan maila handiko zesta punta partidak ikusteko aukera izango da. Jose Ignacio Elolaren Oroimenezko I. Txapelketa antolatu dute, eta aurkezpenean Patxi Jauregi Euskadiko Euskal Pilota Federazioko lehendakariak azaldu duenez, "orain urte eta erdi foro bat sortu zen zesta punta indartzeko, eta Beotibar elkartetik sortutako txapelketa hau bide horretatik doa". Maila handiko puntistak izango direla nabarmendu du Jauregik, tartean munduko txapeldunak, eta eskertu dio Beotibar elkarteari eta Tolosako Udalari txapelketa bultzatzea.

Beotibar zesta punta elkarteko Andoni Lertxundik azaldu duenez, txapelketarekin Jose Ignacio Elola omendu nahi dute: "Tolosako zesta punta elkarteko sortzaileetako bat eta langile nekaezina izan zen". Beotibar elkartetik, txapelketa antolatzerakoan, federaziotik zesta punta indartzeko proiektuan aletxo bat jarri nahi izan dutela azaldu du Lertxundik. "Partidak ikustera etortzeko gonbita egiten dugu, jendea seme-alabekin etortzera, erakusteko zesta puntaren ikusgarritasuna, pilotaren abiadura, soinua..." Lehen txapelketa honek jarraipena izatea nahi duela gaineratu du Lertxundik: "Euskal Herrian erreferente izatea nahi dugu. Denborarekin gaztetxoek ere parte hartzea nahi dugu, hori izango delako zesta puntaren indartzea bide onetik doala ikusteko adierazlerik argiena".

Bere aldetik, Hasier De los Rios Tolosako Udaleko zinegotziak azaldu duenez, "Beotibar elkartetik azaldu zutenean txapelketa bultzatzearena, ez genuen dudarik izan, bai zesta punta indartzeko delako eta baita Jose Ignacio Elolaren omenez delako". Partidak jokatuko diren bi asteburuetan Tolosan ere hainbat ekitaldi esanguratsu antolatu direla ekarri du gogora De los Riosek: "Batetik, Babarrun Azoka, lehenengo asteburuan, eta finalak jokatuko diren asteburua Txuleta Festa izango da". Bide batez, De los Riosek eskertu du Beotibar elkartetik egiten den lana zesta puntaren alorrean.

Aurkezpenean Fernando Elola izan da, Jose Igancio Elolaren semea, eta eskertu die antolatzaileei eta babesleei horrelako txapelketa bat antolatzea. "Aitarentzako Tolosako eskola zen bere bizitza, bere mundua zen. Lan handia egin zuen martxan jartzeko, eta haurrei zesta punta erakusteko. Beretzat ez zen lan bat, pasio bat baizik. Ez zuen pilota bakarrik erakusten, baloreak ere erakusten zituen eta bere bizimodua horri lotuta zegoen". Txapelketa Jose Ignacio Elolari egiten zaion "errekonozimendua" dela gaineratu du. "Espero dut dagoen lekutik txapelketa jarraituko duela eta gozatuko duela. Beretzako eta guretzako dagoen kirol politena da".

Txapelketarako zortzi bikote osatu dira, afizionatu mailako Euskal Herriko puntista onenekin. Finalaurdenak azaroaren 15ean, 16:15ean, eta azaroaren 16an, 11:15ean, jokatuko dira. Finalerdiak abenduaren 7an izango dira eta finala abenduaren 8an.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!