Amaroztarrek azpiegitura berriak dituzte aisiarako

Itzea Urkizu Arsuaga 2014ko aza. 5a, 19:21

Eusko Jaurlaritzak Tolosako Udalaren eskura utzi du, ofizialki, Papertegiko eremua

Tolosako Amarotz auzoa zeogen paper fabrika eraitsi eta urbanizazio berria martxan jarri zutela bada, jada, urtebete inguru. 23.171 metro karratuko lursail horretan etxebizitzak egiteko egitasmoa martxan den arren, aisirako azpiegiturak amaitu dituzte, jada, eta amaroztarren gozamenerako erabilgarri daude haur parkea eta frontoia. Orubide S.A. Eusko Jaurlaritzaren sozietate publikoak egin ditu urbanizazio horretako obrak, eta baita Iruñea etorbideko lanen barruko biribilgunea ere. Horrela, ofizialki Tolosako Udalaren eskuetan utzi du eremu hori guztia.
Juan Maria Aburto Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburua bertaratu da auzora, eta jaurlaritzak bertan 291 etxebizitza sustatzeko asmoa duela azaldu du: «Amarotz paper fabrikako 100 lanpostuak mantendu egin ditugu, enpresak Legorretan duen lantegian ari baitira orain. Horrela, babes ofizialeko 89 etxebizitza, eta beste 59 tasatu eraikitzea aurreikusten dugu; gainerakoak, berriz, etxebizitzen %50, libreak izango dira».
Ibai Iriarte Tolosako alkateak, bere aldetik, «etxebizitza politikek herritarren beharrei erantzun» behar diela nabarmendu nahi izan du, eta eskaera bat egin dio sailburuari: «Esparru honen jabetza publikoa izanda, eremu bikaina da alokairura bideraturiko etxebizitza politika eraginkor bat aurrera eramateko».
Aipatzekoa da, Aburto sailburuak aipatutako etxebizitza kopurua behin-behineko proiektuan aurreikusitakoa dela, baina beharren arabera eraikiko dituztela etxeak. Horretarako, kontsulta-epe bat zabalik izan da, Etxebideren bidez, iraila hasieratik pasa den urriaren 19ra bitarte, «tolosarrek urbanizazioarekiko zein interes duten jakiteko».
Behin kontsultaren emaitzak baloratuta, 2015ean obrak lizitzatzea aurreikusten du Visesa eraikuntza enpresak, eta bi urte inguruko epean amaituko lukete urbanizazioa.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!