Bedaioko ahotsak jasotzeko hitzarmena sinatu berri dute

Ataria 2014ko azaroaren 5a

Artubi eta Badiharduguko ordezkariak lankidetza hitzarmena sinatzerakoan

Bedaiok iragan igandean ospakizun eguna izan zuen. Batetik, urteroko azoka egin zelako, garaian garaiko kalitatezko produktuak herritar eta bisitariei plazaratuz. Eta bestetik, azoka giroa probesturik, kultura hitzarmen bat sinatzeko data izan zelako. 

Bedaioko Artubi elkarteak Badihardugu euskara elkartearekin sinatutako hitzarmena medio Bedaioko ahozko ondarea eta herri hizkera bildu eta hedatu egingo da. Artubi elkarteak baikortasunez hitz egin du lankidetza honetaz: «Beste pauso txiki bat da gure kultura jaso eta gordetzeko ibilbidean».

Artubi eta Badihardugu elkarteen arteko hitzarmena posible egitea elkarte biek helburu komunak izatean erroturik dago. Horrela, azpimarratu dute behinik behin Bedaioko elkartearen partetik: «egitasmoak antzekoak direla kontuan hartuta, elkarri laguntza emateko eta indarrak optimizatzeko, elkarlanerako hitzarmena sinatu dugu».

Finean, Badihardugu euskara elkarteak, Bedaioko herritarren laguntzarekin batera, aurrerantzean egin beharreko lanak ondorengoak izango dira: Bedaioko adineko jendea elkarrizketatzea, euren euskara eta bizipenak jasotzea eta herritarren artean zabaltzea.

Bedaion aurrera eramango den ekimena aurretik Euskal Herriko hainbat eta hainbat txokotan martxan jarri da, Ahotsak proiektuari esker: Euskal Herriko hizkerak eta ahozko ondarea. Honela, Ahotsak proiektuak adineko jendea elkarrizketatuz audio zein bideo materiala bildu egiten du eta material hau egokitu ondoren, www.ahotsak.com webgunean jasota gelditzen da.

Aurrerantzean beraz, webgune honetan Bedaioko adinekoen ahotsak topatu ahal izango ditu herritar orok.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!