Europa ekialdeko herrialde bizilagunetako ordezkari ugari ahots taldeetan, belarrien gozamenerako; urrun bezain gertu ditugun kultura horiei buruzko lagin anitz eta aberatsak entzun ahal izan genituen. Esloveniatik etorritako Ingenium seikotea gailendu zen. Goi mailako taldeen bereizgarrien jakitun, gozarazi egin ziguten; soinu delikatua, esaldien erritmika eta joskera gozatuak, ahotsen arteko elkarrizketan prestutasuna eta oreka. Oholtza gainean adierazitako plastikotasunaren bidez, entzulearekiko transmisio sarkorra lortu zuten. Zoragarria!
Beren bikaintasunean, baina koska bat azpitik, aritu ziren gainontzeko taldeak. Erresuma Batuko Chapter Fivekoek antzinako musikaren esparruan, apainduretan eta interpretazioan erakutsitako originaltasunak harritu ninduen. Bielorrusiako Blagovest gizon ahots indartsuak, berriz, errito ortodoxoaren erakusle bihurtu ziren, eta bertako kondairan murgiltzera gonbidatu gintuzten.
Errumaniako Anatolyk bertako kulturetatik ezagutzen ez dudan esparruetako bat izan zuen oinarri, egitarauaren zati gehientsuenean. Glissando geldo, erritmo aldaketa ugari eta Itsaso Beltzaren inguruan dauden kultura ugarien aldaera aberatsen erakusle. Halaber, Gemmako hungariarrak ere gertu ibili ziren, mailari dagokionean.
Abesbatzen sailean, berriz, Singapur eta Indonesiako oihartzunek, beren herriko musikak jorratzerakoan ukitu exotikoa gehitu zioten emanaldiei, ez gehiago! AEBetako Portlandeko taldeak bazuen zer jorratua, taldea bikaina zen eta; baina gutxitan lortu zuten zirrara eragitea. Erresuma Batuko Amicik, bere apaltasunean, eta polifoniako zehaztasun faltaren ostean, Gershwin-en ingurumarian beren soula eskaini ziguten.
Asturiasko Aurum taldeko neska gazteek berebiziko erakustaldia eskaini zuten. Helena Rosok taldeari etekin gehigarria ateratzeko hautaturiko bideek, emaitzetan dute argi ematen. Batetik, landutako ahots emisio garbia eta, aldi berean, eraginkorra. Ordu luzez egindako xehetasunezko talde lana. Zuzendariaren beraren musika ulertzeko eta igortzeko gaitasun zorrotzak, bi hirugarren sariren irabazle bilakatu zituen. Espainiar estatuan artearen munduak dituen amaigabeko hesi eta trabak ezagutuz, zorionik beroenak merezi dituzte.
Letoniako Maska gazte abesbatzak, saio bakoitzean launa obrarekin egin zuen aurrera. Eredu gisa indartsu, nahiz eta batzuetan zuzendariari malgutasun falta sumatu genion.
Askotan, abesbatza desberdinak jarraian entzun ahala, denen bertuteez osaturiko bat proposatzeko gogoa etortzen da. Jolas polita da bateko zuzendari eta besteko kantariak konbinatuz eraikiko litzatekeen mazedonia musikala eta, horretarako ere, bada tarterik lehiaketako ingurumarian.
Ukrainako Glier institutuko emakumeen abesbatzak, eta beren lemazain Galina Gorbatenkok, ez zuten hutsik egin. Urte luzez eraiki duen ibilbide oparoan, erakustaldi bat gehiago izan zen Tolosan eskainia. Estilo, garai eta joera gehienetako musika lantzeko ez du oztoporik taldeak. Instrumentuak berak dituen baliabideekin, ziurtasun osoz murgiltzeko gaitasuna eskaintzen die afinazioan, dinamiken aldaeretan, armonia perfektu bezain zailetan edo konplexu bezain enarmonikoetan duten trebetasunak. Zenbaitetan zirraragarri izatera iristen dira. Irabazitako txapel andana jasotzeko toki bila ariko dira jada!
Letonia, Ukraina, Kamer, Ave Sol, Oreya, Glier eta abar luze bat. Ispilu eta erreferentzia bikaina eskaintzen diguten herrialdeak ditugu. Tolosako lehiaketan behin eta berriz garaile izanik, Euskal Herriarekin kultur-zubi iraunkorra eraikitzen hasteko garaia dela proposatu nahi nuke!