Nola kontrolatu energia?

Tolosaldeko Ataria 2014ko aza. 3a, 13:57

Energiari buruzko II. jardunaldiak antolatu dituzte Tolosako Udalak, Energiaren Mahaiak eta Tolosaldea Institutuak. Datorren astearte eta asteazkenean publiko guztiari bideratutako bi hitzaldi izango dira.

Egokia al da energiagatik ordaintzen duguna? Nola aurreztu? Merezi du kontadore propioa jartzea? Nola funtzionatzen du tarifikazioak? Posible al da burujabetza energetikoa Euskal Herrian? Horrelako galderei erantzuna bilatze aldera, bi jardunaldi interesgarri izango dira asteazken eta ostegunean, azaroaren 5 eta 6an.

Pasa den urteko arrakasta ikusita, bigarrenez antolatu dituzte energiari buruzko jardunaldiak, kasu honetan, "Kontrolatu zure energia" lelopean. Hasier de los Riosek adierazi moduan, "ez dira jardunaldi teknikoak izango, publiko guztiak ulertzeko modukoak" izatea nahi baitute.

AZAROAK 5, ASTEAZKENA - 19:00

Energia elektrikoaren legedia izango dute hizpide mahai inguru batean. "Asko aldatzen ari da, eta lehen zailtasunak bagenituen ere, orain gehiago dauzkagu" dio. Nondik norakoak azaltzeko Mikel Insausti (Enerdom Consulting), Alberto Ruiz (Goiener) eta Pep Salas (Enerbyte) izango dira, Juan Unzueta moderatzaile lanetan dela.

Salasek, Bartzelonako Rubin auzoan abiarazitako esperientzia baten berri emango du, izan ere, 200 bizilagunek kontagailu elektriko bereziak jarri dituzte etxeetan, eta horrela kontsumoaren inguruko informazio osoa dute. Uneoro kontrolatu dezakete gastua.

Tolosan ere horrelako esperientzia bat abiatzea aztertzen ari da udala, eta jardunaldi hauetan interesik ba ote den neurtuko du.

AZAROAK 6, OSTEGUNA - 19:00

Gizarteak dependentzi energetikoa gutxiagotzeko eta kontsumo jasangarriago bat sortzeko egin beharreko aldaketak jorratuko dituzte. Baina posible al da hori Euskal Herrian, eta Tolosan? Xabier Zubialde, Euskal Herriaren burujabetza energetikorantz joateko gida liburuaren egilea; Aitor Urresti EHUko irakasle eta Eredu energetiko berrirako plataformako kidea; eta Aitor Amilibia, Gasteiz Transizioan kolektiboko kidea izango dira hizlariak.

Erakusketa eta tailerrak ere bai
Tolosaldea institituko ikasleek ere parte-hartze aktiboa izango dute jardunaldi hauen baitan. Asteazkenean, mugikortasunarekin lotutako bideo emanaldia izango da Topic-en, eta kanpoaldean, ikasleek sortutako bizikletarekin argindarra sortzeko aukera izango da 17:30etatik 19:00etara. Ostegunean, berriz, kotxe eta bizikleta elektrikoak probatzeko aukera izango da Euskal Herria plazan, 16:30etatik 19:00etara.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!