«Ez genuen nahi seme-alabek euskara galtzea»

Imanol Garcia Landa 2014ko aza. 2a, 12:10

Orain 44 urte sortu zen Tafallako Ikastola. Bertako sustatzailea izan zen herri horretara lanera joan zen German Kabarbaien tolosarra.

German Kabarbaien (1928) eta Nekane Markiegi (1930) senar-emazte tolosarrak Tafallara joan behar izan zuten, beren lau seme-alabekin. Kabarbaienek Pasaiako Vitorio Luzuriaga enpresan egiten zuen lan eta Tafallara bidali zuten hango fabrika muntatzera. 1968an joan zen Tafallara Kabarbaien eta gainerakoak hurrengo urtean. Hango panoramaz jabetu eta laster batean ikusi zuten arriskua, Kabarbaienek dioenez: «Amarekin egiten zuten euskaraz haurrek, eta han ikusi genuen haurrek euskara galdu zezaketela, eta ez genuen nahi hori gertatzea».

Ikastola bat martxan jartzen hasi ziren, eta 1970ko urrian jaio zen Tafallako Ikastola. Hasiera batean Kabarbaienek lantegira lanera joan zirenen laguntza eskatu zuen, asko Gipuzkoakoak, eta euskaltzaleak ziren Tafallako zenbait familiei ere. Zortzi haurrekin eman zioten hasiera.

«Nafarroako Diputazioak andereñoa ordainduko zigula esan, eta lehenengo ikasgela San Migel eta San Severinoko mojek utzi ziguten», gogoan du Kabarbaienek. «Lokala konpondu egin genuen, eta bakarrik bi urtetarako utzi ziguten. Nekane Zelaieta izan zen lehen andereñoa».

«Tafallan orokorrean oso gaizki hartu zuten ikastola bat martxan jartzea», esan du Kabarbaienek. «Euskaldunak etorri dira hona dena hankaz gora jartzera esaten zuten», gogoan du Markiegik. Alkateak eta Guardia Zibilak ere deitu zioten Kabarbaieni: «Udalean galdetu ziguten ea zertan ari ginen mutilak eta neskak batera jartzen. Eta guk erantzun genion hori hemen ohikoa zela eta Gipuzkoan egiten zena jarri nahi genuela han ere». Guardia Zibiletik bitan deitu zioten. «Lehenengoan galdetu zidaten ea zertarako balio zuen horrek, eta, bigarrengoan, guardia zibil batek bere semea ikastolan sartu nahi zuela-eta. Batzordean zeudenak ez zuten nahi izan. Azkenean ere pentsatzen genuen espia moduko bat sartu nahi zutela ikastolan».

Lehenengo bi urtetan gaizki pasa zuten: «Lehenengo gauza galdetzen zigutena zen ea ETAkoak ginen». Markiegik azaldu duenez, «ez zuten euskararen inguruan ezagutzarik». Baziren euskaltzaleak, 1936ko gerran beldurra pasatu zutenak, eta batzuk alde egindakoak eta gerora itzuli zirenak. «Hori guztien laguntzarekin lortu genuen martxan jartzea». Horiengana jotzen zuten dirua lortzeko: «Hainbesteko beldurra ematen zien guri dirua agerian ematea, kalean kasu egiterakoan disimuluan poltsikoan eskua sartu eta dirua uzten zigutela».

Markiegirentzat zailak izan ziren lehen urte haiek: «Asko sufritu nuen han euskaraz ezin nuelako hitz egin. Nik haurrekin euskaraz hitz egiten nuen. Gero kalera ateratzen ziren eta gehiago kostatzen zen euskaraz aritzea». Franco hil eta gero, giroa aldatu zela diote: «Jendea konturatu zen pixkana euskara bere bidea egiten hasi zela, eta dagoeneko ez ziguten aurpegi txarra jartzen hasieran bezala. Denek pentsatzen zuten zu hara joan zinela zerbait txarra egitea».

Txingarretik sua sortzera

Zortzi haurrekin hasi zen eskola, eta egun 300dik gora dira Tafallako Ikastolan ikasten ari direnak: «Lehen txingarra sortu genuen eta gero sua handituz joan da. Hirugarren urterako 15 ikasle zeuden, eta gero eta gehiago Tafallakoak», dio Kabarbaienek. Lehen urte horietan buruhauste nagusiena dirua lortzea zen, sortzen ziren gastuak ordaintzeko. «Banderatxo batzuk egin genituen, orduan horrelakoak jartzen baitziren autoen atzealdean. Ez genituen bat bera ere saldu. Azkenean oparitu egiten genituen, eta aprobetxatu ikastolarentzat dirua eskatzeko».

Diputazioak andereñoaren bederatzi hilabetetako soldata ordaintzen zien, baina beste gastu guztiak batzordeak lortu behar zuen. Materiala, esaterako, eta andereñoaren ostatua ere. Lehenengo urtean Kabarbaien-Markiegitarrek euren etxean eman zioten ostatu andereñoari.

Larunbat arratsaldetan hainbat ikastoletako ordezkariak biltzen ziren Iruñean: Tafallakoa, Lizarrakoa, Iruñean zeuden bi, Elizondokoa... «Bakoitzak komentatzen zuen nola zihoakien, zer egiten ari ginen... Guretzako laguntza zen, eta pixka bat ziztatzen ziguten jarraitu ahal izateko», esan du Kabarbaienek.

Gau eskola ere martxan jarri zuten, 12 urtetik gorakoei euskaraz irakasteko. «Lehenengo egunean 150 haur joan ziren, baina bi astetara hamabost ziren bakarrik. Horien artean gero ikastolako andereñoa izan zen Matxalen Idoy».

Ikastolako lehendakari moduan sei urtez aritu zen Kabarbaien, utzi ahal izan zuen arte: «Enpresa martxan jartzen, gero Ikastola, enpresak ere eskatu zuen ekonomato bat jartzea eta azkenean kooperatiba egin nuen... Gauza asko esku artean, eta, azkenean, utzi nuenean, guraso berriek hartu zuten ardura».

Tolosatik joan zen familiaren nahia seme-alabek euskara euskara ez galtzea izan zen, baina hori baino gehiago lortu zuten: «Seme-alabek ez zuten galdu, eta gainera bi bilobek Tafallako ikastolan ikasi dute, bertan bizi dira eta euskaraz hitz egiten dute».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!