Markel Olanok Tolosako "bizia" gertutik ezagutu du

Mikel Iraola 2014ko urriaren 30a

Gipuzkoako Foru Aldundiko hautagai nagusia Tolosan izan da egun osoan zehar. Herriko eragile ekonomiko, sozial eta kulturalak gertutik ezagutu ditu, Tolosako EAJko beste hainbat ordezkariren laguntzaz.

Goizean, Apatta industrialdean izan dira hainbat enpresa bisitatzen, tartean Voith. Ondoren, Uzturre asistentzia zentroan izan dira, hirugarren adinekoekin. Bazkal aurretik, Topic-eko erakusketa berria bisitatu dute Elena Basagoitia zuzendariaren eskutik.

Olanorekin batera, Olatz Peon alkategaia, Jokin Azkue eta Nerea Letamendia zinegotziak; Patxi Amantegi, Tolosa Txukuneko bozeramailea; Juanra Bastarrika, EAJko juntako presidentea; Eider Mendoza, Batzar Nagusietako lehendari ordea eta EAJko Batzar Nagusietako Gizarte politiken arduraduna izan dira bisita guztian zehar.

Eibarren hasi ondoren, Gipuzkoan zehar egin duen bigarren bisita izan da gaurkoa Olanorentzat, eta Tolosa herri "bizia" eta kulturalki "oso indartsua" dela azpimarratu du. Alor ekonomikoan, ordea, bisitatutako bi enpresetatik bi ondorio nagusi atera ditu: "Enpresetan, alde batetik, egoera txukuna zela eta lana bazegoela ikusten zen; baina bestalde, bailarako enpresen azterketa egitean, ez ziren baikorrak. Tolosan enpresen egoera oro har ez da ona. Proiektu berriak bultzatu behar dira, eta hori behar du Tolosak. Lurraldeko erakundeek hartu behar dute sare ekonomikoa bultzatzearen ardura".

Peonek, bestalde, eragileen artean "errealitate konpartitu bat" osatzeko beharra azpimarratu du. Ekonomikoki, azaldu du "Tolosaren erronka nagusia garapen ekonomikoa" dela, eta horren barruan, "enpleguaren sustapena". Horri lotuta, "eremu publikoan ekintzailetasuna" aldarrikatu du: "Etorkizuneko proiektu berriak behar ditu Tolosak". Horretarako bidean lanean hasi direla esan du Peonek, "zuzeneko komunikazioa bultzatuz: telefonoa hartu eta bilduz".

Photokafen bakaldu ostean, Tolosa&Co merkatari elkartearekin bildu dira. Ondoren, Tolosaldea Txukun plataformako kideekin bildu dira. Zizurkil, Amasa-Villabona eta Anoetako herritarrak ere izan dira batzar horretan, eta bertan, bostgarren edukiontzia aldarrikatu dute. Kirol instalazioak bisitatu dituzte ondoren, eta bisitarekin amaitzeko, pintxo-potean izango dira.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!