TAKEren crowdfundig kanpaina helburuen %23-ra iritsi da jadanik

Asier Imaz 2014ko urriaren 29a

TAKE saskibaloi taldea, crowdfunding bidez dirua biltzen ari da sarean. 3.000 euroko helburua jarri zuten hasieran, eta jadanik, kopuru horren %23 bildu dute.

Crowdfunding kanpainaren disenatzailea Inazio Gabarain tolosarra da, eta eskualdeko saskibaloi zale guztiak gonbidatu ditu ekarpena egitera. Dirua jartzen duenak, gainera, sari bat ziurtaturik izango du. Oparia, ekarpenaren araberakoa izango da.
TAKEk iazko denboraldian lorpen handia lortu zuen kirol mailan. Lehen taldeak EBA ligan jokatzeko txartela eskuratu zuen. Horrek, aurrekontuen gorakada ekarri zuen: 15.000 eurokoa. Zenbakiei aurre egiteko hainbat ekimen jarri zituzten martxan saskibaloi taldetik, eta horietako bat izan zen crowdfunding-a. Gabarainen esanetan, «hasieran, bide horretatik  15.000 euro lortzea zen helburua. Baina 40 egunez diru hori ez bagenuen lortzen, jendeak egindako ekarpen guztiak galtzen genituen. Ondorioz, helburua jaistea pentsatu genuen, 3.000 eurora». Modu horretan, garrantzitsuena zenbaki horretara iristea izango da. Behin kopuru hori biltzean, beste 40 egun izango dituzte crowdfunding-arekin jarraitzeko, eta noski, dirua biltzen segitzeko.
TAKE diruz lagundu nahi duenak goteo.org webgunera joan behar du. Bertan, izena eta e-maila eman ondoren, bilatzailean TAKE jarri behar du. Bertan azaltzen dira aukera desberdinak.

Ekarpenak
Webgunea: ‘goteo.org’
10 euro. Izena laguntzaile moduan azalduko da TAKEren webgunean.
15 euro. Lehen taldeak sinatutako argazkia.
20 euro. TAKEren baloia.
30 euro. TAKEk zaleentzat egindako kamiseta.
45 euro. Zaleentzako kamiseta eta baloia.
60 euro. TAKEren logoa daraman jertsea.
80 euro. Taldearen ekipazioa.
100 euro. Zaleen kamiseta, jertsea, baloia eta taldearen argazkia.
125 euro. Partida iragartzen duen kartelean agertzeko aukera.
700 euro. Harrobiko talderen baten babeslea izateko aukera.
3.000 euro. Lehen taldearen babeslea izateko aukera.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!