Iker Piris: «Hiru musikariak batera aritu gara grabatzerakoan»

Imanol Garcia Landa 2014ko urr. 26a, 13:00

Iker Pirisek The Romanticos 2009an abiatu zuen proiektu pertsonal gisara. Egun ordea bigarren diskoaren kaleratze atarian aurkitzen da, Do It Yourself. Blues musika da tolosarraren gitarra eta ahotsetik ateratzen dena. Tolosaldean disko berriaren aurkezpen kontzertua urtea amaitu baino lehen egingo da, amerikar doinuez gozatzeko parada izango da orduan. Entzun Ataria Irratian egindako elkarrizketa eta zuzenean jotako abestia.

Taldeko ahotsa eta gitarra zu zaitugu, zurekin batera nortzuk osatzen dute The Romanticos?
Carlos Sagi bateria-jotzailea, izatez madrildarra da baina Tolosan bizi da. Eta baxu-jotzaile lanetan Xabier Barrenetxea donostiarra aritzen da. Taldekideez gain lagunak ere bagarela azpimarratu beharrean nago.

Noiz izango dugu eskuartean Do It Yourself, taldearen bigarren diskoa?
Datorren astean kalean egotea espero dugu. Aurkezpena azaroan Katalunian egin ondoren, abenduan edo urtarrilean Tolosaldean aurkezteko aukera izango dugu.

Aurreko diskoarekin egin modura Gaztelupeko Hotsak diskoetxearekin kaleratuko duzue honakoa. Grabatzerako orduan zer berezitasun izan du bigarrenak?
Oiartzunen grabatu genuen 2014ko uztailean. Hiru egunetan disko osoa osaturik genuen. Grabatzerako orduan izan dugun berezitasuna ordea, hiru musikariak batera aritzea izan da. Horrek dakarrena ediziorik ez egotea da; ahotsa, gitarra, baxua eta bateria batera grabatu dira.

Zer moduzko esperientzia izan da horrela grabatzea?
Bihotza uzten duzu horrelako lan bat egiterako orduan, batzuetan estresagarria izan daiteke baina beste batzuetan ordea hunkigarria ere bada. Musikari bezala, bizi beharreko esperientzia dela zalantzarik ez daukat.

Grabaketa modu horren zergatia zein da?
Lehenik eta behin estiloagatik. Blues-eko eta jazz-eko diskoak, azken batean musika beltzeko diskoak horrela grabatu izan dira 30. hamarkadatik hasita gaur egunera bitartean. Grabaketa bide hori aukeratu genuen erarik egokiena dela uste dugulako, zuzenekotik gertu.

Do It Yourself diskoa abesti original zein moldaketez osaturik dago.
Diskoa osatzerako orduan hainbat erabaki hartu nuen. Lehenik, Carlos eta Xabierrekin batera, hirukote gisara, osatu nahi izan nuen. Hau da, nire ahotsa eta gitarrari Carlosen bateria eta Xabierren baxua gehitu, pianorik eta armonikarik gabe osatu nuen hirukotea. Bigarrenik, kantu originalak zein bertsioak gehitzea erabaki nuen, bi alderdi horiek jorratu nahi izan nituen. Eta azkenik, diskoa bost kantu originalez, sei moldaketez eta bakarkako bi kantuez osatu da.

Blues-a The Romanticos taldearen oinarria da. Baina nola deskribatzen duzu zuen blues-a?
Blues-a flamenkoa bezalakoa izan daiteke, estilo ugari aurki daitezke blues-aren barruan. Ameriketako Estatu Batuetako zein alderdietan egon, musika ere aldatu egiten da. Gu estatu batuarrak ez garela kontuan harturik, gure moldaketa txikia egiten dugu. Gurean Chicagoko doinuak, 40. hamarkadako boogie-woogie-a, rithm&blues-a eta Menphis-eko doinuak ere antzeman daitezke. Nahasketa bat dago, iturri ezberdinetatik edaten baitugu.

The Romanticos ingelesez mintzo da. Zergatik hizkuntza horren aukeraketa?
AEB-tako ukitua mantentzeko. Blues-a betidanik entzun izan dut eta ezin dut beste hizkuntza batean irudikatu. Badago gaztelaniaz sortzen duen jendea, oso gutxi, hala ere. Buruan ingelesez aurre-entzuten ditut sortu beharreko kantuak eta horrenbestez ingelesez sortzen ahalegintzen naiz, ahalik eta hobekien.

The Romanticos-ek My time lehen diskoa kaleratu zuenetik zer nolako bidea egin du?
Oso pozik gaude egindako bidearekin. Proiektua 2009an hasi eta lehen unetik kontzertuak eskaintzeko aukera izan genuenez pozik gaude ordutik jasotako emaitzarekin. Hasieran Euskal Herrian ibili ginen eta ondoren iberiar penintsulara egin genuen salto.

Orain Bartzelonan lau emanaldi jarraian ditugu, eta astebetez Madrilera goaz gure musika aurkeztera. Gure ibilbidean zehar jaialdi ugari zapaldu ditugu eta kanpoko jende asko ere gonbidatu dugu gurera jotzera.

Ez gara denbora luzean geldi egon. Disko berriarekin beste horrenbeste gertatzea espero dugu.

Musika munduan ordea ez zara soilik The Romanticos taldearekin aritzen.
Musika bidaietan musikari ugari ezagutzeko parada izan dut, eta noizbehinka haiek ni gonbidatu izan naute eurekin batera aritzeko. Besteak beste Galizian, Madrilen, Valentzian eta Bartzelonan egon izan naiz. Tour moduko bat antolatu izan didate eta nik mesedea bueltatzen diet, honela musikarien arteko feedback-a lortzen da. Azkenean helburua berdina baita: musika jotzea, ondo pasatzea eta diskoak saltzea.

Musika munduan autodidakta gisara hasi zinen, nahiz eta gerora Musika Kontserbatorioan ikasketak burutu. Nolatan barneratu zinen musikan?
Nahiz eta familian musikari ugari egon, bai ama eta baita aitaren aldetik ere, hasieran nahigabe izan zela esango nuke. Nire lehen gitarra nik neuk erosi nuen, paga txukun-txukun gordez. Gitarra jotzen nire kasa hasi nintzen; parkean, lagunekin… Gerora maisu ezberdinak izan nituen, eta euren proposamen eta gomendioak entzun nituen. Ondoren, urte dezentez bakarka aritu nintzen, diskoak entzun eta batetik eta bestetik edanez. Eta azkenik, musikaz bizi ahal izateko, musika maisua izateko ikasketak egitea erabaki nuen, Musika Kontserbatorioan sei urteko bidea eskatu zuen horrek.

Orduan, blues-etik urrun egon behar izan nintzen hainbat urtetan denborarik ez nuelako eta agintzen zidaten musika barneratu behar nuelako baina esperientzia aberasgarria izan zen.

Betidanik hortaz, blues musikatik gertu egon izan zara…
Hamalau bat urterekin gitarra klasikoa jo ondoren, elektrikoa hartzeko aukera izan nuen. Ez nekien zer egin; flamenkoa ikasten hasi, txikitatik gustatu izan zitzaidalako edo elektrikoa hartu eta Jimi Hendrix-en edo Led Zeppeling-en musikara hurbildu. Azkenean elektrikoa aukeratu eta honako emaitza lortu dut. Zeinek daki zer gertatu izan zitekeen gitarra klasikoa hartu izan banu!

Musika beraz era ezberdinetan bizi duzu; musikari eta irakasle gisara. Zeharo ezberdinak al dira?
Badaude puntu batzuk musikari eta maisu bezala elkartu egiten direnak. Musikari gisa ikasitakoa maisu bezala aplikatu dezaket. Baina, hala ere, oso diferentea da. Azken batean klaseak ematen ikasi dut maisu izaten. Jada hamar urte igaro dira musika eskolan hasi nintzenetik. Legazpiko Musika Eskolan ari naiz ordudanik, oso gustura eta haiek ere oso kontentu daude. Azken batean, aberasgarria da zuk dakizuna besteei erakutsi ahal izatea.

Gaur egun, musikari gisa bizi daiteke?
Proiektu pertsonal batekin, alor honetako musika bezalako batekin oso zaila da musikaz bizi ahal izatea gaur egun. Lan asko egin beharko nuke, ordu asko ordenagailu eta telefono aurrean pasa beharko nituzke emanaldiak lotu ahal izateko. Espainian, Frantzian, AEB-etan berdina gertatzen da. Azken finean, gustatzen zaizunetik bizi ahal izatea gogorra da, lanari gogor ekin behar zaio baina era berean apustu bat ere bada.

Beste aukera bat izan daiteke musikari-talde handiekin batera aritzea; horrek bidaiatzea eskatzen du, zure proiektua aurrera eraman ahal izateko denborarik ez izatea… Batzuek bide hori aukeratzen dute baina nik momentuz bestelakoa aukeratu dut, horrela molda naitekeelako.

Zein autore, erreferentzia dituzu gustuko. Zein da zure influentzia musika sortzeko garaian?
Sortzeko garaian neure bidea hartzea gustatzen zait, neronek bilatutako kantuak egitea. Influentziak noski hor daudela, nire buruan, baina ahalegintzen naiz kantuak neureak egiten eta ez beste musikarien kantuetatik edaten.

Musika pasio eta hobby bezala hartzen dudanean berriz, denetarik entzuten dut. Etxean blues arloko disko ugari daude, baina andrea eta biok oso musikazaleak garela kontuan harturik beste edozein estilotako musika ere entzun daiteke gurean: flamenkoa, tangoa, troba...

Azken batean, beste musika motarik entzungo ez banu ate asko itxiko nituzke.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!