Epaimahaiaren lana nolakoa izaten da saio bakoitzean?
Tolosan, urteen poderioz, asko aldatu da abesbatzak baloratzeko modua. Ni hasi nintzenean, hainbat alderdiri erreparatu behar izaten genion: afinazioa, ahotsen nahasketa, oreka, egitarauaren zailtasun maila, abesbatzaren emanaldi osoaren maila,... Hori abiapuntu hartuta, puntuak batu eta gero zatitu egin behar izaten ziren; finean, oso sistema konplexua zen. Duela zenbait urte, ordea, abesbatza bakoitzaren emanaldia 100 puntuko gehienezko kalifikazioaren arabera baloratzea erabaki genuen. Modu horretara, epaimahaikideak dena entzun dezake, askoz ere lasaiago dago eta ez du, uneoro, gauza zehatz bat entzuteko arretaz egon behar.
Prozesu horretan izaten al da eztabaidarik epaimahaikideen artean?
Zazpi epaimahaikide izaten dira Abesbatza Lehiaketan eta, puntuak bildu ondoren, kalifikazio txikiena eta handiena kendu, eta batez bestekoa kalkulatzen dute. Horrek abantaila handi bat du, gainera, izan ere, eztabaidetan beti izaten da bere iritzia inposatzen saiatzen den norbait; modu honetara, ordea, ez dago eztabaidarako lekurik. Puntuak puntuak dira, eta abesbatza batek 87,25 puntu eskuratzen baditu, eta beste batek 87,32 puntu, bigarrenak jasoko du saria. Egoera hori beste zenbait lehiaketatan eztabaidatu egingo lukete, alde txikiagatik, baina Tolosan ez. Askoz ere objektiboagoa da horrela, garbiagoa.
Ikus-entzule moduan ere izango zinen lehiaketan. Noiz hartu izan duzu gozaturik handiena?
Inongo zalantzarik gabe, publikoan nagoenean, gustukoen dudana egiten baitut. Egun horiek lagun askoren topaleku bilakatzen dira, eta epaimahaikide lanetan aritzen naizenean ezin izaten dut haiekin hitz egin, emaitzak eman arte. Publikoan izaten naizenean, aldiz, emanaldi bakoitza zer iruditu zaidan iruzkindu dezaket lagunekin. Bi hitzetan, askoz ere erosoagoa da, eta ardura gutxiago izaten dut.
Hainbeste urtetan, zein izan da, zuretzat, Tolosan ikusi duzun abesbatzarik onena?
Nik ikusi dudan onena eta guztiok ikusi dugun onena dela esango nuke, inongo zalantzarik gabe, duela urte batzuk Tolosan izandako St. Jacobs Chamber Choir abesbatza, Gary Gracen zuzendaritzapean. Niri gehien irakatsi didan abesbatza izan da, behinik behin.
Afizioak hezteko balio izan dizu, beraz.
Bai, asko. Lehen aldiz seigarren Abesbatza Lehiaketan parte hartu nuen, abesten. Valladolideko unibertsitatean ikasle ginen garai hartan, eta hango abesbatzarekin joan ginen Tolosara. Duela 40 urte izan zen hura eta, bi urteren buruan, Valladolideko ikasle euskaldunok osatutako abesbatza zuzenduz parte hartu nuen. Urte mordoa daramatzat, beraz, lehiaketari lotuta, eta urte horietan guztietan barrena hamaika eta bat abesbatza entzun ditut. Hasieran gertuko abesbatzen parte hartzea handiagoa izaten zen, eta atzerritarrak hasi ziren gero; abesbatzen munduko jende askok erabaki zuen haien estiloei jarraitzea. Tolosako lehiaketa, beraz, oso eskola garrantzitsua izan da askorentzat eta, bereziki, niretzat.
St. Jacobs abesbatzaren belaunaldi berriak berriro parte hartu zuen Tolosan, iaz, ezta?
Bai, abesbatza gaztea etorri zen. St. Jacobs abesbatzak, mundu osoan barrena guztia irabazi ondoren, abesbatza profesional izatea erabaki zuen duela 10 urte inguru. Profesionalak direnez, ezin dute Tolosako lehiaketan parte hartu. Abesbatzak, ordea, badu harrobirik, eta zuzendari oso gazte baten gidaritzapean iaz parte hartu zuten Tolosan, eta baita irabazi ere. Tolosa ordezkatuz, Debrezen-eko Europako Sari Nagusian parte hartu zuten martxoan, eta hura ere irabazi. Eskola zoragarria da.
Aurten ez da Euskal Herriko abesbatzarik ariko lehian. Europako beste hainbat herrialderen aldean, musikak tarte handiagoa beharko lukeela uste duzu, bertako derrigorrezko hezkuntzan?
Horren alde borrokan daramatzadan urteak kontatuko bagenitu... Nekatu naiz, jada, errepikatzeaz eta errepikatzeaz. Duela urte asko, Antton Elosegiri Tolosako ikastetxeetan kantua irakats genezakeela bururatu zitzaion, eta urtebetez aritu ginen horretan, eskolaz kanpoko ordutegian, noski. Marrazketa, esaterako, eskola orduetan sartuta dago, eta ez dut ulertzen musikak halako lekurik ez izatea.
Garrantzirik ez zaio ematen, oro har.
Izugarria iruditzen zait hain garrantzitsua den zerbaiti hain garrantzi gutxi ematea, non eta Euskal Herrian, historian barrena kantua besterik izan ez dugun herri batean. Interesik ez dagoela uste dut, eta ordezkari politikoak lehiaketara etortzen diren bakoitzean, halaxe esaten diet: «Ea noiz txertatzen duzuen astean ordubetetxo bat eskoletan, neska-mutilek abestu dezaten». Erantzuna beti bera izaten da: oso zaila dela. Zenbait ikastetxetan suertatzen da zuzendaria oso musikazalea izatea, eta ikasleei musika helarazteko ahalegin berezia egitea, baina salbuespenak izaten dira horiek.
Musikak hezkuntzan leku zabalagoa izango balu, zer eskainiko lieke neska-mutilei?
Oinarrizko gauzak eskaintzen ditu musikak, nire ustez. Lehenengoa, haurrei musikarekiko sentsibilitatea sortzea litzateke, eta hori oinarrizkoa da, haurrek gozatu egiten baitute abesterakoan. Bide beretik, giza harremanetan ere gauza asko irakats ditzake abesbatzak, komunikazioa eta harremanak sortzen baititu, eta sentimenduak partekatzeko aukera eskaintzen baitu.
Haur abesbatzak zein egoeratan daude, beraz?
Egungo arazo nagusienetako bat abesbatzetako gizon eskasia da. Haur abesbatzetan neska asko aritzen dira, eta oso mutil gutxi; hiru urterekin lanean hasiko balira, ordea, ziur naiz 14, 15, 16, 17 eta 18 urtera iritsi, eta kantuan jarraituko luketela. Gaur egun, ordea, zenbait mutil hasten badira ere, 30 neska eta 4 mutil daudela ikusi bezain laster, mutilak desagertu egiten dira abesbatzetatik.
Medikuntza ikasi zenuen Valladoliden eta, kantuan txikitatik aritu izan bazara ere, gerora ekin zenion musika ikasteari.
Valladolidera iritsi aurretik, rock'n'roll pixka bat egin nuen Hondarribian, Txomin Artola eta beste lagun batzuekin. Unibertsitatera iritsitakoan, berriz, hippyen garaia zen, eta protesta kantuak eta ezkutuko errezitaldiak egiten genituen. Eta horren ondoren hasi nintzen unibertsitateko abesbatzan eta Ederki abesbatzan; orduz geroztik ez naiz mundu horretatik atera. Egiari zor, hala ere, ez dut sekula musika ikasketarik egin izan; zuzendari ikastaroak egin izan ditut, noski, eta gutxieneko prestakuntza bat jaso dut. Baina, gainerakoan, autodidakta izan naizela esan daiteke, eta egiten dudan guztia senari jarraituz eta esperientziagatik egiten dut.
Krisiak kulturari bereziki eragin dio, baina Tolosako lehiaketak harrera ona izaten jarraitzen du, oraindik ere. Zer du berezitik, Abesbatza Lehiaketak?
Azken urteotan zenbait kritika jaso izan ditu lehiaketak, Euskal Herriko eta Espainiako ikusle gutxiago erakartzen dituela diotenak. Lehen saio guztietara etortzen zen jende asko, orain itxiera ekitaldira soilik etortzen dela egia da, beharbada. Gogoan dut Leidor zaharra goraino beteta nola egoten zen, eta hori galdu egin da. Aldiz, kanpoko jende asko erakartzen du, gaur egun, lehiaketak: Madril, Leon, Andaluzia, Herrialde Katalanak, Galizia... Egunez eguneko jarraipen hori galdu du lehiaketak: talde bakoitzaren garapena ikustea, zergatik suertatu daitekeen irabazle hau edo bestea,... Azken finean, hori da entzutea eta ikaskuntza. Nik asko ikasi dut Tolosako saioak entzunez, eta Tolosako lehiaketak eskaintzen duena horixe dela esango nuke: jakintza.
Lehiaketan daramatzazun urte horietan guztietan, nola garatu da abesbatza musika?
Ikaragarri aldatu da. Euskal Herrian, XIX. mende amaieran eta XX.aren hasieran, gizonezkoek osatzen zituzten, nagusiki, abesbatzak. Oso altu abesteko ohitura zuten, bolumen eta indar handiz, eta huraxe zen abesteko estilo euskalduna. Kanpotik abesbatzak etortzen hasi zirenean, ordea, gure musika beste modu batera ikusarazi ziguten. Adibidez, Ama begira zazu erritmo bizi samarrean abesten genuen guk, eta Hungariako abesbatza etorri eta askoz ere azkarrago abesten zuten, gu harrituta utziz. Gure musika propioa beste modu batera ere egin zitekeela erakusten ziguten, beraz. Hurrengo eskola Alemania izan zen guretzat; askoz ere teknikoagoak ziren, obra eta armonia zailagoak landuz. Azkenik, eskandinaviarrek guztia uztartzen asmatu zuten, eta edozein musika mota abesteko gai izatera iritsi dira. Hiru pauso horietan laburtuko nuke abesbatza musikaren eboluzioa.
Nola lortu du, Tolosak, abesbatza munduan erreferentzia izatea?
Antolakuntzan aritzen direnen gogoagatik. Luismi Espinosa, Luis Zeberio, Idoia Otegi, Miguel Arretxe nahiz beste askok kalitatearen aldeko borroka egin izan dute beti, eta Tolosako lehiaketak zerbait badu, hori da: inoiz ez du hutsik egiten, eta beti entzungai izaten dira lauzpabost abesbatza zoragarri. Hori ezinbestekoa da, eta sekretu bakarra hara eta hona ibiltzea da, abesbatzak ikusi eta ezagutzeko. Tolosa beti saiatu izan da onenetan onenak ekartzen eta, egia da, horrek beharbada bertako abesbatzei eragin izan diela. Atzerritarrak hain dira onak, etxekoei beldurra ematen baitie aurkeztea. Aldi berean, ordea, erronka moduan har daiteke.
Elena Gonzalezek zure biografia idatzi du, eta liburua lehiaketako egitarauaren barruan aurkeztuko duzue. Aurtengoa berezia izango da zuretzat, ezta?
Noski. Liburua oso-oso berezia da, Elenarekin lau urte inguru lanean igaro baititut. Lan handia izan da, askotan errepasatutakoa, baina emaitza esku artean dugu, eta oso pozik nago, harrera ona izaten ari baita. Nire bizitza pertsonaleko pasadizoak kontatzen ditut, beharbada askok kontatuko ez lituzketenak, baina kontu handiz eta inori minik egiteko asmorik gabe. Gainera, kide, lagun eta musikagile askok idatzitako kolaborazioak ere badira liburuan, nirekin duten harremanaz, eta asko hunkitu naute.
Lehiaketak 50 urte beteko ditu laster. Etorkizun oparoa izango al du belaunaldi berriekin?
Baietz esango nuke, lehiaketan beti sartzen baita jende berria. Orain, adibidez, Xabier Ormazabal aritzen da batzordean, Luismi Espinosarekin batera, eta posible da lekukoa berak hartzea. Beraz, bada etorkizunik, eta oso ona den jendearekin, gainera. Izan ere, kudeaketaz gain, musikari dagokionez, Xabier Ormazabal prestakuntza handia duen musikaria da, eta abeslari handia; asko eskain diezaioke lehiaketari.