Udazkenaren etorrerak esanahi asko izan ditzakeen arren, Tolosan aldaketa nabarmen bat sortzen du urtaro berriak: azoka bereziak. Joan den astean onddo eta perretxikoek herritarren gozamena egin bazuten, larunbatean gozozaleenek galdu ezinezko hitzordua izango dute Trianguloa plazan, Tolosa Goxua azokarekin.
Azoka berezietan lehena izango da, jarraian iritsiko baitira Babarrunaren azoka, Txuleta festa edo Eguberrietako azoka ere. Gastronomiak Tolosan eta eskualdean duen garrantziaren erakusgarri dira hitzordu horiek guztiak, eta horren erakusgarri da Tolosa Goxua azokak berak duen ibilbidea: 21.a izango da aurtengoa.
Tolosako gozoak mugez harago eraman eta Tolosa Goxuaren gisako egitasmoak antolatzeko, herriko gozogileen lana ezinbestekoa izan da. Horrela, Luis Ezeiza, Kontxi Mendizabal, Vidal Ibañez eta Joxe Mari Gorrotxategiren lana errekonozitzeko omenaldia egingo du, Tolosako Udalak.
Gozoa lan-tresna dutenei protagonismoa ematearekin batera, ordea, Tolosako gozo ezagunenei ere tarte berezia eskaini nahi izan diete eta, kartelak nabarmen adierazten duen moduan, Tolosako teilak nagusi izango dira larunbatean.
Rafa Gorrotxategik agerraldian azaldu zuenez, Tolosara 1950. urte inguruan iritsi ziren teilak, eta, herritar gehienen usteen aurka, teila izenak ez du zerikusirik teilatuekin; zenbait apaizek erabiltzen duten txapel mota batetik datorkio izena.
Izenaren gainetik, zaporeak harrapatzen ditu gozozaleak, eta teilena ederki dastatzeko aukera izango dute, 12:30etik aurrera 4.000 teila banatuko baitituzte azokan. Horrekin batera, teilak egiten ikasteko saio bat ere izango da.
Azkenik, urteroko sagar tarta lehiaketa ere egingo dute, eta izena emateko 943 69 75 21era deitu edo feriak@tolosakoudala.net helbidera idatzi beharko da.
Tolosa Goxua 21
URRIAK 25, LARUNBATA
10:00. Trianguloa plazan azoka hasiko da.
10:00-11:00. Sagar tarta lehiaketa izango da, urteroko moduan.
11:00. Teilak egiten ikasteko tailerra izango da.
12:00. Herriko gozogileei omenaldia.
12:30. 4.000 teila banatuko dizkiete bertaratuei.