Katalunia Euskal Herriarentzat abiapuntu izan dadin, hitzaldia Topic zentroan

Itzea Urkizu Arsuaga 2014ko urriaren 21a

Urriaren 28an, ANCko eta Independentistak sareko kide banak eskainiko dute hitzaldia, Martxelo Otamendiren gidaritzapean.

Eskualdeko Bai Euskal Herriari egitasmoak hitzaldia antolatu du datorren urriaren 28rako. Kataluniako pausoak Euskal Herriak "gertutik" jarraitzen dituela eta, solasaldi bat prestatu dute bi herrietako ikuspuntuak ezagutu eta partekatzeko.

"Erabat desberdinak diren bi nazio izanagatik, bizi ditugun ukazio eta inposaketek batzen gaituzte, eta baita geure buruaren jabe izateko borondate eta borrokek ere", diote Bai EHri taldeko kideek. Eta bide horretan kokatu nahi izan dute astearteko hitzaldiaren helburua: "Katalunian beren etorkizuna erabakitzeko abian duten prozesuaren azken xehetasunak ezagutzeaz gain, prozesu horren hastapenak ere aztertzeko aukera izango da saioan, eta baita gaur egungo gizarte kataluniarrak duen lekua ezagutzea ere".

Begirada guztiak Kataluniara bideratu beharrean, ordea, Euskal Herriko pausoek ere tarte nabarmena izango dute solasadian eta, horregatik, Independentistak sarea jorratzen ari den ibilbidearen berri ere izango dute bertaratuek.

Eduki hori guztia xehetu eta azaltzeko arduradunak Assemblea Nacional Catalanako lehendakariordee Jaume Marfany eta Independentistak sareko Esti Mujika izango dira. Bien ideiak bertaratuei aurkezten, berriz, Martxelo Otamendi Berria egunkariko zuzendaria ariko da. 19:00etan jarri dute hitzordua, eta ordu laurdena lehenago, 18:45ean, elkartasun argazki bat ateratzeko asmoa dute, Euskal Herria plazan bertan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!