Tolosako EAJk turismoa indarberritzeko apustua egin beharra ikusten du

Ataria 2014ko urriaren 21a

Antolatuta dauden egitasmoez gain, «jarduera berriei atea zabaldu» behar zaiela diote.

Tolosako EAJk herriko turismoari bultzada bat emateko beharraz ohartarazi nahi izan du prentsa ohar bitartez.
 
Olatz Peon alkategaiak «Tolosak azken urteotan indarra galdu» duela azpimarratu du oharrean eta, horren aurrean, «egitasmo berriak martxan jartzea beharrezkoa» dela dio: «Tolosako biztanle kopuruko udalerri gutxik dute Tolosak adina bizi kalean, hainbat gizarte eta kultura egitasmorekin». 
EH Bilduko Udal Gobernuak, «beste zenbait gaietan bezala», inertziaz jokatu izana ere salatu nahi izan du Olatz Peonek: «Egia da EH Bilduk ez dituela aurreko legealdietan martxan jarritako egitasmoak deuseztatu, baina ez diete behar bezalako bultzadarik eman». Horren adibidetzat, «txuleta nahiz bisiguaren festetako parte hartzaile kopurua jaistea» azaldu dute. 
 
Finean, turismoa sustatu eta indarberritzeko ideia berriak txertatu behar direla uste dute Tolosako jeltzaleek eta, adibidetzat, Donostia 2016 egitasmoa aprobetxatu litekeela dio Peonek: «Eragingo duen turismo bultzadari heldu behar zaio herrira turistak erakartzeko, egitasmoak sortu eta kirol nahiz kultura eskaintza zabaltzeko».

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!