Larramendi auzoko krosa azaroaren 1ean izango da

Asier Imaz 2014ko urr. 21a, 08:20

II. Larramendiko Krosa aurkeztu zuten atzo. Plab B tabernak antolatzen du, eta auzoko jaien amaierako ekitaldi bezala kokatu zuten. Jaiak hilaren 24an hasiko dira. 

Krosa, aldiz, azaroaren 1ean larunbatez izango da, eta adin guztietako korrikalariak jarri nahi dituzte lasterka. Haurren zirkuitua auzoan izango da, eta nagusiena Tolosa guztian zehar, 10 kilometro egin arte. Izena emateko epeak lasterketa egunera bitarte egongo dira zabalik.
Sari banaketa ekitaldia krosa amaitzean egingo dute, eta maila bakoitzeko hiru lehenek jasoko dute trofeoa. Auzoko lehenak ere gogoan izango dituzte Plan B tabernakoek, eta horiek ere euren ikurra eramango dute etxera. Horrez gain, parte hartzaile guztien artean zozketa bidez sariak banatuko dituzte.
Lasterketa bideoz grabatu nahi dute antolatzaileek, ondoren erosi nahi duenak oroigarri bat izan dezan. Azkenik, Plan B-ko kideek laguntzaile eta boluntario guztiak izan zituzten gogoan, II. Larramendi Krosaren aurkezpenean.

DATUAK
LARRAMENDIKO KROSA
Eguna. Azaroak 1, larunbata.
Irteera. Larramendi auzoan.
15:30-16:15. Haurrak:
• Benjaminak: 600 metro.
• Alebinak: 800 metro.
• Infantilak: 1000 metro.
• Kadeteak: 1200 metro.
16:30. Helduak: 10 kilometro.
• Ibilbidea: 5 kilometroko zirkuituari bi itzuli: Larramendi, Rondilla, San Frantzisko, Araba Etorbidea, Berazubi, Nafarroa Etorbidea, Trianguloa, Gorriti Plaza eta Larramendi.
Izen ematea. Azaroak 1a arte zabalik, 15:00ak bitarte.
• Haurrek Larramendiko Plan B tabernan; 5 euroan.
• Helduak: www.herrikrossa.com edo Plan B tabernan. Aurrez 10 euro, egunean bertan 15.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!