Epaileak ere ez luke jakingo gertatutakoa azaltzen

Ataria 2014ko urr. 20a, 13:26

Binako berdinketa lortu zuen Tolosak Aloña Mendiren aurka. 2-1 irabazten zihoazela, 92. minutuan, duda asko piztu zituen penalti baten bitartez lortu zuten berdinketa oñatiarrek.

Haserrea izan zen nagusi, herenegun, Berazubin. Haserre talde bateko jokalariak, baita bestekoak ere. Haserre bi aulkietan zeudenak. Eta haserre Berazubi estadioan izan ziren zaleak. Ez zen gutxiagorako izan, epaileen lan makalak guztiz aldrebestu baitzuen norgehiagokaren norabidea.

Azken asteotan ez dabil fin Tolosa. Aurreko astean Iker Dorronsoro entrenatzaileak aipatu zuen moduan, konfiantza faltatzen ari zaio taldeari lehen jardunaldi hauetan, eta horrek jokoan eragin zuzena du. Joko polita eskatzea zilegi da, aukera badagoelako, baina baldintza guztiak hartu behar dira kontuan; eta oñatiarrek partidan zehar esan zuten bezala, Berazubin baloi borobilak bote laukiak egiten ditu.
Tentsio hori hasieratik nabarmendu zitzaien jokalari urdinei. Gainera, markagailuan atzetik jarri ziren izan ez zen penalti baten ondorioz. Epaileari eta marrazainei «besoa gorputzari erantsia zuela eman dio baloiak, hori ez da penalti» esanaz aldagelaratu ziren jokalari eta entrenatzailea, haserre, atsedenaldian. Aurretik, Gorka Blankok berdintzea lortu zuen, taldeko jokaldi on bat burutu eta bigarren zutoinean, bakarrik, baloia sareratuz.

Bigarren zatian, berriz, pixkanaka aukerak sortzen hasi zen Tolosa. Hegaleko jokalarien azkartasuna eta atzealdean uzten zituzten zirrikituak baliatu eta markagailuari buelta ematea lortu zuten. Blanko bakarrik geratzera zihoan atezainaren aurrean, eta atzelari oñatiarrak penalti argia egin zion. «Azken atzelaria zela eta txartel gorria erakutsi behar ziola» eskatu zieten tolosarrek epaileari. Kasurik ere ez. Bereziartuak lortu zuen gola.

Hamar minutu beranduago, 70.ean iritsi zen gakoetako bat. Loidik alde egin zion atzelariari, eta honek sarrera gogorra egin zion areara sartu zenean. Bota ere kendu zion hankatik. Epaileak, ordea, ez zuen penaltirik adierazi. 3-1ekoa lortzeko aukera ona zatekeen hori.

Oñatiarrak hamar jokalarirekin geratu ziren ondoren. Hala ere, zaleen artean urduritasuna nabari zen: «Epaile honek pasa den urtean 19 minutuz luzatu zuen partida aurkariak gola sartu arte. Ez naiz fidatzen» zihoen zale batek. Ez zebilen hain oker: 92. minutuan, penalti eztabaidagarri bat adierazi zuen. Jokaldiak ez zuen aparteko arriskurik, baina Endikari besoan eman ziola esan zuen marrazainak eta...

Bolada txarrari amaiera emateko aukera ona izango dute tolosarrek datorren igandean liderraren etxean, Aretxabaletan.

Tolosa: Kepa, Balerdi, Pablo, Jon, Argiñano, Segurola (Etxebe, 68.min), Xabi Diez (Zabaleta, 68.min), Mario, Gorka (Fuentes 77.min), Bereziartua (Ioritz, 75.min) eta Loidi (Endika, 85.min).
Aloña Mendi: Mikel, Illarzabal, Mantxola, Iñigo, Endika, Martxel, Palacios, Iosu (Aritz, 80.min), Moreno (Jon Ander, 62.min), Aimar (Unai, 67.min) eta Ugarte (Gorka, 55.min). Golak: 0-1, 20.min: Ugartek; 1-1, 30.min: Blankok; 2-1, 57.min: Bereziartuak; 2-2, 92. min: Aritzek.

Pos.  Taldea Puntuak JP IP BP GP EA AT KT 
1   ARETXABALETA K.E. 16   6   5   1   0   0   12   2  
2   HERNANI C.D. 13   6   4   1   1   0   10   4  
3   AURRERA K.E. 12   6   4   0   2   0   12   4  
4   ORDIZIA K.E. 12   6   4   0   2   0   8   6  
5   MARTUTENE K.E. 11   6   3   2   1   0   9   9  
6   BERGARA K.E. 10   6   3   1   2   0   8   5  
7   TOLOSA C.F. 9   6   2   3   1   0   7   5  
8   ELGOIBAR C.D. 9   6   3   0   3   0   6   7  
9   BETI GAZTE K.J.K.E. 8   6   1   5   0   0   6   4  
10   USURBIL F.T. 8   6   2   2   2   0   4   8  
11   REAL UNION CLUB SAD 7   6   2   1   3   0   6   8  
12   ALOÑA MENDI KE 6   6   1   3   2   0   10   9  
13   ANAITASUNA C.D. 6   6   2   0   4   0   5   7  
14   ZARAUTZ K.E. 6   6   1   3   2   0   7   9  
15   OSTADAR S.K.T. 6   6   1   3   2   0   8   11  
16   TOURING C.D. 5   6   1   2   3   0   5   8  
17   ANTZUOLA K.E. 2   6   0   2   4   0   5   14  
18   HONDARRIBIA F.E 1   6   0   1   5   0   4   12

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!