Boluntarioen laguntza azpimarratuz aurkeztu dute Tolosako 46. Abesbatza Lehiaketa

Itzea Urkizu Arsuaga 2014ko urr. 17a, 18:49

Urriaren 30etik azaroaren 2ra bitarte ospatuko dute nazioarteko egitasmoa, Tolosa kantuaren hiriburu bilakatuz.

12 herrialde eta 14 abesbatza protagonista izango dira, datorren urriaren 30etik aurrera, Tolosan. Abesbatza Lehiaketak "mundua Tolosan jartzen du, eta Tolosan munduan" ere bai eta, bide horretan, 46. aldiz hartuko du, hiriak, Tolosako Ekinbide Etxeak antolatutako Abesbatza Lehiaketa.

Iaz babes ekonomikoa gutxitu izana nabarmendu behar izan zuten, antolatzaileek, emanaldi kopurua jaitsiz; aurten berreskuratu egin dute babesle garrantzitsu bat eta, beraz, etorkizunari itxaropentsu begira daude. Hala ere, esparru guztietara iritsi den krisiak kulturari ere gogor jo dionez, duela bi urte hartutako erabakiarekin jarraituko dute: ahots taldeak eta haur abesbatzak tartekatuko dituzte, bi urtez behin.

Ahots taldeen txanda izango da, beraz, 2014ko Abesbatza Lehiaketan, musika sakratuarekin, musika profanoarekin, polifoniarekin eta foklorearekin batera. Modalitate horiek guztiak mundu osoko ahotsak elkartuko baditu ere, antolatzaileek azpimarratu egin nahi izan dute kantatzeko moduen "globalizazioa gainditzeko" duten ahalmena. Horrela, Erresuma Batua, Hungaria, Eslovenia, Errumania, Letonia, Bielorrusia, Indonesia, Espainia, Singapur, Norvegia, Ukraina eta AEBetako abesbatzek bere kantaera eskainiko diete Tolosako nahiz kanpoko ikus-entzuleei.

Txetxo Gaztañagak sortutako kartel koloretsuaren ondoan, Aiert Lasurtegi Diario Vascoko ordezkaria, Mikel Mendarte Kutxa Gizarte Ekintzako ordezkaria, Ibai Iriarte Tolosako alkatea eta Elena Basagoitia TEEko zuzendaria aritu dira egitasmoa aurkezten. Horrela, guztiak bat etorri dira Tolosako kultur jardueraren bizitasuna azpimarratzerakoan. Bide beretik, Abesbatza Lehiaketa erreferentzia izate hori herriko eragile, elkarte gastronomiko nahiz boluntarioei eskertu nahi izan diete: "100 pertsona baino gehiago ariko dira lanean".

Asteburuan, lehiaketa dastatzeko aukera

Hurrengo astean ekingo diote lehiaketari, baina asteburu honetan bertan abesbatzen topaketa izango da, San Frantzisko elizan, Oiartzungo Lartaun abesbatzaren eta Errenteriako Oinarri gazte abesbatzaren eskutik. Bi taldeen gidaritzapena, gainera, David Azurza tolosarra ariko da.

Lehiaketara begira, azkenik, sarrera eta bonoak eskuratzeko aukera izango da, urriaren 18an eta 19an, 16:00etatik 19:00etara, Leidor aretoko leihatilan; saio bakoitzaren aurretik ere erosi ahal izango dira, eta baita www.kutxabank.es webgunean ere.

 

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!