Aita-alabak ubera berean

Itzea Urkizu Arsuaga 2014ko urr. 17a, 11:29

Arraunlari eta entrenatzaile lanetan aritzen dira Anjel eta Irati Larrañaga aita-alabak. Denboraldia amaitu osteko oporralditik bueltan harrapatu ditugu.

Hitzez azaldu ezin den lotura bat da, norberak bizitzen duen arte ulertu ezin dena. Eta azaldu ezin den hori behin betiko uzteko, pisuzko arrazoi bat behar dela diote. Aita-alabak izateaz gain, arraunlariak ere badira Anjel eta Irati Larrañaga, eta odolean daramate, jada, bizitza paladetan kontatze hori.

Aitak sartu zion, arraunaren harra, Irati Larrañagari (Tolosa, 1992): «Futbola, atletismoa nahiz igeriketa egin nuen lehenago, denetik. Jendeari unibertsitatera joateko garaia iristen zitzaion heinean, ordea, talderik ez genuen osatzen, eta aita saltsa honetan sartuta zegoenez, eta beti hasteko esaten zidanez, proba egiteko asmotan hasi nintzen, gaur arte».

Lehen aldiz arraun bat hartu zuenekoa ia gogoratu ere ez duela egiten dio, barre artean, Anjel Larrañagak (Tolosa, 1967), eta, bere kasuan, lagunak izan zituen ontzian sartzeko amu: «Kuadrillako lagunak nituenez, behin batean proba egitera animatu nintzen, eta proba egin, gustatu eta jarraitu egin nuen, Kontxa irabazi nuen arte. 10-11 urte inguruko etenaldi bat egin nuen orduan, eta Tolosan arrauna berpizteko nahia sortu zen. Laguntza eskatu zidaten eta, berriro ere, honetan murgildu nintzen; ontzi txikiekin hasi, eta traineruko prestatzaile gisa amaitu dut azkenean».

Lehen palada eta ziabogak ematen ikasi zutenez geroztik lana gogotik egin behar izan dute larrañagatarrek, arraunaren maila gorenean baitabiltza gaur egun. San Miguel Ligan bigarren prestatzaile lanetan aritu da Anjel Larrañaga, Urdaibaiko traineruarekin eta, Irati Larrañaga, berriz, Zumaiako tostetan tiraka aritu da, Euskotren ligan. Arrauna, beraz, gai bakar bilakatzen zaie askotan, onartu dutenez.

«Asteburua beti izaten da inflexio puntu bat eta beti erabiltzen dugu balorazio bat egiteko, akatsak ateratzeko edo amaitzak goraipatzeko», azaldu du Anjelek. Arrauna egunero hizpide izatea «askotan txarrerako» izaten da, emaitzen isla izaten delako; trainerua ondo aritu ondoren, ordea, hizketagaiak ere gusturago hartzen dituzte.

Balorazioa ona edo txarra izan, bata besteari begira aritzea ia halabeharrezkoa izaten dela dio Irati Larrañagak: «Askotan estropada leku berean izaten dugu, orduan, nahigabe bada ere, elkarren berri izaten dugu eta norbere sentipenak partekatzen ditugu amaitu ondoren».

Aita arraunerako maisu izan du, gainera, Irati Larrañagak, eta «azken bi urteotan izan ezik, gehiago edo gutxiago, nire taldeko entrenatzaile izan da». Hala ere, «orain beste talde batean dabilen arren, etxean ere nire entrenatzaile izaten jarraitzen du beti», dio barre artean.

Mugarri bat arraunlari bizitzan
Aitak alabari oinerdokotzan utzitako arraunerako grina horren bidetik, Kontxako bandera preziatua eskuetan heltzeko aukera ere izan dute biek. Eta taldeko festan ospatzea sekulakoa den arren, etxekoentzat ere berezi-berezia dela diote.

«Iaz pena handia izan zen guri gertatu zitzaiguna», dio Anjel Larrañagak. «Kontxa eskuetan izanda, bulegoko lanengatik banderarik gabe» geratu zela dio, eta bizitzan izan zezakeen argazkirik politenetakorik gabe geratu zela: «Berak Kontxa irabazita eta nik ere Kontxa irabazita, itsasontzi berean argazki ederra zatekeen, baina ezin». Aurten, berriz, alabak lortu ezin izan duena lortu du aitaren taldeak, eta urte berean ospatu ezin izan duten arren, «ahal bezainbeste gozatu» zuen eguna.

«Handia» izan zen, Irati eta taldekideentzat, 2013ko Kotxako bandera irabaztea: «Kontxa irabazteaz gain, historia idatzi genuela esan daiteke. Izan ere, ordura arteko Kontxa guztiak Galizia aldera joan ziren, beraz, bandera Euskal Herrian geratu eta, gainera, guk irabaztea sekulakoa izan zen».

Biek ala biek ere badakite, arraunlari baten bizitzan mugarri moduko bat dela Donostiako bandera eskuratu izana; titulu garrantzitsuenetan garrantzitsuena, olinpiar jokoetako urrezko dominen parekoa.

Arraunlari gisa irabaztea «leherketa bat» izaten dela diote, sufrimendu eta nekearen ondorengo gozamena. Entrenatzailearen begietatik bandera lortzea, berriz, erabat desberdina dela dio Anjel Larrañagak: «Askoz ere mamituagoa izaten da eta irakurketa aurretik egiteko aukera eskaintzen dizu egoerak, helburua urrutiagotik ikusten duzulako». Desberdintasunak desberdintasun, aita-alabek argi daukate: «Kontxa irabaztea master bat izatearen pareko da, gure lanaren errekonozimendua lortzeko modu bat baita. Askotan, denboraldi osoan sekulako emaitzak lortuta ere, badirudi Kontxa irabazi gabe ezer handirik ez duzula egin. Arraun munduan titulu bat ematen dizu Kontxak, ia-ia».


Titulu horrez gain, aitzindari izatearen titulua ere badute, Irati Larrañagak eta haren kideek. Emakumezkoen estropadei ekin zieten belaunaldia izango dira, eta, oraindik ere, arraunaren historiako lerroak idazten ari dira. «Hemendik urte batzuetara konturatuko garela uste dut, guztia gure seme-alabei kontatzen diegunean», dio.

Kostaldeko kirolak lehorrean ere etorkizun oparoa
Hilabete eskas izaten dute, arraunlariek, atseden hartzeko. Tostetatik  gehiegi urrundu ezin, eta larrañagatarrak ere jarri dira, jada, hurrengo denboraldiari begira; azaroan ekingo diete entrenamenduei.

Iazko bidetik jarraitzeko asmoa dute biek, eta emaitzak hobetzeko erronkarekin piztuko dute estropadaz estropadako grina, joan berri den denboraldiaz balantze ezinhobea egin eta gero. «Arrauna beti arrauna» dela dio Anjel Larrañagak, eta hamarkadaz hamarkada aldatu den bakarra traineruen ligak duen jarraipena denez, neguko prestakuntza gogorra besterik ez dute, orain, buruan.

Kantauri itsasoko uretan lehiatu ahal izateko beharrezko izango dute neguko nahiz udaberriko prestakuntza, eta baita batel eta trainerilletako lehia ere. Eta, jardun horretan, TAK arraun klubak zeresan handia du oraindik, inongo deialdirik egin gabe gerturatzen baitzaizkie gaztetxoak, arraunera.

Kostaldeko kirol honi lehorreko arraunlariek joko handia emango diotela dirudi, beraz, etorkizun oparoa baitute: «Beharbada, egunen batean, Tolosako traineru bana ikusiko dugu, nork daki!».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!