"Gogorra baina ikusi beharrekoa"

Tolosaldeko Ataria 2014ko urr. 16a, 13:35

Senideak, ordezkari politikoak, kulturgintzako jendea eta bestelako hainbat herritar urbildu ziren atzo Leidor Aretora. Filmak kritika onak jaso zituen, eta guztien nabarmendu zuten bizikidetzarako "ikusi beharrekoa" dela.

IBAI IRIARTE (Tolosako alkatea)

"Pelikula fikzio bat da, baina zer gertatzen den ezagutzen dugunok, iraganera eramaten gaitu. Norberak egun haiek nola bizi izan zituen, urte haiek nola bizi izan zituen ekartzen digu gogora. Pelikula ondoren, isiltasuna behar nuen, ez nintzen gai hitz egiteko. Tripa guztiak mugitzen dizkizu, baina ikusi beharrekoa eta gomendagarria da".

PABLO MALO (Zuzendaria)

"Gaur Joxi eta Joxanen bahiketaren 31. urteurrena betetzen da. Emanaldi berezia da, badakigu Tolosan gaudela eta horrek hunkiberatasun berezia du. Bestalde, Tolosari eskerrak emateko modu bat ere bada, filmaketan gurekin oso ongi portatu zirelako, hainbat une filmatzen izan baikinen bertan. Izan genuen harrerarekin oso eskertuta gaude eta eskertzeko modu bat da honakoa. Guztia oso positiboa izaten ari da. Bagenekien neurri batean filme oso politikoa egin genuela, eta Madrilen eta Bartzelonan oihartzun handia izan du. Iruzkin zinematografikoak ere oso positiboak izan dira. Badakigu bakarrik defendatzen den filmea dugula. Hortaz, hilaren 17a iritsi eta filma estrenatzeko desiatzen gaude, ikusleek ikus dezaten."

JON ANZA (aktorea)

"Aktore batentzako horrelako pertsonaia bat egitea opari bat dela, batez ere hasiberria den aktore batentzat. Horrez gain, pertsonaia errealak izanda eta horrelako historia bat kontatu ahal izatea oso garrantzitsua iruditzen zait eta zentzu horretan oso eskertua. Emaitzarekin orokorrean gustura gaude, oso pelikula ona dela uste dugu. Kritikaren aldetik gauza ona entzun ditugu. Txarra agian politikari buruz asko hitz egin dela pelikularen inguruan eta gustatuko litzaigukela zineari buruz gehiago hitz egitea".

JOXE PORTELA (produktorea)

"Nik uste dut hemengo jendearentzat nahiko berezia izango dela, espero dut haien gustokoa izatea, guretzat ere berezia baita. Donostiako estrenaldian harrera ona izan zuen. Jendea oso pozik egon zen, eta guretzako hunkigarria izan zen".

MARTIN GARITANO (Gipuzkoako Ahaldun Nagusia)

"Herri honetan alde guztietan sufrimendu handia egon da, eta nik uste badela garaia guztiok dena ezagututa eta sufrimendu guztiak errekonozituta aurrera egin ahal izateko. Horretarako aitortu egin behar da gertatu dena, norberak zer nolako enpatia falta izan duen bestearekiko, eta aurrera egiteko arazo batzuk ditugu konpontzeko".

PELLO ATXUKARRO (PP)

"Pelikula gogorra da, baina egia eta gertatutakoa bezain gogorra da. Hori erakutsi nahi du eta hori ikusten da. Hemen Espainia guztian bezala, bizi izan ditugu hemen agertzen dien egoera asko eta urte askoan. Besteen iritziak eta ideiak konprenditzea behar-beharrezkoak dira errespetatzeko. Pelikularen hasieran, Lasa eta Zabalaren arrebek esan duten moduan, eta ni erabat ados nago, ikasi behar dugu besteen ideiak errespetatzen".

OLATZ PEON (EAJ)

"Historia ezagututa ere ikaragarria da. Eskenatokia, eta pertsonak ezagunak badira... Nik uste dut merezi duela ikustea, errealitatearen gordintasuna ere ezagutzeko. Uste dut ona dela plazaratzea, eta familiarrak bertan egotea zirraragarria izan da. Herri honetako gertaera bat da. Ez luke inoiz gertatu behar izan, gertatu zen eta hemen dago filmea hori erakusteko".

ANTTON IZAGIRRE (TOLOSAKO ALKATE OHIA)

Urte hauek bizi izan ditugu eta ezagutzen genuen istorioa. Orain gertaera horiek nola izan ziren eta Joxi eta Joxean gogoratzeak samina, tristura eta begiak ixteko gogoa sortzen du. Nire ustez ondo egindako filma da hau eta oso ondo mantentzen du tentsio hasieratik bukaeraraino. Orain arte ezkutuan egon diren egia batzuk agirian jartzeko eta bizikidetza lortzeko balio beharko luke film honek.

MARKEL OLANO (EAJ)

Pelikularen istorioa denok ezagutzen genuen baina oso modu esplizitu eta gogorrean erakusten da filmean. Belaunaldi berrientzako garrantzitsua da besteok ezagutzen genuen istorioa film baten bitartez jasotzea eta nire ustez oso pelikula beharrezkoa da, jendeari gomendatzeko modukoa.

HASIER ARRAIZ (SORTU)

Oso gordina da pelikula eta kontua da, egia, oraindik ere gordinagoa izan zela. Horrelako gertaera bat bizitzeko aukera izan dugu eta pelikula hau behar-beharrezkoa dela uste dut. Nolabait, herri honen memoriaren zati bat islatzea lortzen du filmak.

MARTXELO OTAMENDI (BERRIA-KO ZUZENDARIA)

Oso pelikula interesgarria da. Jendeak oso film gogorra dela esaten du eta hala da, baina ikusi beharra dago. Balore dokumental garrantzitsua du filmak eta pelikula hau gure azken hamarkadetako filma izan daiteke. Paper garrantzitsua joka dezake film honek hemendik kanpora.

JOXEMI SAIZAR (TOLOSALDEKO HITZAKO ZUZENDARI OHIA)

Hainbeste urtetan entzun eta irakurri ditugunak irudietan ikustea oso gogorra izan da. Pelikulak ondo jaso du istorioa eta pozgarria da gertaera honekin lan duin bat egin dutela ikustea.

ARITZ LOPEZ

Zuzenean oso gogorra iruditu zait pelikula. Gatazka bat egon da herri honetan eta bi alde egon dira bertan. Alde bateko sufrimendua ondo ezagutzen da eta beste sektoreak bizi izan duen sufrimendua ezagutzea falta da. Beste aldeak jasan duen sufrimendu hori azaleratzen du pelikula honek. Beharrezkoa da hau egitea.

JON IJURKO

Beti pentsatu izan dugu oso gogorra izan zela baina pelikula irudikatzea are gogorragoa izan da, barruan zerbait lehertu zait. Herri honetan, gauza hauek, orain arte zenbait jendek tapatu egin dituzte.

AMAIA

Istorio hau lehendik ezagutzen nuen. Ikaragarri inpaktatu dit pelikulak eta filma asko zabaltzea espero dut, jendeak gertatu izan direnak ezagutu ditzan.

BEÑAT JAUREGI

Errealitatea ondo islatzen duen pelikula dela uste dut. Gogorra da eta aldi berean egia kontatzen du. Hemendik kanpora zabaldu beharreko filma da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!