Erraietarainokoa

Itzea Urkizu Arsuaga 2014ko urr. 16a, 16:33

Hunkigarria izan zen Lasa eta Zabala filmaren Tolosako aurrestreinaldia, Leidor aretoan; bahiketaren 31. urteurrenean, etorkizuneko ateak ireki eta halakorik berriro ez gertatzeko itxaropena azaldu zuten bertaratuek

«Desagertze behartu bat pairatzen denean, ez dago hitzik barruko zurrunbilo hori kontatzeko». Pili Zabalak Leidor aretoko oholtzan esandako hitzak dira horiek, bere anaia Joxi Zabala eta haren lagun Joxean Lasa nola bahitu eta erail zituzten munduratu duen filmaren aurrestreinaldian.

800 eserleku bete ziren «herri honetako gertaera ilunenetako bat» gogora ekartzeko, Ibai Iriartek esan bezala. 800 ikusle eta 1.600 begi, Joxi eta Joxean desagertu zirela 31 urte bete ziren iluntzean. Egun berezia, zalantzarik gabe, bi familientzat eta bertaratutako guztientzat; nabariak ziren filma ikusi aurreko tentsioa eta urduritasuna, baita kazetarien artean ere.

Pablo Malo zuzendariak aitortu zuen asteazkeneko aurrestreinaldiaren zailtasuna: «Bi pase konplikatu egin ditugu: familiari filma erakutsi genionekoa izan zen bata, eta, bestea, gaurkoa da, Tolosan, Lasa eta Zabalaren herrian». 1983an hasi eta hamarkadaz hamarkada denboran iraun duen historia kontatu duen filmak «nahitaez gogorra» izan behar zuela nabarmendu zuen Malok: «Hala behar zuen, egia are gogorragoa izan zelako, eta biekiko eta familiarekiko errespetuz».

Eta gogorra da, bai, oso. Gogorra eta gordina, ikusleari hotzikara etengabea mantentzen dion horietakoa. Albiste, erreportaje eta eleberrietan irakurritako guztia irudiz jantzi eta Lasa eta Zabalaren kasua pauso bat harago eramaten duena; erraietarainokoa. «Egin beharreko filma" izan baita euskal gizarteko hainbat eta hainbat ikuslerentzat. Senideentzat, bereziki, eta 1983an hura ezagutu zutenentzat; baita 1995. urteko ekainean San Blaseko hilerritik behera korrika, ehunka lagun ihesean ikusi zituzten begientzat ere.

Leidorren bai, Leidorren 1.600 begi izan ziren, Joxiri eta Joxeani «inoiz eman ezin izan zitzaien» agurraren lekuko, bien guraso eta arrebak oholtzara igo eta Ibai Iriarte alkateak lore sorta bana eman zienean; aretoa zutik, erraietarainokoa.

Begi horietako asko umeldu zituzten Jon Anzak eta Cristian Merchan aktoreek, Joxean eta Joxiren azalean sartu eta GALeko kideen aldetik jasotako torturak irudikatu zituztenean; irudikatu eta salatu, ia sentitzera arte. Izan ere, «pelikula hau egin ondoren, taldeko kideok ez gara berdinak izango; asko eragin digu psikologikoki», azaldu zuen Pablo Malok filmaren aurretik.

Baina sufrimendua nolabait partekatu ahal izatea izan da, aberasgarriena, Joxi eta Joxeanen gertukoentzat. «Oso garrantzitsua da, guretzat, aretoa beteta ikustea, guk barruan dugun betekada zuekin partekatzeko. Film gogor bat hainbeste maitasunekin egin dutela ikustea, gainera, zoragarria izan da», azaldu zuen Axun Lasak.

Asko eta askok, Joxemi Saizarren gisan, «zer ikusiko genuen bagenekien arren, irudi esplizituak ikustea oso mingarria» dela pentsatu zuten. Minaren gainetik, ordea, halako gertakariak salatu eta belaunaldi berriei Lasa eta Zabalaren kasua ezagutarazteko lana eskuartean izatea pozgarria izan zen asteazkenean Leidor bete zuten tolosarrentzat. «Memoria historikoa, justizia, egia eta aitortza, denena behar baitu herri honek» Pili Zabala eta Axun Lasaren ustez: «Balio dezala nazioartera iritsi eta ate asko zabaltzeko, eta elkartu ditzala sufrimendu guztiak, berriro ezin baita horrelakorik gertatu».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!