Kultur asteko egun bizienak datozkie sanestebandarrei

Itzea Urkizu Arsuaga 2014ko urr. 15a, 15:22

Ovarios verdes fritos antzezlan probokatzailearekin hasiko dituzte, bihar, igandera arteko jarduerak.

Joan den asteburuan auzoko jaien lehen mokadutxoaz gozatu ahal izan zuten sanestebandarrek, Basagainera egindako txangoarekin eta Tolosako herri krosarekin. Auzoko kultur asteako egitarau oparoena, ordea, asteburu honetan osatuko dute, bihar bertan hasita.

Patata tortila lehiaketa hamabigarrenez ospatuko dute eta, auzotarren sukalderako dohainez gozatu ondoren, antzezlan bat izango dute ikusgai: Ovarios verdes fritos. Antolatzaileek azaldu dutenez, iraultzaile bezain dibertigarria da kabareta, eta ikusleek beren burua istorioan barrena gertatzen direnekin identifikatzea da helburua; finean, herritar guztiek duten presio sozio-sexuala du hizpide, eta etiketa nahiz aurreiritzi guztiak atzean uztea proposatuko dute oholtzatik.

Larunbata, berriz, haurren eguna izango da, hamaika joko nahiz jarduerarekin. Hitzordu orijinalena BOX.Ako kideen eskutik iritsiko da, gainera, San Estebanera: serigrafia tailerra egingo dute eta, parte hartu nahi dutenek, kamiseta txuri bana eraman beharko dute etxetik. Horrekin batera, IPOXek zirko tailerra ere eskainiko die haur eta gaztetxoei.

Behin haurren jarduerak amaituta, gaua eta gauerdia parrandazaleenentzako gorde dute auzoan, eta Morgan, CO2, Puntzaka DJa eta NDY sons of Bonn ariko dira.

Azkenik, igandean biribilduko dute San Estebango kultur astean, goizean goizeko dianarekin hasi, trikiti doinuekin jarraitu eta babarrun jatearekin bazkari-legea egin ondoren, dantzaldian gorputza astinduz.

ASTEBURUKO EGITARAUA:

Urriak 17, ostirala:
22:30an.Kontzertua: “Agoraphobia” eta “Broken”.
Ondoren. Rock gaua.

Urriak 18, larunbata:
16:30ean. Haur jolasak.
18:00etan. Buruhandiak.
19:00etan. Txokolate jatea.
23:30ean. Morgan eta CO2 taldearen kontzertua.
Ondoren. Puntzaka DJ & NDY sons of Bonn (live), zuzeneko ikuskizuna.

Urriak 19, igandea:
09:00etan. Diana Tolosako Udal Txistulari Bandarekin.
10:00etan. Trikitixa auzoko baserrietan.
11:00etan. Meza auzoko hildakoen alde, San Frantzisko elizan.
12:00etan. Auzoko txarangarekin kalejira.
14:00etan. Auzoko babarrun jatea.
Ondoren. Dantzaldia Joxe Jabier Mendizabal-en eskutik eta atsedenaldian, toka txapelketa.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!