«Aurreiritzi asko erori eta ikuspegia aldatu zait etorkinekiko»

Itzea Urkizu Arsuaga 2014ko urr. 15a, 10:28

Tolosako Laskorain, Orixe eta Hirukide ikastetxeetako gaztetxo etorkinei euskara ikasten laguntzea da, Nerea Egibarren eguneroko jarduna; argi dauka, ordea, ikasleak direla, askotan, bere irakasle

Tolosako Udalaren lan eskaintza bati erantzunez hasi zen, Nerea Egibar (Lasarte, 1988), etorkinen euskara irakasle lanetan. Hizkuntza normalizazioa eta integrazioa uztartuz ari da, orduz geroztik, gaztetxo etorkinekin.

Maila oso desberdina duten ikasleak izango dituzu, ezta?
Batzuk etorri berriak dira, eta hutsetik hasi behar izaten da. Aldiz, beste zenbaitek bizpahiru urte daramatzate hemen, eta badute gutxieneko oinarri bat.

Irakaskuntza pertsonalizatua da neurri batean?
Ikastetxearen eta nire artean talde horiek homogeneoak izan daitezen saiatzen gara, ahal dugun neurrian. Izan ere, ikasle batzuen eta besteen artean alde handia egon daiteke batzuetan; oinarrizko hiztegia lantzen aritu behar da batzuekin eta, besteekin, berriz, gramatika. Hori aurrera ateratzea zaila da, beraz, talde txikiak sortzen saiatzen gara, ahal den neurrian, antzeko maila duten neska-mutilekin. Aurrez egindako antolakuntza horren gainetik, ordea, batzuetan ikasle berriak etortzen dira ikasturte erdian, eta ahal den moduan txertatu behar izaten dira taldeetan, euskararen inguruan ezer ez dakitela.

Zure ikasleek zein jarrera dute euskararekiko?
Gai zaila da hori. Nik aldea nabaritzen dut gaztelera ama hizkuntza duten ikasleen eta beste ama hizkuntza bat duten ikasleen artean. Lehenengoen kasuan zailagoa da euskara ikasi nahi izatea, izan ere, gazteleraz ederki moldatzen dira eta, tamalez, hemen ez dute euskara ikasteko beharrik sentitzen. Aldiz, euskara edo gaztelera ezagutzen ez dutenek, gogo gehiagorekin hartzen dute euskara ikasteko erronka hori.

Hamaika jatorritako ikasleak dituzu, noski.
Bai, bai. Hego Amerikatik, esaterako, Argentina, Dominikar Errepublika nahiz Hondurasko ikasleak ditut. Halaber, ikasle errumaniarrak, arabiarrak, mauritaniarrak, sahararrak nahiz mozambiketarrak ere baditut. Denetik, egia esan.

Integrazioa ere lantzen duzu, beraz. Nolakoa da bertakoen eta etorkinen arteko elkarbizitza?
Zenbait kasutan, etorkinak integratzen dira bertako ikaskideekin, baina, egia da, beste asko, ikastetxean bertan dauden gainerako etorkinekin elkartzen direla.

Eta zein hizkuntza erabiltzen dute bertako ikasleekin harremana duten ikasle etorkinek?
Lehen aipaturikoarekin lotuta, ikasle etorkinak gaztelera ezagutzen ez badu, euskara erabiltzen saiatuko da bertakoekin. Gazteleraz aritzen diren etorkinek, ordea, ez dute pauso hori ematen, eta bertakoek gazteleraz egiten dute eurekin.
Ikasle kanpotarrak kuadrilla euskaldunetan integratzea euskararentzako mesedegarriena litzateke, beraz.
Bai, baina euskaldunok itxi samarrak izan gaitezke zenbaitetan, eta jada eginda dauden taldeak irekitzea kosta egiten zaigu askotan. Horregatik, eta, nolabaiteko konplizitatea dutelako, etorkinen artean taldetxoak egiten dituzte. Beti izaten dira salbuespenak, baina, oro har, hori gertatzen da.


Kultur aniztasuna hazten ari da. Zer aldatu behar da, zure ustez, integrazioan?
Lan zaila dugula uste dut, hizkuntzari dagokionean. Irakasleok ikasle etorkinei euskaraz egitearen beharra azpimarratu arren, beraiek errazenera jotzen dute ia beti. Zaila da beren pentsakera aldatzea, egoeragatik gazteleraz bizi daitezkeelako.

Eta zenbat denboraz jasotzen dute euskara errefortzu hori?
Legearen arabera, hemen bi urte edo gutxiago daramatzaten ikasleei bakarrik dagozkie euskarazko laguntza orduak. Hemen bizitzen bi urte betetzen dituztenean, legearen arabera, oso euskara maila ona lor dezakete eta, gainera, gai izan behar dute irakasgai guztiak euskaraz egiteko.

Errealitatea, ordea, bestelakoa da, ezta?
Hori ezinezkoa da. Lege horiek egiten dituztenak jarriko nituzke, nik, etorkinen egoeran: beste herrialde batera joan, hizkuntza berri bat ikasi eta, gainera, Lehen Hekuntzan nahiz DBHn, irakasgai guztiak hizkuntza horretan egiten. Tolosako Udalak laguntza handiagoa behar zela erabaki zuen, eta horrela hasi nintzen ni lanean.

Eskola porrota handiagoa da etorkinen artean?
Noski, lan bikoitza baino gehiago egin behar baitute, irakasgai guztiak aurrera eramateko. Gainera, askotan, hezkuntza-maila baxuagoarekin etortzen dira.

Eta egoera pertsonalak eragiten die?
Noski, gaztetxo hauen egoera ere ulertu egin behar da. Asko familiaren erabaki baten ondorioz etortzen dira hona, ez beraiek hala nahi dutelako. Hona iritsi eta guztia berria da eurentzat, baita lagunak ere; betiko lagunak han uzten dituzte. Hori jakinda, ikastetxeetan zintzo portatzea eta emaitza onak izatea nahi dugu, baina konplikatua da oso.

Arazoak arazo, euskara gustura ikasten duen ikaslerik baduzu?
Bai, noski. Adibidez, Ukrainatik neska bat etorri berri da, eta oso-oso gustura ari da euskara ikasten; azkar barneratzen du guztia. Gaitasunak garrantzia duen arren, gogoa ezinbestekoa da. Ez badute nahi, ez dute egingo eta ez dute ikasiko.

Bukatzeko, esperientzia aberasgarria izaten ari da zuretzat?
Noski. Hasteko, aurreiritzi asko erori eta ikuspegia aldatu zait etorkinekiko, oso gustura ari bainaiz lanean. Benetan aberasgarria izaten ari da, eta irakaslea ni naizen arren, beraiek asko irakasten didate.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!