Behetik gorako bideari ekin dio Tolosa eskubaloi taldeak

Asier Imaz 2014ko urr. 14a, 18:30

Jon Iraola taldekideak denboraldi hasiera eta hurrengo jardunaldia aztertu ditu Ataria Irratiko Eutsi Goiari saioan.

Tolosa Eskubaloi taldea goraka doa. Bai sailkapenean, eta baita jokoan ere. Hasiera gorabeheratsu baten ondoren, azken bi partidak irabazi dituzte urdinek, eta gorantza begira jarriak dira. Azken jardunaldian Donostian jokatu zuten, Egiaren aurka, eta 23-26 irabazi zuten. Jon Iraola taldekidearen esanetan partida ez zen erraza izan: «Aurretik hasi ginen, baina etxekoak ondo defendatzen hasi ziren gero, eta markagailuan tartea murrizten. Presioa sentitu genuen orduan. Gu goitik behera gindoazen, eta eurak goraka. Hala eta guztiz ere, berriro aurrea hartu genuen, eta bi puntuak lortu. Amaieran, hiru penalti huts egin genituen jarraian, beraz, aldea handiagoa izan zitekeen». 

Liga hasiera ez da ona izan Tolosarentzat, emaitzei begiratuta. Iraolaren esanetan ez da kezkatzekoa, fitxaketa berriak eta jubeniletatik igotako jokalariak medioa, taldea oraindik osatzen ari delako. Horretarako sekretua lana dela dio ibartarrak, eta goian egon nahi baldin badute, izena edo ustezko nagusitasuna nahikoa ez dela izango dio Iraolak. 

Lehen nazional mailan bigarren denboraldia du Tolosa Eskubaloiak aurten. Iaz, helburua mailari eustea zen, eta aurten, planteamendu desberdin batekin ari direla dio Iraolak. «Etorri eta igo den jendearekin, eta taldean gelditu direnekin, helburua lehen postuetan ibiltzea da. Baina hori gertatzeko izerdia bota beharra dago, partidak ez baitira lanik egin gabe irabazten». 

Hurrengo partida Usabalen jokatuko du Tolosak, Usurbilen aurka, larunbatean 18:00etan. Aurkaria iaz bigarren mailan zegoen. Denboraldi honetan oraindik ez dute garaipenik lortu, baina Iraolaren esanetan «talde gogorra da». Ibartarraren esanetan, asteburuan zaletuen babesa beharko dute ohi bezala Usabalgo presioaz taldea bultzatzeko.

Egia (14) 23
Tolosa Eskubaloia (6) 26 

Egia. Sistiaga, Amigot (5), Arkaitz Artetxe (1), Gurutz Artetxe (2), Caballero, Ugalde, Fidalgo (1), Ezama (4), Agreda, Yerobi, Exabarri (2), Galparsoro (1), Asurabarrena (7), Urrusolo, Cobeña.

Tolosa. Pagola, Diaz de Cerio (6), Iturralde (2), Goikoetxea (3), Otegi, Zubiria, Galarza, Uranga (2), Aranburu (1), Mendinueta (5), Ortiz (2), Mujika (2), Aranburu (3). 

Markagailua. 5. min (1-1); 10. min (2-4); 15. min (4-7); 20. min (6-10); 25. min (9-13); 30. min (11-15); 35. min (14-16); 40. min (16-17); 45. min (19-18); 50 min. (20-21); 55. min (22-23); 60. min (23-26).

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!