Egunkaria

Martxelo Otamendi: "Jendearen laguntzarik gabe, segur aski kartzelan izango ginen denak"

Iñigo Terradillos 2014ko urr. 14a, 15:35

Orain 11 urte, 'Egunkaria' itxi zutenean eta auzia hasi zenean, bertako zuzendaria zen Martxelo Otamendi tolosarra. Auzi ekonomikoan auzipetuta ez bazegoen ere, gertutik jarraitu du bere lankide ohien egoera. Tolosaldeko Atariak bere hitzak jaso ditu.

Honekin bukatutzat eman daiteke 'Egunkaria auzia'.

Bai, hala da. Gaur lurralde auzitegiak hartu duen erabakiaren aurka ezin da helegiterik jarri, ez Fiskaltzak, ez inork, beraz betirako itxi da 'Egunkaria auzia'. Lehendabizi Madrilen egin zen epaiketan absoluzioa lortu genuen. Orain auzi ekonomikoan zintzilik zegoen epaiketa egin ala ez; zain zeuden orduko gure lankideak, eta Fiskaltzaren aldetik eskaerak oso gogorrak ziren, kasu batzuetan hamasei urteko kartzela zigorra eta milioi euro askotako isuna. Eta hori dena itxi du auzitegiak, eta betirako itxi da zorionez 'Egunkaira auziko' parte judiziala behintzat.

Duela 11 urte hasi zen hau guztia, eta azkenean bukatu da, baina bidean ere asko geratu da.

Honek ez zuen ez hanka eta ez buru abiatu zenean, eta egun gutxiago. Izan ere, epaiketa egin edo ez egin, edo absolbitu eta atera, dagoeneko epaiketa moduko bat egin dizute, zigor bat jarri dizute, epai auziaren zigorra deitzen dena. Ez zuen sekula gertatu behar izan, ez zuten sekula 'Egunkaria' itxi egin behar, ez atxilotu, ez torturatu, ez ondasunak bahitu, ez 150 langile kalera bidali... Horrek ez zuen inongo zentzurik ez bada esplikatzen eraso bat egiteko asmoa zelako orduan Espainiako Gobernuaren partetik. Asko kosta da, lan handia egin behar izan da, jende askok egin du lan, jende askok eman du laguntza Euskal Herrian eta Euskal Herritik kanpo. Gaur bada eguna pozteko 'Egunkaria auziaren' itxiera judizialarengatik, alegia, artxibatzeagatik, baina baita ere eskerrak emateko beti 'Egunkaria auziarekin' kezkatuta egon direnei, mobilizatu direnei, laguntza eman dutenei. Baita, zuen kasuan bezala, jorraketa informatiboa eman duten komunikabideei. Pozgarria da ikustea ondo atera dela.

'Egunkaria auzian' auzipetuta egon zareten guztiontzat garrantzitsua izango zen jasotako babesa.

Gu oso eskertuta gaude jendearekin. Jendeari eskatu diogun aldiro laguntza eman digu, bai Euskal Herriko erakunde publikoek, baita ere alderdi politiko, sindikatu, euskaltzale taldeak, norbanako, eskolak, kultur taldeak... Kaleko jende askok lagundu digu, diruarekin, animoekin, mobilizazioetan parte hartuz... Jendearen laguntzarengatik izan ez balitz, gu orain segur aski kartzelan izango ginen denak.

Izan dute bere pisua, beraz, elkartasun adierazpenek eta aldarrikapenek.

Hala da; ez bazara mugitzen eta Estatuak ikusten badu zure inguruan inor ez dela mugitzen, Estatuak aukera gehiago ditu nahi duena egiteko, eta gure kasuan horrela gertatu zen. Gu atxilotu eta handik bizpahiru egunetara Donostian sekulako manifestazioa antolatu zen, inoiz izan den handiena, eta hori abisua izan zen Estatuarentzat.

Eta hemendik aurrera zer?

Orain zaila dago; guk indemnizazio ekonomikoa lortzea oso zaila dago. Iñaki Uria kartzelan izan zuten urte eta erdi, Xabier Oleaga zortzi hilabete, beste batzuk hilabete bana, torturatu egin gintuzten, 150 langile kalera bota zituzten eta sekulako sarraski ekonomikoa egin zuten, baina guk hortik ez dugu segur aski bueltan euro bat bera ere ikusiko. Zorionez jendeak laguntza eman zigun 'Berria' sortzeko, eta gaur egun 'Berria' komunikabide sendoa da. 'Berria'rekin batera Hitza tokiko komunikabdeak ere sortzen joan dira eta orain 'Ataria' ere bai. Gutxienez erakutsi genuen nahiz eta kolpe latza jaso, gure jendeak jakin zuela horri aurre egiten eta buelta ematen. Horrek erakusten du badagoela giharra, eta baita ere gihar sozial handia dagoela gure herrian.

 

 

 

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!