Ondorioz, zortzi auzipetuak libre geratu dira: Joan Mari Torrealdai, Iñaki Uria, Txema Auzmendi, Joxe Mari Sors, Mikel Sorozabal, Fernando Furundarena, Ainhoa Albisu eta Begoña Zubelzu.
Fiskaltzak epaiketa egitea nahi zuen, preskripzioa etenda zegoelakoan, eta Zubimendiren erabakiaren ostean helegitea aurkeztu zuen. Fiskaltzaren arabera, 2003ko azaroaren 4ko auto batek eten zuen preskripzioa. Aldiz, Zubimendik bere sententzian, defentsak inpugnazioan eta Gipuzkoako Auzitegiak diote auto hark Egunkaria-ren itxierako auziarekin daukala zerikusia, ez ekonomikoarekin. Gainera, fiskaltzak aipatutako autoan zehazgabeak ziren ustezko delituak eta egileen parte hartzea.
Horrez gain, Jaurlaritzak bi txostenen bidez ziurtatu zuen Egunkaria-k ez zuela diru laguntzetan iruzurrik izan; PSEren gobernuak eta EAJrenak egin zituzten txostenok. Gipuzkoako Aldundiak ere esana zuen diru kontuen faltsutzerik ez zuela egin euskarazko kazetaren enpresak.
Egunkaria-ko hiru inputaturi auzi ekonomikoaz lehen aldiz 2009ko maiatzean hartu zien deklarazioa Auzitegi Nazionalak: Torrealdai, Uria eta Auzmendiri. Eloy Velasco epaileak auziarekin aurrera egitea erabaki zuen. Dena dela, itxiera auziko absoluzioaren ostean pieza ekonomikoa Donostiako Zigor Epaitegira pasatu zuten, ustezko delituak arruntak zirelako, ez "terrorismoarekin" lotutakoak.
Auziaren hasieran Fiskaltza Ministerioa ez zen akusazio bezala aurkeztu; gero egin zuen hori, Dignidad y Justicia elkarteak egindako eskaerei atxikiz —2011ko abenduan elkartea auzitik kanpo utzi zuten—. Eta, hain zuzen, zortzi lagunentzat guztira 128 urteko kartzelaldia eta 221 milioiko isuna eskatzera heldu zen fiskaltza.
Zubimendik aurtengo ekainean jakinarazitako preskripzio erabakia berretsi egin dute orain Gipuzkoako Auzitegiko 3. sekzioko epaile Juana Maria Unanue, Iñigo Suarez de Odriozola eta Maria del Carmen Bildarrazek.
Auzi ekonomikoko operazioa 2003ko urriaren 16an izan zen. Andoaingo (Gipuzkoa) Martin Ugalde kultur parkearen eta Egunkaria-ren enpresa taldearen aurkako operazioa egin zuen Guardia Zibilak, Del Olmo epaileak aginduta. Zortzi pertsona atxilotu zituzten orduan: Mikel Arrizabalaga, Angel Diez, Armando Hernandez, Mikel Sorozabal, Joxe Mari Sors, Mikel Azkune, Joanmari Larrarte eta Xabier Legarra. Lau egunera Eneko Etxeberria Egunkaria SAko abokatua atzeman eta inkomunikatu zuten, epaitegian zegoela.
11 urte hauetan auzipetuek euskal gizartearen babesa jaso dute.