"Ezkutuko egiak ezin dira alfonbra azpian gorde"

Itzea Urkizu Arsuaga 2014ko urr. 14a, 10:47

Paco Etxeberria eta Carlos Martin Beristain medikuek solasaldia eskaini dute atzo, Topic zentroan, giza eskubideen urratzeetako memoria berreskuratzearen beharraz.

Lasa eta Zabalaren desagerpenaren 31. urtemuga izango da bihar eta, horren harira, zenbait egitasmo antolatu dituzte Tolosan. Atzo izan zen lehena, Topic zentroko aretoan, Paco Etxeberria eta Carlos Martin Beristainen eskutik.

Biak ala biak giza eskubideen urraketak ikertzen adituak dira. Martxelo Otamendi aurkezleak argitu zuen moduan, gorpuak ikertzen aditua da Etxeberria eta, Beristain, berriz, senitarteko biktimekin aritu izan da. Gaur egun, Eusko Jaurlaritzako Bake eta Bizikidetza lantaldeak agindutako proiektu batekin lanean ari dira, Euskal Herriko kasu guztiak ikertzen.

Benito Morentin, Laura Rego, Carlos Martin Beristain eta Paco Etxeberriak osatu dute lantaldea eta, nabarmendu dutenez, dokumentu ofizialak biltzen hasi dute lana: "5.000 kasu inguru daude Euskal Herrian, askok testigantzarik eskaini nahi izango ez duten arren".

2015. urtera ere luzatuko dute proiektua, guztia, biktimen duintasuna berreskuratzeko helburuz: "Behar-beharrezkoa da biktimen duintasuna berreskuratzea eta, horretarako, zer eta nola izan zen jakitea ezinbestekoa da. Izan ere, torturek eta giza eskubideen urratzeek "osotasun psikologikoa bortxatzen dute, baita senideena ere", Beristainen iritziz.

Memoria berreskuratzeko ariketa horretan, dena den, metodologia sendo baten beharra azpimarratu dute bi medikuek: "Biktima askorentzat oso-oso mingarria da testigantzekin guztia gogoraraztea. Beraz, biktimarentzat zentzu bat izan behar du ikerketak, eta zerbaiterako balioko duela sentitu behar du. Bestela esanda, errekonozimenduak marko sozial bat izatea behar dute biktimek".

Topic aretoan ez zen ia aulki hutsik geratu bi adituen jakintzaz goatzeko eta, finean, elkartasunaren eta memoriaren mugak hautsi beharko direla nabarmendu zuten, "beste aldera joateko beldurra gaindituz". Horrela, jorratzen ari diren proiektuak Euskal Herrian Egiaren Batzorde bat sortuko duenaren itxaropena dute.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!