Etxetik urrun, ezinean

Asier Imaz 2014ko urr. 13a, 19:46

Argazkia: Jagoba Domingo (Goiena.eus)

60. minutuan lortu zuen partidako gol bakarra Bergarak, izan ez zen penalti bati esker.

Tolosa CFk 1-0 galdu zuen larunbatean Bergaran. Partidari neurria hartu ezinik ibili ziren urdinak, eta etxetik kanpo ohikoa bilakatzen ari den dinamika da. Hain justu, horri buelta emateko lan egin beharra dagoela esan du Iker Dorronsoro entrenatzaileak. «Zer hobetua badugu. Etxetik kanpo, baloia mugitzea kosta egiten zaigu. Ez daukagu etxean izaten dugun pazientzia hori, konfiantza hori, eta zalantzak sortzen zaizkigu. Kosta egiten zaigu».

Berazubitik urrun taldeak sufritu egiten duelakoan dago Dorronsoro, eta hori konpontze aldera, jokalariekin hitz egin nahi du, euren iritzia jakiteko.

Bergaran lehen zatian ez zuen ongi jokatu Tolosak. Atsedenaldian jokoari buelta eman beharra zegoela esan zien entrenatzaileak jokalariei. Bigarren zatian, ordea, polemikaz betetako penaltia iritsi zen 60. minutuan, eta markagailuan atzetik jarri ziren tolosarrak. Eloik egin zuen gola. Hortik aurrera dena aldrebes irten zitzaien eskualdekoei: «Partida arraroa izan zen. Ez zitzaigun ezer ongi atera. Jokoan sartzen hasi ginenean bat-batean penaltia etorri zen. Taldea indartzeko egin genituen aldaketak ere ez ziren ongi atera; eta azken 15-10 minutuak bi jokalarik lesionaturik pasa behar izan zituzten zelaian». 

Hurrengo partida igande honetan jokatuko du Berazubin, Aloña Mendiren aurka, 16:30ean. Hiru puntuak lortzea garrantzitsua izango da urdinentzat, gora begira jarraitzeko. Ondoren, etxetik kanpoko dinamika aldatzeko aukera izango dute. Ez da erraza izango, Aretxabaleta liderraren zelaian jokatuko baitu Tolosak hamabost egun barru. Lehendabizi, ordea, etxeko partida tokatzen da. Zaletuek taldeari babesa emateko aukera paregabea izango dute, beraz, igande honetan.

Entzun Dorronsororen analisia Ataria Irratiko Eutsi Goiari saioan:

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!