Kuttunenen omenaldia, artista konprometituari

Itzea Urkizu Arsuaga 2014ko urriaren 10a

Iñaki Epelderi omenaldia egin zioten, atzo, Topic zentroan.

Eskulturasteko hitzorduetan hunkigarriena ospatu zuten, atzo, Topic zentroan, Iñaki Epelde artista omentzeko. Duela urte eta erdi zendu zen sortzaile oparoa, eta berak artearekiko zuen konpromiso beraz gogoratu nahi izan zuten.

Et Incarnatus orkestraren doinuak jantzi zuen, eraikineko arkupean, Koldobika Jauregiren eskultura iragankorra; koloretako hautsa eta harriak erabili zituen, Epelderen obraren zantzuak zituen irudia sortzeko.

Behin artelana amaituta, Edurne Ormazabal aurkezleak barrura gonbidatu zituen bertaratuak, eta bertan ekin zioten ekitaldiko une hunkigarrienei. Musika, Julia Otxoaren poema, Joxemari Iturralderen errezitaldia nahiz lagun eskulturgileen preformanceak harrapatu zituen ikus-entzuleak, giro xume bezain aberatsean; Iñaki Epeldek bere-berea zuen apaltasunean.

Eskulturasteari agur. Eskulturastea biribiltzeko saioa izan zen Topic zentrokoa, baina egitasmoa Donostiara iritsiko da urria bukaeran: Boulevard aretoan Iñaki Epelderen eta Nisa Goibururen erakusketa zabalduko dute, abenduaren 5era bitarte. Azaroaren 7an, berriz, arteari eskainitako zikloa amaituko da, Tolosan, Juan Luis Morazaren Éxito (lo incontable) hitzaldiarekin. Topic zentroan izango da, 19:30ean, Santi Eraso aurkezle dela.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!