'Euskara munduan' dokumentalaren aurrerapena ikusgai

Tolosaldeko Ataria 2014ko urr. 9a, 16:16

Iñigo Asensio tolosarrak ekoiztutako lanak euskarak munduan duen egoera analizatzen du, perfil ezberdineko euskal hiztunen errealitatean oinarrituz.

Apirilean, Asensiok lanaren nondik norakoak azaldu zituen ATARIA irratian egindako elkarrizketan: "Gure herriaren mugak noraino heltzen diren erakutsi nahi du lanak".

Webgunea (www.euskaramunduan.com) eta Facebook-eko orrialdea egin dituzte proiektuaren ingurukoak helarazteko. Horrela definitzen du Asensiok dokumentala:

Zein da Euskararen erabilera eremua? Zein dira euskaldunon hizkuntzaren mugak? Euskal Herria Euskararen Herria bada... Ez al da gure herria uste baina handiagoa? Euskara izan al daiteke euskaldunon herria?

Galdera hauek guztiak proposatuta Euskara Munduan dokumentalak mundua zeharkatuko du, bost kontinenteetako 14 herrialdetan profil ezberdineko euskal hiztunen testigantzak jasotzeko. Gazteak eta atzerrira jo berriak batzuk, helduak eta 20-30 urte kanpoan daramatzatenak beste batzuk eta azkenik gaztetan emigratu eta 50-60 urte atzerrian daramatzaten aiton-amonak. Herrialde txiro zein aberatsetan, Afrika sakonean edota Hong Kong bezalako hiriburu ekonomikoan, lanak, goseak, fedeak edota amodioak mugituta, protagonista guztiek ezaugarri komun bat dute: Euskara.

Euren sentipenak aztertuko ditu dokumentalak, Euskararekiko harremana nola bizi duten ikusi eta azken finean Euskararen mapa latente bat marraztu. Nola liteke milioi bat euskal hiztun ez dituen Euskal Herriak, bere hizkuntza ia 50 herrialdetan presente izatea? Zerk mugitzen ditu ehunka biztanle mundu osoko hainbat hiritan Euskara eskolak jasotzera?

Euskarak alde batetik hiztunak galtzen ditu munduan, eta bestetik irabazi; hori ere errealitate bat da eta erakutsi egingo du dokumental honek. Japonian, Australian, Italian, Mexikon zein Ameriketako Estatu Batuetan Euskal Herriarekin harremanik ez duten Euskara ikasle mordoa dago. Euren testigantza jaso eta ikasketa horien lekuko izango gara. Etiopiako misio batean, Indiako beste batean, 50 edo 60 urte lanean igaro dituzten misiolariek, nola heldu diote Euskarari gaur egun arte?

Euskararen presentzia honen atzean istorio ederrak daude kontatzeko eta ez dira alboan geratuko. Gure gizartearen historiaren zati bat testigantza horietan baitago. Euskaldunak bidaiari eta migratzaile sutsuak izan gara azken mendean. Hainbat ingurutan gure presentziarekin Euskal Herriaren eta Euskararen ezagutza hedatuz. Dokumental honen bidez bi bide ibiliko ditugu, migrazioaren bidea batetik, Euskaren Munduko mapa hori zeharkatuko dugu, alegia, eta era berean itzulera bidai ere burutuko dugu. Testigantza eta istorio guztiak gure Euskal Herrira bueltan ekarri eta ikus-entzunezko kontakizun honetan bilduta, ikuslegoaren aurrean kokatu.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!